Salbuespenak salbuespen, gure pantailetara apenas ailegatu den Udaberri Arabiar direlakoen inguruko pelikularik. Eta bada zer konta gai horren inguruan, herrialde askotan erro komuna duten oso gertakari diferenteak izan baitituzte. Zinemaldi batzuetan haiei buruzko dokumentalen bat izan bada ere, gainerakoan orain arte egin izan diren film bakanak ikusteko aukerarik ez dugu izan.
Joera hori apurtzera dator Egiptoko Eshtebak filma. Berez, bertan kontatzen dena ez da zehazki Udaberri Arabiarretan gertatu, filma geroxeago girotuta baitago; haren ondorioak ekarri nahi izan ditu Mohamed Diabek pantaila handira.
Hain zuzen ere, 2013. urtean kokatuta dago istorioa, Mubarak botereaz gabetu zuen matxinada izan eta bi urtera. Mohamed Mursi orduko presidentea agintetik kentzeko, estatu kolpea eman zuen Egiptoko armadaren zati batek. Nazioarteak babestua izanik, kolpeak arrakasta izan zuen. Biharamunean, milaka egiptoar atera ziren karriketara, kolpea salatzeko. Horietako batzuek Mursi babestu nahi zuten; beste batzuek, berriz, demokrazia eske egiten zuten protesta. Polizia gogor oldartu zitzaien manifestariei, eta ehunka pertsona atxilotu zituen.
Espazio itogarria
Eshtebak-ek orduko gertaerak jaso ditu. Kontatzen duen istorioan, Poliziak mota eta ideologia bateko zein besteko manifestariak atxilotu eta furgoi batean sartuko ditu. Mursi presidentea babesten duten Anaia Musulmanetako kideak daude furgoian sartuko dituztenen artean, baita haiekin deus jakin nahi ez duten manifestari iraultzaileak ere. Kazetariak ere sartuko dituzte furgoian; erredaktore estatubatuar bat eta harekin lan egiten duen argazkilaria daude atxilotuen artean.
Furgoi horren barruan sortuko den nahasketa du oinarri filmak. Egiptoko mikrokosmos moduko bat balitz bezala, bertan elkartuko dira iritzi politiko eta erlijioso desberdinak eta askotan kontrajarriak dituzten pertsonaiak. Denak atxilo egonik, elkarrekin moldatzen ikasi beharko dute Poliziaren furgoiaren barnean.
Hain zuzen ere, horixe da pelikularen alderdirik nabarmenetakoa, ia osoki espazio itxi eta klaustrofobiko batean filmatuta dagoela, furgoiaren barnealdean. Muturreko hautu horren inguruan egituratu da pelikula osoa, eta horrek baldintza gogor batzuetan aritu behar izatea ekarri zien bertan lan egin zutenei, aktore izan zein talde teknikoko kide izan.
Azken lana filmatu aurretik, orain dela zazpi urte egindako 678 filmagatik zen ezaguna Mohamed Diab zuzendaria. Eshtebak filma iazko Cannesko Zinemaldian estreinatu zuten, Un certain regard sail prestigiodunean, eta, horren ostean, Valladolideko (Espainia) Semincin bi sari lortu zituen: fotografia zuzendaririk onenarena eta zuzendari berririk onenarena. Egipton ere arrakasta handia izan du filmak, nahiz eta polemika eragin duen eta hainbat sektorek gogor kritikatu.
'ESHTEBAK'
Zuzendaria. Mohamed Diab.
Aktoreak. Nelly Karim, Hany Adel, El Sebaii Mohamed, Ahmed Abdelhamid Hefny.
Herrialdea. Egipto.
Urtea. 2016.
Iraupena. 97 minutu.
Generoa. Drama.
Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Datorren asteko estreinaldiak
Egiptoko gizartea, furgoi baten barruan
Iraultzaren osteko egoeran jarri du begirada Mohamed Diab zuzendari egiptoarrak 'Eshtebak' filmean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu