Edalontzia jaso eta topa egin

Txikiteroen zaindaria da Maritxu Kajoi, eta batek baino gehiagok topa egingo du bihar Arrasaten haren omenez

Bixente Merino
2010eko irailaren 30a
00:00
Entzun
Aldaketa handirik gabe dator Maritxu Kajoiren festa, baina horrek ez du gogogabetuko jendea, eta, beti bezala, dotore jantzita irtengo dira Arrasaten (Gipuzkoa) Maritxu goratzeari. Duela 33 urte, txikiteroen zaindari izendatu eta haren eguna ospatzen hasi ziren. Ordutik, milaka erromes biltzen ditu bere magalean. Baina Maritxuren debozioa ez da Arrasatekoa bakarrik, eta haren arrakasta, mugak zeharkatu, eta beste herrietan hedatzen hasi da, eta horren lekuko dugu Migeltxo Kajoi, Iurretan ospatuko dutena.

Txikiteroen ohiturak aldarrikatu eta defendatu nahi dituzte Maritxu Kajoiren fededunek gaur egun. 70eko hamarkadaren amaieran -ohitura hori sortu zutenean- baino ardozale gutxiago badago ere, garai haietan egindako promesak indarrean dirau oraindik.

Aurreko ostiraleko bederatziurrenak, erraldoi eta kilikiak omentzeko ez ezik, jendea girotzeko ere balio izan zuen. «Kulturgintzako eragile bat omentzen saiatzen gara, eta, erraldoi eta kilikien 25. urteurrena zenez, beraiek omendu ditugu», adierazi du Maritxu Kajoi batzordeko kide Haritz Zubiatek.

Bihar, berriz, etxafuegoekin hasiko dute festa, goizeko zortzietan, eta hortik aurrera koadrilak kalera irteten hasiko dira, dotore jantzita eta eskapularioa zintzilik daukatela. Ikusgarria izaten da jendeak eramaten dituen jantzi eta trajeak ikustea. Dotore janztea hasierako urteetan parodia moduan egiten zutela adierazi du Haritz Zubiatek. «Lehenengo urte haietan jendea etxean zuen jantzi dotoreenarekin irteten zen. Helburua ondo pasatzea zen, eta jantzi dotoreak txantxa moduan jartzen zituen. Nolabaiteko parodia bat egin nahi zen. Gaur egun ematen du fenomeno bilakatu dela», aitortu du Zubiatek.

Eguna ondo aprobetxatuko du hainbatek; bazkari legea egin eta ordu txikiak arte luzatuko dute zaindariari egin beharreko gorazarrea. «Hasierako urteetan, jendeak afariak egiten zituen, herrian jende askorik ez zelako izaten, baina kanpoko jendea festara etortzen hasi zen heinean, bertakoak eguna gehiago aprobetxatzen hasi, eta bazkariak egiten hasi ziren», esan du batzordeko kideak.

Hedatzen hasia

Eguneko une garrantzitsuenetako bat 20:30ean izaten den lore eskaintza izaten da. Maritxuren aurrean elkartzen dira fededun eta bekatari guztiak. Ama Birjinak egiten dituen mirariak ikustera joaten dira asko, eta, bide batez, eskariak egitera. «Une berezia izaten da, lore eskaintza egiten zaiolako Ama Birjinari eta gero abestu egiten zaiolako», adierazi du batzordeko kideak.

Maritxu Kajoik duen arrakasta ikusita, beste herri batzuetan ere antzekoak antolatzen hasi dira. Hala, bihar bertan Iurretan Migeltxo Kajoi dute, eta Maritxu Kajoirekin lehiatuko da hori. Ekimen honek denetariko iritziak sortu ditu herrian, baina batzordeko kideek ondo hartu dute. «Arrasaten polemika dago horren inguruan, baina guretzat ona da, azken finean herriak antolatzen duen gauza bat delako. Beste batzuek gurearen kopia dela diote, baina guri horrelako festa egun bat antolatzea ondo iruditzen zaigu», azaldu du Zubiatek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.