ATZEKOZ AURRERA. Mireia Segura. Ehungintzako artista

«Edozein sentipen azal daiteke ehunarekin: poza, ilusioa, tristura...»

Beste hamabi emakumerekin batera, 'Haria galtzen' erakusketan ari da parte hartzen Segura. Ehunaren eta zuntzaren balioa aldarrikatu nahi dute, eta horretarako ere hainbat tailer egingo dituzte.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Donostia
2016ko urriaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ehunaren alde funtzionala eta artistikoa lantzen ditu Mireia Segura artistak (Zarautz, Gipuzkoa, 1968). Biek betetzen dute, baina «askatasun gehiago» sentitzen du artea egiteko erabiltzen duenean. Ehuna berrerabiltzea baino gehiago, transformatzea gustatzen zaiola dio. Horren guztiaren emaitza, Haria galtzenerakusketarako egin duen artelana. Bertan, sumendi bat irudikatu du, eta, horretarako, besteak beste, bere seme-alaben haurdunaldian erabili zuen jertse baten zatiak erabili ditu. Erakusketa abenduaren 11ra arte dago Donostiako Kristinaenea parkeko Ingurumen Baliabideen etxean.

Haria galtzen da erakusketaren izena. Zuk, ordea, ez duzu galdu amaren haria.

Halaxe da. Duela hamar bat urte hasi nintzen ehungailuan ehuntzen, autodidakta moduan. Orain,jostun batekin ikasten ari naiz, teknika fintzea beharrezkoa delako. Baina niretzat ez zen mundu ezezaguna. Etxean, amak asko josten zuen, eta arropa berrerabili egiten zen:anai-arreba batetik bestera pasatzen genuen, eta konpondu egiten genuen. Amak, gainera, gorde egiten zituen jada erabiltzen ez genuen arroparen botoiak eta kremailera, beste batzuei jartzeko. Gainera, kristalak garbitzeko, arropa zati zaharrak erabiltzen zituen.

Kasu honetan, obra bat egin duzu. Ehunarekin artea egin daiteke?

Erakusketa ikustea besterik ez dago. Hemen pieza batzuk daude erabat funtzionalak direnak, baina beste batzuk, artistikoak. Hori da erakusketan bildu garen artisten helburua: erakustea ehunarekin eta zuntz begetalarekin artea egin daitekeela. Eskuekin egin ditugu hemen ikusgai jarri ditugun lanak, baina ez dira eskulanak: artea dira, adierazteko modu bat. Poza, tristura, ilusioa... edozein sentipen azal daiteke ehunarekin.

Sumendi bat egin duzu. Suak, ordea, ehuna erratzen du. Zer adierazi nahi izan duzu horrekin?

Nahiago dut erakusketa ikustera datozenek esatea hori. Aspalditiknuen buruan sumendi bat egitea. Otsailean Nikaraguan egon ginen. Han sumendi asko dago. Aterki bateko ehunarekin eta nire bi haurdunaldietako jertse baten ehunarekin egin dut, besteak beste. Etxeko arropa zaharrak dira erabili ditudan gehienak.

Eta egurra, zergatik?

Niretzat, egurra lurraren adierazle da. Indar handia duen material bat da. Zerbait indartsua egin nahi izan dut, eta sumendi batek horixe du lehertzen denean: indarra.

Etxeko armairua ireki edo arropa denda batera joaten zarenean ere artelanetan pentsatzen duzu?

Lanbidearen aje kontua da.Ehunekin eta zuntzekin jolastea gustatzen zait, eta horiek eraldatzea, zerbait berria sortuz. Berrerabiltzea baino gehiago, transformatzea gustatzen zait. Hori ere adierazteko modu bat da. Askotan pentsatzen dut: «Zer egin ahal izango nuke jantzita daramadan arroparekin?».

Zure seme-alabek ere ikuspegi hori dute? Izan ere, artelanari lotuta ikus daitekeen argazki bilduman haien eskuak ere ikusten dira.

Bai, hori izan baita etxean ikusi dutena, eta gustatzen zaie halako artelanak eta piezak egitea. Alaba, gainera, nirekin hasi da josteko eskolak hartzen. Gehiago kostatzen zaiena alde funtzionala da. Izan ere, ez da horren dibertigarria. Nahiko nuke beren arropa konpontzeko eskatzea. Baina gaztetxoak gehiago mugitzen dira modagatik.

Zerk betetzen zaitu gehiago: ehunarekin zerbait funtzionala edo artistikoa egiteak?

Nik egunerokoan gauza funtzionalak egiten ditut, eta saldu. Mimo eta diziplina handiz egiten dut, gainera. Baina alde artistikoak asko betetzen nau, nahi dudanean eta askatasun osoz egin dezakedalako.

Ehuna gero eta gehiago berrerabiltzen al da?

Nik uste dut ehuna birziklatzea gauza nahiko berria dela, eta egiten ari garela urratsak. Orain arte lortu denari baino gehiago, egiten ari den lanari emango nioke nik balioa. Etxe honetan bertan egiten ari da, Kristinaenean bertan, ikastaroen eta abarren bidez.

Krisiak laguntzen du halako egitasmoak gehiago sustatzen?

Uste dute lagun dezakeela. Hor dago, adibidez, arropa konpontzeko ikastaroak izaten ari diren arrakasta. Arazoa da birziklatzeak eta berrerabiltzeak denbora eskatzen duela, eta jendearentzat denbora kostu bat da. Baina ez dira konturatzen denbora dela doan dugun gauza bakarra. Gaur egun, nahiko prezio merkean eros ditzakezu hainbat dendatan kamisetak eta halakoak, eta jendeak erosi egiten ditu, konpondu edo berrerabili ordez. Bainajantzi horiek atzetik duten kostua handia da: ume asko daude esplotatuta, adibidez, horiek egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.