Egunak hobeak baitira... Euskarabenturan

31 eguneko eta 450 kilometroko ibilbidearen ondoren, Euskarabenturaren bosgarren ekitaldiak Getxoko kaleetan barrena eman ditu azken pausoak. Besarkada, abesti eta malko eguna izan da 'jzioquitarrentzat', eta antolatzaileek gogoratu diete ez dela amaiera bat, «bide berri baten hasiera baizik».

Ane de la Presa Euskarabenturako koordinatzaileari eginiko omenaldia. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Getxo
2023ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Irribarreek eta malkoek bat egin zuten atzo Algortako plazan (Bizkaia). Besarkada, muxu eta elkar inoiz ez ahazteko promesaz beteriko goiza izan zen. 31 egunez eta 450 kilometrotan pilaturiko emozio, poz, komeria eta sentimenduek kolpetik egin zuten eztanda. Euskarabentura espedizioaren aurtengo ekitaldiak Getxoko kaleetan barrena eman zituen azken pausoak, eta «Euskal Herriko zazpi gehi bat probintzietatik» iritsitako 125 jzioquitarrek gurasoekin topo egin zuten bertan. Irati Labaien antolakuntzako kideak, baina, garbi utzi zien ez zela bidearen amaiera, «hasiera berri bat» baizik: «Hemendik aurrera zuek mugitu behar duzue herri hau herri izan dadin».

Ikusi gehiago:Maria Ormaetxea: «Bizitzan behin probatu behar den esperientzia bat da»

Euskarabentura espedizioak oinez gurutzatu du Euskal Herria ekialdetik mendebaldera. Mauletik Getxorainoko bidean, 125 jzioquitarrek eta 25 xerpak itsasontziz egin zituzten azken etapako lehen kilometroak. Bizkaiko Zubian jaitsi eta Algortara oinez joan ziren, auzoko jaietako azken egunean murgiltzeko gogoz. Aurretik, baina, Miren Dobaran Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Irantzu Uriarte Getxoko Kultura zinegotziak ongietorria eman zieten.

Ikusi gehiago:Munia Latorre: «Gustura luzatuko nuke. Abuztuan, Maulera bueltan»

31 eguneko entrenamenduak eta 16 edo 17 urte izateak ematen duten sasoiarekin, elastiko urdin eta laranjek bizi-bizi egin zituzten azken kilometroak. Memoria pixka bat astindu eta bizi izandakoak oroitzeko une aproposa zen. Oinazpiko babak eta dutxa hotzen bat edo beste hartu izana txikikeriak dira igarotako bizipen gozoekin alderatuta. Alaitz Elizburu antolakuntzako xerpaburua behintzat oso pozik zen: «Dena ondo irten da, egia esan. Eguraldia lagun izan dugu, eta hasi ziren ia guztiak iritsi dira amaierara. Antolakuntza lan osoak bere saria jaso du, eta poza da gazteak horrela ikustea».

Ikusi gehiago:Nagore Arakistain: «Egunik onena? Baiona; Porrotxek egin zigun bisita»

Euskarabentura urtarrilean hasten den egitasmo bat baita, eta, antolatzaileen ustez, osasun oso ona duena. Aurten 300 eskaeratik gora jaso dituzte, eta entresaka egin behar izan dute 125 jizioquitar edo parte hartzaileak aukeratzeko. Doakoa da, eta euskara eta euskal kultura sustatzea eta zabaltzea du helburu. Elizburu: «Datozenak mentalizatuta datoz; badakite nola datozen eta zein helbururekin. Saiatzen dira, alde horretatik. Herri ez oso euskaldunetatik datozenei pixka bat kostatzen zaie hasieran, baina emaitzak oso positiboak dira».

Ezaugarri horiek guztiak agerian gelditu ziren azken eguneko festan. Muxikebarri antzokian izan zen amaiera ekitaldia, eta bertan zituzten zain gurasoak. Aurretik, Algortako jai batzordeak zapi bana oparitu zien parte harzaileei, eta bertan gelditzera gonbidatu zituen. Jzioquitarrek beren martxa oihuarekin erantzun zuten: «Ura, ura, ura, Euskarabentura». Bide batez, batek baino gehiagok eskaintza onartu eta bertan igaro du gaua.

Ikusi gehiago:Arane Gartzia: «Onena gure artean sorturiko harremanak dira»

Omenaldia De la Presari

Muxikebarrin izan zen agur ofiziala, eta kaletik areto batera sartzeak ez zuen zalaparta baretu. Hilabetez mendian bueltaka ibili ondoren, inork ezin zuen pentsatu erraza izango zenik parte hartzaileak eserleku batera ordubetez iltzatzea. Taldeka sartu ziren aretoan, gurasoen txalo artean. Bitartean, ETSren eta Olaia Inziarteren doinuak abestuz girotu zuten itxaronaldia.

Ikusi gehiago:Asier Bolaños: «31 egunek asko dirudite, baina labur gelditzen dira»

Ekitaldi arin eta hunkigarria izan zen. Bat baino gehiago malkoak eutsi ezinda ibili zen bideoekin. Protagonistak jzioquitarrak dira, baina xerpa eta antolatzaileek esker ona adierazteko unea zen: mediku eta erizainak, gidariak... Guztiek jaso zuten txalo zaparrada. Handiena, dena den, Ane de la Presa Euskarabenturako koordinatzaileak jaso zuen, baita txapel bat ere. «Ane DLPk», gazteek abestu zioten moduan, kargua utziko du bost urteko ibilbidearen ondoren, eta hunkituta onartu zuen Euskarabenturan bizitzako beste edozein alorretan baino askoz gehiago ikasi duela.

Ikusi gehiago:Unax Zulaika: «Nire anaiek erran zidaten baino hobea izan da»

Musikak, baina, berehala irentsi zuen emozioa. Hainbat jzioquitar oholtzara igo, eta Huntza taldearen Aldapan gora eta ETSren Zurekin batera abestiak jo zituzten. Azken hori espedizioko ereserki ofiziosoetako bat izan da. Letra, baina, ez zen originala: ibilbidean bizi izandakoak kontatzeko moldatu zuten, baita ehunka plazatan entzundako errepika ezaguna ere. «Egunak hobeak baitira... Euskarabenturan», abestu zuten aho batez. Gazteen aurpegiei erreparatuz gero, sinetsi beharko horrelakoak direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.