Marrazkia betidanik landu izan du Chus Matxinbarrenak (Donostia, 1956). Azken urteotan, baina, are gehiago garatu du diziplina. Orain bi urte jarri zuen lehen erakusketa, Donostiako Resaca tabernan, eta, berriki, bigarrena ikusgai jarri du, leku berean. Ekainaren 16ra arte izango ditu hantxe bere koadroak.
Marrazten dituzun paisaiek badute loturarik zure inguruarekin?
Nire irudimenetik dator egiten dudana; beraz, erlazio zuzena du nire buruan dagoenarekin. Pintatzen hasten naiz jakin gabe zer lortu nahi dudan, eta, eginez noan heinean, irudia forma hartuz joaten da.
Zure nortasuna islatzen omen da koadroetan. Zer iradokiko die, zentzu horretan, bisitariei?
Gehienek diote bakea eta lasaitasuna ematen diela. Oso koadro sosegatuak dira, eta atseginak egiten zaizkie askori.
Marra horizontal konstanteei esker lortzen al duzu hori?
Baliteke. Marra paraleloekin asko egiten dut lan, eta, ondoren, horietako bakoitzak bere forma hartzen du. Bestalde, asko baloratzen dut kolorearen konposizioa. Koloreak sobera egon ez daitezen saiatzen naiz. Aldi berean, elementuen ohiko koloreekin hausten ahalegintzen naiz, betiere, sinesgarritasunari eutsiz.
Itsasoa ere oso presente dago. Hori al duzu inspirazio iturri nagusia?
Kanpoan hartuko ez banu arnasa, ur azpian biziko nintzateke [barreak]. Txikitan Kontxako badia inguruan ibiltzen nintzenetik, inoiz ere ez naiz itsasotik aldendu. Eta, noski, horrek eragin zuzena du nire marrazkietan.
Nolatan jarri duzu erakusketa taberna batean?
Lehenengoa jarri aurretik, gustura nengoen egindako lanarekin, baina ez nekien jendeak nola erantzungo zuen. Badirudi jendeak gogoko izan zuela. Desberdina zen honen aldean; gai gehiago ukitzen zituen, eta ez zuen honek adinako batasunik, nolabait esateko. Nire pinturaren garapena erakutsi nahi nuen oraingoan, hasi nintzen leku berean.
Obren artean koherentzia gehiago izaten saiatu zara?
Oraindik eboluzio fasean nago. Lehen erakusketa apur bat esperimentala izan zen. Bigarrengoan, pentsatzen duzu jada badakizula zertan ari zaren. Ikusiko dugu ea hirugarrenak zer forma hartzen duen. Ez dut pretentsio handirik. Betidanik dut afizio hau, eta oso pozik nago, tartean behin, nire lana ikusgai jartzeko aukera izatearekin.
Koadroaren eta bisitariaren arteko harremana ere berezia izango da tabernan.
Nik badut artearekiko interesa, baina jende asko, besterik gabe, zerbait hartzera joaten da tabernara, eta koadroei erreparatu ere ez die egiten. Galerietara espresuki joaten da jendea, obrak ikustera. Obraren inguruko parafernalia ere handiagoa da. Taberna bat, zentzu horretan, ez da hain espazio arriskatua; oharkabean pasa daiteke lana.
ATZEKOZ AURRERA. Chus Matxinbarrena. Margolaria
«Eginez noan heinean, irudia forma hartuz joaten da»
Matxinbarrenak beti izan duen afizioa, margotzea, garatzeko baliatu du inoiz baino denbora gehiago izatea. «Eboluzio fasean» ikusten du bere obra, bigarren erakusketa jarri berritan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu