Egun handia txikienentzat

Haurrek hartu zituzten atzo Gasteizko kaleak, jaiek eskaintzen dieten egunean. Plaza Berria jendez bete zen, Zeledon Txikiren eta Neska Txikiren jaitsieran. Eguna «salto eginez, dantzatuz eta asko gozatuz» ospatzera gonbidatu zuten Zeledon Txikik eta Neska Txikik.

1. Gozatuz. Haur bat eta bere aita Zeledon Txikiren eta Neska Txikiren jaitsiera ikusten. Juanan Ruiz / ARP.
Gasteiz
2015eko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Jaietan, txikiek ere izan behar dute helduek bezainbeste gozatzeko parada. Hartara, Gasteizko jaietan umeen eguna izan zen atzokoa. Helduek egin bezala, eguna Andre Maria Zuriari egindako lore eskaintzarekin hasi zen. Aurtengo Zeledon Txikik eta Neska Txikik lore sorta ederra eskaini zioten Gasteizko zaindariari, San Migel barruan lehenik, eta eliza kanpoaldean ondoren. Ekintza horretan eta ondoren etorriko ziren ekintzetan, hiriko haurren laguntza izan zuten.

Eskaintza amaitzean, han bildutako jendeak Plaza Berrirako bidea hasi zuen, Zeledon Txikiren eta Neska Txikiren jaitsiera ikusteko. «Amama, begira! Ea telebistan agertzen naizen!», esan zuen ume batek, plazan zeuden telebista kameren aurrean jartzen saiatuz. «Tira... Goazen Plaza Berrira...», ihardetsi zion amonak.

Bitartean, erromesak balira bezala, familiek Plaza Berrirako bidea hartu zuten. Gurasoetako askok bizkarrean hartu zituzten seme-alabak. Poliki-poliki, plazaren erdialdera hurreratu ziren, Zeledon Txikiren eta Neska Txikiren jaitsiera ikusteko leku on bat hartzeko. Ume txikiak zituzten guraso batzuek haurren orgatxoez baliatuz egin zuten aurrera.

Halako batean, neskato bati Dora esploratzailearen puxikak egin zion ihes esku artetik. Dora zeruan galtzen zen bitartean, neskatoa negarrez hasi zen. «Zaude lasai, laztana... Beste bat hartuko dizut...», esan zion aitak, neskatoak zerura begiratzen zuen bitartean. «Baina nik puxika hori nahi dut».

Jaitsiera hasi baino lehen, erraldoiek izan zuten arrakastarik handiena plazan. Haurrek erraldoiak zeuden tokira joan nahi zuten, kuriositatez beterik batzuk, eta ikaraturik beste hainbat: «Panpinak baino ez dira, laztana», esan zion ama batek alabari: «Ikusi, ikusi nola ez dagoen ezer!».

Apurka-apurka, Plaza Berria jendez betez joan zen. Eguerdiko hamabietarako minutu eskas batzuk falta zirenean, plazan ez zegoen toki hutsik. Hain betea zegoen, ezen zail egiten baitzen lagunak edo familiakoak ikustea: «Erraldoien ondoan nago, errege bastoiaren parean. Jende gehiegi dago hemen...», azaldu zion gizon batek sakelako telefonoaren beste aldekoari.

Hamabietan, suziria jaurtitzearekin batera hasi zen Zeledon Txikiren eta Neska Txikiren jaitsiera. Plazan sortu zen giroak Zeledon handiaren jaitsieraren kutsua hartu zuen, ñabardura batzuekin: cava edan ordez, bertakoek ura eta freskagarriak edan zituzten, eta, kortxoak jaurti ordez, konfetiak jaurti zituzten. Plazan ikusten zen ilusioa iragan abuztuaren 4an piztutakoarekin pareka zitekeen.

Zeledon Txiki eta Neska Txiki jaitsi bitartean, udaleko musika bandak giroa alaitu zuen. Eta atzo haurren eguna izan zenez, musika zuzendariak ere haurra izan beharko: Paula Garcia de Eulate txikiak izan zuen banda zuzentzeko ardura. Zuzendari helduek bezala, Garcia de Eulatek, makila hartu, eta agertoki gainean zeuden instrumentu guztiak koordinatu zituen.

Balkoian agurtu ondoren, Zeledon Txikik eta Neska Txikik plaza gurutzatu zuten, algara, irri eta salto artean. Haurrek helduak baino zentzudunagoak zirela erakutsi zuten, ez baitziren samaldan joan Zeledon Txiki eta Neska Txiki ukitzera, Zeledon handiarekin gertatzen den bezala.

Bai Zeledon Txikik eta bai Neska Txikik haurrak haien eguna ospatzera gonbidatu zituzten, poz handiz: «Salto eginez, dantzatuz eta asko gozatuz», eta azken ohar batekin amaitu zuten pregoia: «Ondo portatu, eta gozatzera!».

Olgetarako unea

Plaza Berriko ekitaldiaz gain, jolaserako eskaintza oparoa egon zen Gasteiz osoan; Prado parkean, kasurako: ohe elastikoak, mahai futbol erraldoia, puzgarriak... Baina arrakasta handiena lortu zuen jolasa, ilararik handiena sortu zuena, auto pedaldunena izan zen: binaka gidatu beharreko autoen antzeko ibilgailuena.

Halako asko ikusi ziren atzo parkean buelta bat ematen. «Begira ezazu aurrera! Aurrera begiratu!», ohartarazi zion aita batekalabari. Bazeuden esperientzia errepikatzeko prest zeuden haurrak ere. «Ama, ni berriro noa!», oihukatu zuen mutiko batek, ilaran berriro jarriz.

Ama haren atzetik joan zen. «Oraintxe irten zara, bada! Begira zenbat jolas dauden...», erantzun zion amak, aurrera begira izango zuen egun luzean pentsatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.