Egun batez Nafarroako errege

Babaren erregearen besta eginen dute gaur Urdazubin, eta Jokin Etxart haurra izendatuko dute errege.Erdi Aroko ohitura 1931n berreskuratu zuen Muthiko Alaiak peñak

Sergio Aierra Navarro martzillarra koroatu zuten iaz Fabaren erregearen bestan; irudian mutikoa koroa janztear duela. MUTHIKO ALAIAK.
Iker Tubia.
Iruñea
2015eko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Erdi Aroko tradizioa da. Errege opila zatitu, eta haur txiroen artean banatzen zuten XIV. mendeko Nafarroan. Zatietako batek baba zuen barnean. Hura tokatzen zitzaion haurra Nafarroako errege izendatzen zuten egun batez. Ohitura horretatik dator Babaren erregearen besta. Gaur, 2015eko urtarrilaren 10ean, 1381. urtean egin zuten bezala, haur bati jantziko diote Nafarroako koroa, Jokin Etxart Berdu urdazubiarrari, hain zuzen ere.

Muthiko Alaiak peñak antolatzen du Babaren erregearen besta. Herriz herri ibili dira haurrak koroatzen, tokia aldatu egiten baitute urtero. 1964an egin zuten lehenbiziko aldiz Iruñetik kanpo, eta ordutik Nafarroako 51 herritan izan dira. 52.a Urdazubi izanen da. Ekaitz Suñen antolatzaileetako bat da. Azaldu duenez, herriek beraiek egiten diote eskaria Muthiko Alaiak peñari. Hala, peñaren eta eskatu duen udalaren artean antolatzen dute besta. «Herriek duten aurretiko joeraren arabera izaten da». Batzuetan historiako gertakariekin lotu dute besta, tokia eta gertaera baten data batuz. Halaxe egin zuten, adibidez, 2012an, Nafarroako konkistaren bosgarren mendeurrenean. Horregatik aukeratu zuten Amaiur.

Urtero toki ezberdinean egiten bada ere, besta bera izaten da. Goizean animazioa prestatzen dute herriko kaleetan: «Herriari bizia ematen eta girotzen saiatzen gara», esan du Suñenek. Eguerdian pregoilariak errege koroatuko duten haurraren izena zabaltzen du herrian barna mezu ofiziala irakurriz. Dantzak eta musika izaten dira, baita Erdi Aroko merkatua eta zaldunen arteko borrokak ere.

Unerik garrantzitsuena arratsaldean da. Gaur, 18:30ean segizioa Xalbatore parrokiara abiatuko da koroatze zeremonia egiteko. Han izanen dira Nafarroako Erregea, Nafarroako Blanca eta Vianako printzea. Haiekin batera Nafarroako gorteak osatzen zituzten estamentuak: infantzoiak, nobleak eta kleroa.

Antzezlan bat da, baina ongi dokumentaturikoa. Suñenek esan duenez, Karlos III.a koroatu zuteneko zeremoniako paperak gorde egin ziren, eta haiek dira orain erabiltzen dituztenak. Estamentuek haurrari zin egiten diote, eta haurrak erregeari zin egiten dio foruak eta herriaren askatasuna defendatuko dituela. Babaren erregea goratuz bukatuko da ekitaldia. Egun batez erregearen sinboloak haurraren esku izanen dira —koroa eta makila—, baita jantziak ere.

Hor ez da besta bukatuko, baina. Koroatzearen ondoren dantzak eskainiko dizkiete segizioari, eta gero berriz ere herriko kaleetan barna ibiliko dira. Gauean afaria izanen dute parte hartzaileek. Hain zuzen ere, Erdi Aroko menua prestatuko dute, bestaren giroarekin bat egiteko asmoz.

Baleztenak berpiztua

52. aldia izanen da aurtengoa, baina lehenagotik ere egiten zen. Erriberrin egin zuten Iruñetik kanpoko lehenbiziko besta. «Fiterotik Urdazubiraino, Nafarroako herri askotan egon gara», esan du Suñenek. Erdi Aroko tradizioa Ignacio Baleztena Muthiko Alaiak peñaren sortzaileetako batek berpiztu zuen. 1931. urtean izan zen. Orduan peñak Iruñean duen egoitzan egiten zuten koroatzea. Hautagaiak, Erdi Aroan bezala, haur txiroak izaten ziren. Garai hartan Miserikordia Etxea ez zen zaharren egoitza soilik, haurrak ere zaintzen zituzten. Haiei banatzen zieten Errege opil babaduna, eta lekalea aurkitzen zuena izendatzen zuten errege.

Gaur egun, Babaren erregearen bestan parte hartzen duten haurrak ez dira txiroak. Ez da baldintza hori jartzen. Herriko haurren artean egiten da zozketa, 10 eta 12 urte bitarteko gaztetxoekin, hain zuzen ere. Besta baino hilabete lehenago egiten da opilaren banaketa. Aurtengo ospakizunerako zozketa abenduaren 13an egin zuten, Urdazubin bertan. Hamar haurrek jan zuten opila, eta Axulargain etxeko gaztetxoak lortu zuen baba.

600 urte baino gehiago dituen tradizioa da, beraz. Tibaltarrek ekarri zuten usadioa Nafarroako Erresumara. Tibalt I.a 1234tik 1253ra izan zen errege, eta II.ak 1270. urtera arte agindu zuen Nafarroan. Ospakizunaren lehenbiziko data ezaguna 1381. urtekoa da. Ordutik, 634 urte igaro dira.

Nafarroaren konkistaren ondoren ere haurrak koroatu ziren. Gorteetatik kanpo, enperadore izendatzen zuten haurra, eta familietan ere egiten omen zuten. Haurraren koroatzea oihu eta zarata handiarekin ospatu ohi zuten, eta horrexegatik, 1765. urtean Nafarroako Errege Batzordeak «manifestazio zaratatsuak» debekatu egin zituen, isun handien mehatxupean.

Ohitura batzuk, beraz, gorde edo berreskuratu egin dira Nafarroan. Orain herriz herri egiten da, helburu nabarmen batekin: «Besta ibiltaria egiten hasi ginen tradizioa Nafarroa osoan ikus dadin». Aurten ere Nafarroak izanen du errege.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.