Maite dituzte, ilargiraino eta bueltan. Diziplina askotako artistak bildu dira Barakaldoko (Bizkaia) Bizkaia Arena aretoan gaur, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoei omenaldia egiteko. Berrehun parte hartzaile baino gehiago elkartu dira, helburu berarekin guztiak: urte hauetan guztietan egindako lanarengatik eskerrak eman nahi dizkiete pailazoei, eta maite dituztela esan. Argi dute: emandako maitasun guztia itzultzeko, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek horrelako herri omenaldi bat merezi dute, gutxienez.
Itziar Ituño, aktorea

«Eman diguten maitasun guztia bueltatzeko garaia da. 'Sentitu, pentsatu, ekin' esaten dute haiek, eta hori egiten irakatsi didate. Musika arloan ere kanta mitikoak eman dizkigute, eta horiekin elikatzen ibili gara herri honetako umeak, baita helduak ere».
Eñaut Elorrieta, musikaria

«Pirritxek, Porrotxek eta Marimototsek hainbat gai ekarri dituzte kantura, eta abesti horiei esker aukera izan dugu gero gure seme-alabekin hitz egiteko eta gai horiek komentatzeko. Oso eskuzabalak izan dira: asko eman dute, eta ikusten ez diren hainbat errealitate eta borrokaren erakusleiho izan dira. Niretzat, gainera, aberatsa izan da haiekin lan egitea, ezagutzen ez nituen hainbat elkarte eta errealitate ezagutzeko aukera eman didatelako».
Lide Hernando, musikaria

«Gutxienekoa da horrelako emanaldi baten bidez maitasun hori itzultzea. Xalala, riki-riki abestiaren garaikoa naiz ni, eta ondo gogoan dut garai hori. Ikastolara urtero-urtero etortzen ziren. Txikitan, gogoratzen dut beldurra niola Porrotxi, baina orain pila bat maite dut».
Sambou Diaby, aktorea

«Oso garrantzitsuak dira gizarte honetan. Ikusgarritasuna ematen diete munduan gertatzen diren auziei eta ezberdin sentitzen direnei. Niretzat, oso abesti kutuna da Maite zaitut. Eskola txiki batean ikasi nuen nik, Oikian [Zumaia, Gipuzkoa], eta ia egunero jartzen genituen Pirritx eta Porrotxen abestiak».
Lur Errekondo, herri kirolaria eta telebista aurkezlea

«Hainbeste eta hainbeste urtean, hainbeste eta hainbeste haur eta heldu bildu dituzte. Askotariko mezuak helarazi dituzte, hizkuntza zapaldu eta minorizatu bat erabiliz. Gozotasunez, komunitate bat izatera bultzatu gaituzte, euren antzezlanetan eta euren funtzio guztietan. Egindako lanarengatik, horrelako omenaldi bat merezi dute, gutxienez».
Iker Galartza, aktorea eta Gure Zirkuaren sortzailea

«Gu geu garen bezalakoak gara, Pirritx, Porrotx eta Marimototsi esker. Umeak garenetik aldatu behar dugu gizarte hau. Eta horixe egin dute haiek: gizartea hobetu. Gaurkoa ikusi besterik ez dago: festa honetan denok dugu tokia. Kolore guztietako jendea gaude, denak bat hartuta, denak elkar hartuta. Hau da herria egitea».
Kai Nakai, musikaria

«Oso garrantzitsuak dira, txikitatik gurekin egon dira, eta poztasun handia eman digute. Irakatsi digute denok garela berdinak, eta pertsona guztiak berdin maitatu behar ditugula. Hau da: inor ez dela beste inor baino garrantzitsuagoa».
Jon Maia, bertsolaria

«Asko eman digute belaunaldi askori, baita euskarari ere. Euskara balioei lotuta beti. Beti harago eraman dute umeen kantagintza. Euskal iruditeria bat sortu dute, behar-beharrezkoa, herri izan gaitezen. Nik lagun harremana dut haiekin: urtean behin sagardotegira, tartean bazkaltzeko elkartu... Askotan pentsamenduak eta ideiak partekatzen ditugu. Bai intimoki, bai kolektiboki, hemen egon behar dudala uste dut».
Albina Stardust, drag artista

«Haiek ikusita hasi nintzen zirkua egiten. Ni beti izan naiz oso pailazozalea, eta hiru urtez ibili nintzen zirkuan. Beti esaten dut: trabestismoa eta pailazo izatea oso antzekoa da. Beste modu batean, baina helburua bera da, eta egiten duguna oso antzekoa. Beraz, hein batean, haiek bultzatu naute honetara».
Uxue Alberdi, idazlea

«Hainbeste urtean jendearengandik hurbil egoten saiatu dira, eta kolektibo pilo batekin lan egin dute, euskararekin konpromiso handiz, baita beste hainbat borrokarekin ere. Askok dugu harreman pertsonala beraiekin, eta hori ez da kasualitatea. Saltsa guztietan ibilita, etxeko bihurtu dira. Nire bizitzako lehenengo bertsoak Amona Josefina-ren doinuan egin nituen, 9 urte nituela».
Aner Peritz, bertsolaria eta BERRIAko kolaboratzailea

«Bereziki pozik nago. Nire haurtzaroaren parte dira, eta orain aukera dut eman didatenaren parte txiki bat haiei itzultzeko. Ondo gogoan dut Marimotots gaixotzen zen ikuskizuna; oso hunkigarria zen niretzat. Ane Pirata abestia entzun dudanean ere oroitzapen asko etorri zaizkit. Gogoratzen dut urte askoan nire kanta faboritoa eta gehien entzuten nuenetako bat izan zela».
Maialen Lujanbio, bertsolaria

«Plano askotan lan handia egin dute. Irakatsi digute gure ingurura begiratzen modu oso abegikor, sentikor, integratzaile, eder eta pozgarri batean. Horrek euskal gizarteari sentsibilitate bat eman dio, ideologia bat, eta gauzak ikusteko modu bat. Hori sorkuntzatik egitea, eta hainbat talderekin elkarlanean, lezio handia izan da. Badaukagu zer eskertu».