Patxi Uharte. Komikigilea

«Egun dauzkadan liburuen laurdenak izan nahi nituzke»

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Iruñea
2011ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Praktikoa da arrazoia hein batean, estetikoa ere bai beste batean, baina zientifikoa da Patxi Uharte komikigilearen (1966, Faltzes) liburutegiaren antolaketaren irizpide nagusia. «Sailka daude antolatuta liburuak, argitaletxearen arabera, eta ordenan. Ez da nire kontua, Anitarena [Unanue] baizik. Hona bizitzera etorri zenean antolatu zuen dena. Eta metodo hau da, dioenez, liburuetan hautsa ez pilatzeko modurik onena. Hautsaren kontrako sistema bat da».

Teknologikoa da Uharteren diskurtsoa, halere. Liburuzalea da, gustuko du bere liburutegia, baina haren desagerpenaz mintzo da. Jose Luis Borges idazle argentinarraren obra guztia biltzen duen liburua hartu du adibidetzat. «Zertarako hau, adibidez? Ipuin laburrak dira gehienak. Ordenagailuan izango banu, aski nuke kontsultatzeko. Digitalaren alde nago ni, nire etorkizuna hori izango da».

Kasualitatea izan da Borges hautatu izana, baina baita bitxia ere. Idazle argentinarraren ipuinen hotsa du, izan ere, Uhartek liburutegiari buruz dioenak. Liburuak kendu eta kendu, baina loditzen jarraitzen du bere bildumak. Bere borondatearen aurka sortutako liburutegia da Uharterena. «Gauza onak gorde egin ditut, eta besteak bota. Asko bota ditut. Manuel Vazquez Montalban idazlearen Carvalho pertsonaiak bezala egin behar nuke, sua pizten dudan aldiro, liburu batzuk erre. Hemen dudanaren laurdena izatea da benetan nahi nukeena».

Bestelakoa da bere jarrera komikiekin. «Komikiak eta eleberri lodiak beti irakurriko ditugu paperean, baina kontsulta liburuak eta gisakoak, denak digitalizatuta edukiko ditugu. Komikien kasuan, badira inpresioarekin lotutako zenbait bereizgarri. Inprentarekin lotutako zenbait teknika, adibidez, paperean dute sorburua eta paperean bakarrik goza daitezke». Nostalgiarik ez, halere.

Poesia, zientzia eta zientzia fikzioa, historia, komikiak... elkarrekin ditu denak. Apaletan, eta geldi samar, onartzen duenez. «Gainbegiratu egiten ditut jadanik irakurrita dauzkadanak. Altxorraren uhartea da salbuespena, etengabe irakurtzen dut». Tardiren komiki liburu batekin dabil eskutan; Tardi du autore kutunetariko bat. «Begira, Parisko Komunari buruzkoa da, eta polizia euskaldun bat da protagonistetariko bat. Euskal makila bat dauka, eta euskarazko esaldi bat ere botatzen du: 'Hitza hitz!'. To eta no! Hor esaldia».

Lan luzeekiko miresmena

Jesusi buruzkoak dira orain mahai gainean dituen liburuetariko bi. Jose Antonio Pagolaren Jesús, bata; Benedikto XVI.a aita santuarena, bestea. «Pagolarena, oso ona, eta Benedikto XVI.arena, oso aspergarria. Liburu dendan, galdera egin nion saltzaileari: 'ez duzu jakingo autorea liburuak sinatzera etorriko den, ezta?'. Deituko nindutela esan zidan. Orain arte ez du egin».

Liburutegiaren gela berean du ordenagailua. Hor egiten du lan. Pantailaren aurrean, liburuei bizkar emanda. Tirak egiten ditu, batez ere, eta miresmenez mintzo da, horregatik, atzean lan handia duten lanez. Erromaren historia ilustrazio bidez azaltzen duen liburukotea da adibidea. «Ikaragarrizko lana da hau, eta hogei euro balio du! Honek ez du preziorik. Kristoren lana da. Hogei euro ez da deus!». Orriz orri, paperezko liburuen alde eta kontra, paper batetik bestera saltoka dabil Uharte bere liburutegian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.