Eguna erakutsi baino gehiago

Urteak azken hilabetea du, eta egutegi askok azken orria dute zintzilik. Horiek ordezkatzeko lanean aritu dira aldizkari, ikastola, egunkari eta bestelakoak; gaur-gaurkoz, oraindik, egutegien kontsumo edo erabilerari bere horretan eusten baitzaio, sakelakoetan eskura dauden arren.

Lander Muñagorri Garmendia.
2017ko abenduaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Abenduak 8: kuadrillako afaria. Abenduak 12: bikotekidearen urtemuga, eta okulistarenera joan beharra. Abenduak 16: gogoko talde baten kontzertua. Eta biharamunean, Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala. Ohikoak izaten dira gisa horretako oharrak sukaldeko edo logelako hormatik zintzilik dauden egutegietan. Ohikoak dira, eta askok agenda moduan erabiltzen dituzte oraindik. Aurtengo egutegiari orri bakar bat besterik ez zaio geratzen, ordea, eta haren ordezkoa ziurrenik Durangoko Azokan erosiko dute askok. 2018ko egutegia erosteko garaian, aukera ugari izango ditu erosleak azokan, baina askorentzat egutegia erostea erritual gisako bat dela dio Argiñe Areitio El mundo de los Pirineos aldizkariko zuzendariak. Eta urtero erreferentzia berdinen bila jotzen dute, gainera: «Askorentzat urteroko ohitura bihurtzen da; postu jakin batzuetara joaten dira zuzenean egutegiaren bila». Haien kasuan, bederen, hala gertatzen da askotan.

Itxura eta eduki anitzekoa da egutegien eskaintza, baina horietako asko Euskal Herriko etxe askotan errepikatzen dira. Besteak beste, Pirinioetako argazkiak biltzen dituena, BERRIA egunkariak Durangoko Azokarako espresuki argitaratzen duena, Arantzazuko egutegi takoa, edo Seaskak Ipar Euskal Herriko ikastolak laguntzeko urtero ateratzen duena. Denak dira ezagun, eta, gutxiago ala gehiago, askoren iruditeriaren parte ere badira egutegi horietako batzuk. Eta aurrerantzean ere hala izango dela dirudi, denek bukatzen baitituzte argitaratzen dituzten egutegi denak.

Teknologia berriek kontsumo ohiturak aldatu dituzten arren, egutegien kasuan behintzat oraindik halako aldaketarik ez dute sumatu ekoizleek. «Lantokian eskura edo bistara edukitzea asko eskertzen da, eta egutegien kasuan erabilera partekatuak daudela esango nuke: paperean eta digitalean». Gaur-gaurkoz bien arteko elkarbizitza dagoela uste du Ainara Lasa BERRIA egunkariko marketin saileko arduradunak. Eta horren lekuko da egunkariak urtetik urtera egutegi kopuru bera eramaten duela Durangora, eta urtero saltzen direla ia denak. Alegia, belaunaldiak aldatuta ere, salmentak mantendu egin direla.

BERRIA

Egunkariari laguntzeko bide bat

Irudiari garrantzi berezia ematen dio BERRIA egunkariak bere egutegia egiteko garaian. «Beti saiatu izan gara diseinu bereziak eta forma bereziak ematen gure egutegiei; diseinatzaile edo argazkilariei eskatzen diegu urteroko egutegia egiteko», dio Lasak. Aurten Maite Mutuberria ilustratzaileak egin du egutegirako irudia, eta Durangoko Azokan BERRIAk jartzen duen erakusmahaian «gehien salduko den produktua izango da». Hain justu, azokarako espresuki egiten dute egutegia: «Sobran ditugunak kiosko edo liburu denda batzuetara eramaten ditugu, baina propio Durangorako egiten dugu, eta gehiena saltzen da bertan». 4.000 aleko tiradarekin joaten da BERRIA Durangora.

Produktu arrakastatsua da, eta horretarako formatuak berak ere laguntzen duela dio Lasak. «Oharrak egin ahal izateko lekua badu egun bakoitzean, eta jendeak asko eskertzen du hori». Diseinuak pisu handia du erosketa hori egiteko garaian, baina baita BERRIAri bere ekarpena egiteko ere. «Jendea joaten da intentzio horrekin, ekarpena egin eta etxerako probetxuzkoa den zerbait eramatera». Eta Pirinioetako egutegiaren kasuan bezala, kasu honetan ere jendea espresuki horretara joaten da BERRIAren erakusmahaira, egutegia erostera. «Faktore asko elkartzen dira, baina gehienbat hori izaten da», Lasaren arabera.

SEASKA

Haurren izena aukeratzeko egutegia

Egutegia oraindik ondo saltzen den produktu bat da, eta horren lekuko da Seaskako egutegia. Hur Gorostiaga zuzendariak dioenez, aurtengo egutegiarekin izan dituzte eurek inoizko salmentarik handienak: 55.000 ale. Eta aurten ere antzeko datuetan ibiliko dira. «Ikastoletako guraso bakoitzak saldu behar ditu hamabost edo hogei ale, eta horrek diru iturri inportantea ematen die ikastolei; Hego Euskal Herrian saltzen diren egutegien sosak irakasle postuak ordaintzen laguntzeko erabiltzen ditugu».

