Sanferminak Iruñean. Fermin Valencia. Musikaria

«Egun dauden musika emanaldiek ez dute islatzen hemengo kultura»

Nafarroako bakarlaririk ezagunetarikoa da Fermin Valencia. Berrogei urte baino gehiago daramatza gitarrarekin, oholtza gainean kantari, memoria historikoaren defentsan beti.

K Saioa Alkaiza(h)
Iruñea
2012ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Nafarroako kateei, German Rodriguezi edo Maravillas Lambertori. Memoria historikoari kantatzen dio Fermin Valenciak (Iruñea, 1948). Berrogei urte baino gehiago daramatza oholtza gainean, eta oraindik ere abesten jarraitzen du.

Noiz hasi zinen bakarlari?

1965ean, mendi taldeko lagunek animatuta. Orduan kantatu nuen aurreneko aldiz jendaurrean.

Gogorra zen frankismo garaian musikaria izatea?

Pentsa, nire lehenengo isunak Francoren garaikoak dira.

Beti kantatu duzu gizartearen arazoeiburuz.

Herri honen gatazkak eta justizia sozialak markatu dituzte nire hitzak. Herrialde honetan aski arrazoi daukagu justizia sozialaren alde borrokatzeko, askatasunaren alde borrokatzeko. Kantua da nik aukeratu dudan borroka moldea. Nire ideiak hizketan baino hobeki adieraz ditzaket abesten.

Memoria historiakoaren gaiak bereziki hunkitzen al zaitu?

Memoriarik gabeko herria hiltzen ari den herria da, ahanzturan geratuko dena. Oroimena bizirik dagoen bitartean, herria aberasten ari da, herritarrak ikasten ari dira. Pasa zenaz ikasten dute, geroa eraikitzeko iragana begiratzen jakin behar delako. Denon zeregina da memoria historikoa defendatzea. Euskal Memoria taldean nago. Herri honen memoriaren alde dihardugu.

Sanferminetan German Rodriguezen gaia garrantzi handikoa da. Zuk urtero parte hartzen duzu ekitaldian.

Nik German Rodriguez ezagutu nuen. Gure lehen euskara ikastaroa batera egin genuen. Gainera, lagun talde berberarekin ibiltzen ginen batzuetan. Gertatutakoa lazgarria izan zen, sekula ahantzi ezin den erailketa. Horregatik parte hartzen dut beti.

Kantatzen hasi zinenetik asko aldatu al dira sanferminak?

Lehen bertako jendea biltzen zen, hemengoak, euskaldunak. Iruñeko jendea etortzen zen, eta gertuko herrietakoak ere bai, baina ez zegoen egungo masifikaziorik. Ematen du sanferminetan dena libre dela; kalean pixa egitea, jazartzea... baina hori ezin da onartu. Sanferminetan ez da inoiz halakorik gertatu, eta ezin da zabaldu irudi hori.

Turismoan pentsaturik prestatzen al dira?

Jai honen berezko izaera gutxietsi dute.

Eta, hala ere, sanferminzalea zara?

Iruñeko festak herrialde txiki honetako festak dira; gustatzen zaizkit. Erraza da giro ona topatzea eguneko edozein momentutan. Dena den, herrietako festak gehiago gustatzen zaizkit.

La Jarana peñak urtero Urrezko Bonboa izeneko saria ematen dio Iruñean bereziaizan den pertsona bati. Aurten zuri eman dizu.

Sariarekin batera oparitu zidaten La Jarana peñako zapi urdina, eta aurtengo sanferminetan ez dut besterik jantziko.

Zer egiten duzu festetako egun arrunt batean?

Ez dut parranda askorik egiten; dena den, kalera joaten naizenean, Jarauta 69 txarangarekin irteten naiz; bestela, lagunekin. Poteatzea gustatzen zait, eta hitz egitea ere bai. Zezenketak ez zaizkit gustatzen, eta ez naiz oso gautxoria ere: nahiago dut egunez aurki daitekeen Iruñea.

Musikaria izanda, kontzertu asko ikusten al dituzu?

Egun dauden musika emanaldiek ez dute hemengo kultura islatzen. Ez dago hemengo deus, euskal kultura tokirik gabe utzi dute. Udalak Euskal Herriko taldeak ekarri beharko lituzke.

Gora Iruñea!-ko programan hemengo taldeei aukera ematen zitzaien.

Gora Iruñea!-ri ez diote utzi karpa jartzen, eta herri egitarau bikaina zeukan antolatuta. Inposa-keten bidez euskal kultura suntsitu nahi dute, pixkanaka- pixkanaka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.