Easyjet, nazioarteko hegaldiak egiten dituen Londresko aire konpainiak, ekainaren 17tik aurrera, Bilbo eta Manchester hirietako lotura zuzena izango duten hegaldiak eskainiko ditu, AENA Espainiako agentziak adierazi duen eran.
Orain arteko Erromako Fiumicinorako, Londresko Stanstederako, eta Ibizara zuzendutako hegaldiei, Erresuma Batuko hegaldia gehituko dio konpainiak, bere ibilbideak zabalduz.
Hiru hegaldi
Lotura berriko hegaldiak astean hirutan aterako dira bi aireportuetatik, astearte, ostiral eta igandeetan, hain zuzen. Ordu bete eta bost minutu iraungo du bidaiak.
Astearte eta ostiraletan, Manchesterrerako hegaldiak 19:55ean abiatuko dira. Igandetan, berriz, ordu bete beranduago aterako dira. Erresuma Batutik Bilbora bueltatzeko, berriz, 16:05ean hartu ahalko da hegazkina astearte eta ostiraletan; eta igandeetan, berriz, ordu bete beranduago izango da.
«Aire konpainiarentzat merkatu garrantzitsua da inguru hau, horregatik ari gara ibilbideak zabalduz», Francois Bachetta Easyjet konpainiaren Europa hegoaldeko zuzendariaren arabera.
Ibilbide berriarekin, modu azkarrean bidaiatzeko hautua egiten duten negozio bidaiarien beharrak asetzeko asmoa azaldu du zuzendariak, «zerbitzu ona eskainiaz prezio duinean».
Bestetik, oporretara doazen bidaiarien eskaerei erantzun egokia ematea da konpainiaren beste helburuetako bat, «Manchesterrek kultur eta turismo interes handia baitu», Bachettaren arabera.
Prezioen gorabeherak
Ibilbide berria egin nahi duten bidaiarientzat txartelak salgai daude jadanik. Atzo bertan jarri zituzten salgai bezeroentzat Bilbotik Manchesterrera joateko bidaia txartelak.
Kostu bajuko konpainiak ezarritako prezioei dagokionean, egun zehatz edo jai egunetan balioek gorantz egingo dute. Aurrez hartu gero, bataz beste, 28 eurotik hasi eta 60 euro ingurura bitartean eskuragarri daude ibilbide berrirako bidaia txartelak.
Easyjetek Bilbo eta Manchester lotuko ditu
Ekainaren 17tik aurrera, Bilbotik Manchesterrerako hegaldiak eskainiko ditu Easyjet konpainiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu