Oihala ireki denean publikoaren txalo zaparrada ozena entzun da gela osoan. Barañaingo (Nafarroa) auditoriuma leporaino bete da Jaso ikastolaren musikalaren estreinaldirako. Goizean, ikastolako ikasleek izan dute musikala ikusteko aukera eta, arratsaldean, 19:00etan, publiko guztiari eskainiko zaio. Aurtengo obrak Itzalpean du izena, eta Jaso ikastolaren hamahirugarren musikala da.
«Errudun al da Bittor Gartzia?». Zalantza hori botata hasi da emanaldia. Oholtzaren erdian eta tribuna baten atzean epailea agertu da, auzitegi baten dekoratua atzean duela. Epaiketa batean dira, eta Bittor Gartzia politikaria epaitzen ari dira. Azken hauteskundeetan iruzur egitea leporatzen diote: botoak manipulatu izana, alegia. Epailea sententzia irakurtzen ari denean eta errudun aitortu behar duen unean, ahots batek ozen oihukatu du: «Deklarazio bat egin nahi dut! Bittor Gartziari leporatzen zaion salaketan geure burua errudun deklaratu nahi dugu». Aitortza horrek hankaz gora jarri du gela osoa, eta guztiz aldatu du istorioaren norabidea.
Jokabide desegokiak
B-Berriak komunikazio agentziako langileak dira Izar Otxoa eta Aratz Uriaga. Euren burua erruduntzat jo dutenez, B-Berriak agentzia zuzendaririk gabe geratu da. Orduan, Gartziak bere alaba izendatu du enpresaren zuzendari, eta errotik aldatu ditu egunkariaren politika eta ildo editoriala. Alabak bere aitaren alderdiaren mesedetan erabili nahi du egunkaria, eta kazetaritzaren legeak ezbairik gabe urratzeko asmoa du hori lortzeko.
Agentzian lanean ari diren kazetariek, ordea, ez dute hori onartu. Argi utzi dute hori Gure izenean abestia kantatuz: «Ez gure izenean!». «Haien negozioak indartzeko ez ditugu argitaratuko gure izenean» kantatu du batek. «Iruzurrak gelditzeko ardura gurea al da? Bai!» esan du beste batek. Zulogunean dagoen orkestrak musikaz lagundu du ikuskizuna, zuzendari baten gidaritzapean.

Jaso ikastolako ikasleek osatu dute orkestra, baina badira ikasle ohi batzuk ere: «Guk ere musikalean parte hartu genuen, eta ilusio handia egin zigun orkestran egoteko proposamena egin zigutenean», adierazi du Oihan Villalobosek, ikastolako ikasle ohi batek. Villalobosek tronboia jotzen du. «Musikala berriro ere bizi ahal izateko aukera eman digu, beste modu batera, baina ilusio berdinaz».
Obra bukatutakoan, emozioa agerikoa zen parte hartzaile guztien aurpegietan: «Oso hunkituta nago, eta, batez ere, oso harro gure ikasleez, eta urte osoan egin duten lanaz», adierazi du Imanol Janicesek, musikalaren zuzendarietako batek. Urte osoan egon dira lanean obra prestatzeko. Hain zuzen, astelehenean bertan hastekoak dira datorren urteko ikuskizuna prestatzen. «Ordu asko eman behar dira musikala prestatzen, inplikazio handia eskatzen du; denek gogo handia jarri dute eta bete-betean sartu dira proiektuan, haiena dela sentitu dute», esan du Janicesek.
Urriaren 9an Baluarten eginen dute emanaldia, eta, ondoren, Tuteran ere izanen dira. Dena dela, Jaso ikastola ez da aste honetan arte eszenikoetan murgildu den ikastetxe bakarra. Igandean, Alaitz institutuak Sustraiak. Garenaren oihartzuna musikala aurkeztuko du Barañaingo auditoriumean. Batxilergoko lehen mailako ikasleek prestatu dute obra.