Baina Seaskako egutegia berezia da, eta askoren iruditeriaren parte ere bada. Egunaren berri emateaz aparte, egunero euskal izen bat baitakar berekin. Esan daiteke hori duela bereizgarri nagusia. «Ikastoletako ikasleen izenak azaltzen dira, eta, izen berriren bat baldin badago, bertan txertatzen dira». Guraso izatekoak diren bikote askok, gainera, semearen edo alabaren izena aukeratzeko garaian Seaskako egutegira jotzen dutela dio Gorostiagak. Horretarako ere balio baitu egutegiak. Baina Bidasoaren alde batean edo bestean izena jartzeko lege ezberdinak daude, eta Hegoaldeko guraso batzuek haiengana ere jo izan dute egutegian azaltzen den izen baten ziurtagiria jasotzeko, Hegoaldean zorrotzagoa delako araua. «Etorri izan dira izenaren halako azalpen baten eske, eta traba horiek gainditzen lagundu izan diegu».

1980ko hamarkadan egutegia egiten hasi zirenetik izenen bereizgarri hori du Seaskako egutegiak. «Hasierakoak estuagoak ziren, baina elementu gehiago sartzen ditugu orain, eta zabalagoa da egun», dio Gorostiagak. Duela gutxitik, argazkiak ere txertatzen dizkiote hilabete bakoitzari dagokion orrian, lehen marrazkiak izaten ziren. Aurtengo egutegiarekin, gainera, izan zen polemikarik, abenduko orrian Joan Paulo II.a aita santuaren argazki bat txertatu zutelako: «Aktualitateko gaia izan zedin eskatu genien argazkilariei, eta askatasun osoa eman genien». Argazki horrek laikoak haserretu zituen, baina baita elizkoiak ere, «Aita santua egoera txarrean azaltzen zelako». Aurten, ordea, paisaien argazkiak izango direnez, ez da polemikarik egon. Robert Thurin argazkilariaren irudiak dira.

'EL MUNDO DE LOS PIRINEOS'

Argazkien indarra

Paisaiak izaten dira El mundo de los Pirineos aldizkariak urtero ateratzen dituen egutegien ardatza. Eta hain justu elementu hori da egutegiari arrakasta ematen diona, edo hala uste du behintzat Argiñe Areitio zuzendariak: «Aldizkarian bezala, egutegian ere argazkien kalitatea zaintzen saiatzen gara, eta jendeari hori gustatzen zaio, etxeko sukaldean paisaia ikusgarriak edukitzea». Pirinioetako argazkiz osatutako egutegia izaten da eurena; urte berriarekin batera, hurrengo urtekoa pentsatzen hasten dira. «Aldizkarian parte hartzen duten argazkilariekin egiten dugu lan, eta bidaltzen dituzten argazkiekin hilabete bakoitzeko orriak egokituz joaten gara». Hilabeteak eta berari dagokion argazkiak, biek bat egin behar baitute. Hotza egiten duen sasoian, elurra, eta bero egiten duenean, berdetasuna.

Arrazoia bata edo bestea izan, egutegi arrakastatsua denik ezin da ukatu. 9.500 ale inprimatzen dituzte, eta ia denak saltzen dituzte. «Ez dugu Euskal Herrian bakarrik saltzen, Pirinioetan ere saltzen baitugu, baina egia da gehiena hemen izaten dela». Eta horietatik zati handi bat Durangoko Azokan salduko dute. «Jendea inguratzen da erakusmahaira, eta egutegiari begira geratzen da». Argazkiak dira euren egutegiaren muina, eta hori izaten da, haren ustez, saltzeko garaian erakartzeko ahalmena duena. Kasik, sukaldetako hormetako dekorazioaren parte ikusten ditu. «Polita da, gainera, bere funtzioa betetzen duelako; hurrengo belaunaldiek zer egingo duten ez dakit, askok telefonoa erabiltzen dute eta». Baina sakelako telefonoek betetzen ez duten funtzio bat ere betetzen dute egutegiek, dekoratzea.

ARANTZAZU

Esaeraz eta txistez betetako egutegia

Egutegi klasikoen artean baten bat badago, ordea, hori Arantzazuko abadeek urtero argitaratzen dutena da. Hainbeste, 1947. urtetik etenik gabe Euskal Herriko etxeetan baitago. «Urtero atera ahal izatea mirari bat dela esaten dut nik beti», azaldu du Jose Luis Zurutuzak. Frantziskotarra da, eta egutegia egiteko ardura du joan den 37 urtean. «Egiten duenak bakarrik daki zein lan ematen duen hau egiteak». Urteko egun bakoitzeko orriaren aurrealdean azaltzen den informazioaren eta atzeko aldeko testuaren arduradun eta koordinatzaile baita bera. Eta aurrealdeko informazio hori izaten da harentzat lanik zailena: «Eguzkia atera eta sartzeko ordua egunez egun txertatu behar da, eta gero santuen zerrenda ere bai».

Egun bakoitzak zer irakurria ekartzen du, gainera. Atzeko aldean testu bat izaten du, txisteak, kontakizunak, pasarteak, eta baita erlijio kontuak ere. Guztiak ere «herriaren mailan dagoen hizkuntzan», Zurutuzaren arabera. «Gure egutegia herriko jendearen mailan dago gai eta idazkera aldetik». Gipuzkeraz idatzita dago, oro har; iraganean bizkaierazko bertsioa argitaratu zuten hamarkada batez, baina, gastu handiegia zenez, utzi egin behar izan zuten. Baina hori da arrakastaren giltza, haren ustez, «herriak hitz egiten duen bezala» idazten dutela eurek. Eta gaiak ere atseginak direla: astean bitan, esaterako, txisteak izaten dituzte, «ondo pentsatuta noiz eman; aste hasieran txiste bat ondo sartzen da, adibidez».

Zazpi hamarkadaz ari dira saltzen egutegia, eta, egun, 8.000 aleko tirada dauka. Etorkizuna ez dio bermatua ikusten, ordea, Zurutuzak. «Gu hemendik joatean, laiko batzuek hartzen badute egutegiaren ardura, mereziko du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.