Estibaliz Apellaniz. Geologiako doktorea

«Edonork ulertzeko moduko liburuak egiten saiatu gara»

2012ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Euskal Herriko Unibertsitateko zientzia eta teknologia fakultateko estratigrafia eta paleontologia saileko burua da Estibaliz Apellaniz. Urteak daramatza Zumaiako flyschetako arrokak ikertzen. Orain, urte hauetan lorturiko jakintza jendeari zabaltzea erabaki dute Apellanizek eta beste lau doktorek. Bi liburu argitaratu dituzte horretarako, elkarren osagarriak. «Askotan, zientzialariok gure baitan bilduta egoten gara, eta ahaztu egiten zaigu gizarteari erakutsi egin behar diogula egiten duguna». Horixe da liburu hauen helburua: jendeak Zumaiako flyscha ezagutzea.

Zergatik dira bereziak Zumaiako Flyschak? Zer erakusten dute?

Flyschak arroken segidak dira, eta arroka bigunak eta gogorrak tartekatzen dituzte. Noski, ez da Zumaiaren parean bakarrik agertzen. Bizkaiko kostaldean ere azaleratzen da. Baina Zumaiakoak berezitasun bat du: zazpi kilometrotan zehar, bost mila metroko segida ikus daiteke ia jarraian. Flyschetako arrokek munduaren historia erakusten duten entziklopedia bat osatzen dutela onartzen badugu, Zumaiako flychsek osatzen dute orrialde gehien dituen entziklopedia, eta horrek informazio zabala lortzeko bidea ematen digu. Horregatik da hain interesgarria.

Jende asko erakartzen al dute Zumaiako Flyschek?

Bai. XIX. mendean hasi ziren kostalde hau aztertzen orduko geologoak; besteak beste, Donostiako Munibe institutuko Joaquin Gomez de Llarena natur zientzietako irakaslea. Hasierako ikerlari horiek eman zuten Europan Zumaiako flyschen berri. XX. mendean, nazioarteko hainbat ikerlari etortzen hasi ziren. Nabarmentzekoak dira, esaterako, 50eko urteetan Alemaniatik etorri ziren zientzialariak: Dietrich Herm eta Alex von Hillebrandt. Horren ostean, Euskal Herriko Unibertsitateak hartu zuen ikerketa horien lekukoa, 70eko urteetan, unibertsitatean zientzia lantzen hasi zenean. Geologook erabaki genuen, bertakoak izanda, geuri zegokigula Zumaiako flyschak ikertzea. Ordutik, hainbat tesi egin dira gaiaren inguruan.

Zenbat urtetako ikerketa lanaren emaitza da orain kaleratu duzuen lana?

Xabier Orue-Etxebarriak mikropaleontologiari buruzko tesia egin nahi zuen. Hillebrandten tesia irakurri zuen orduan, eta idatzi egin zion, antzeko zerbait egin nahi zuela esateko. Hillebrandtek zuzendu zuen Orue-Etxebarriaren tesia. Ordutik, haren ikasle izan ginenok ikerketarekin jarraitzea erabaki genuen, eta Flyscharen alderdi askotarikoak ikertu. Hortaz, 30 urtetik gorako ikerketa lana da.

Noiz erabaki zenuten orain arte bildutako informazioa bildu eta liburua kaleratzea?

Askotan, zientzialariok gure baitan bilduta egoten gara; ikuspegi globala galtzen dugu, eta ahaztu egiten zaigu gizarteari erakutsi egin behar diogula egiten duguna. Horregatik erabaki genuen liburua kaleratzea, jendeak Zumaiako flyscha ezagutzeko. Saiatu gara edonork ulertzeko moduko hizkera erabiltzen. Liburuak ez ditu goi mailako emaitzak agertzen, jendearentzat, beharbada, ez direlako interesgarriak. Ikuspegi globalagoa eman nahi izan diogu.

Bost ikerlariren artean egin duzue lana. Nola banatu duzue?

Kanpoko ikerketetara denok batera joaten ginen: argazkiak atera, neurriak hartu, laginak hartu... Liburua ekoizteko, ordea, bakoitzak zati bat egin du. Nik, esaterako, fosilei eta geomorfologiari dagozkien atalak egin ditut. Amaieran, denon artean zuzendu genuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.