Ezarian

Eguneko tximeleten bizia

Iruñeko berdeguneetan eta ibaien errekastoetan, gutxienez, egunezko 71 tximeleta espezie eta 175 basalandare topa daitezke. Udalak argitaratutako bi liburutan, tximeleten eta basalandareen hainbat informazio jakin daiteke.

Kanela ildaskatua tximeleta da (Lampides boeticus) Iruñean topatutako tximeleta mota bat. ENRIKE BAKERO.
Iruñea
2011ko maiatzaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Iruñeko eguneko tximeleten bizia eta ezaugarriak ezagutzeko aukera eskaintzen du Mariposas diurnas de Pamplona liburuak (Iruñeko Eguneko tximeletak). Nafarroako hiriburuan aurki daitezkeen 71 tximeleta espezie bildu dituzte argitalpenean. Liburuan 71 tximeleten fitxa ageri da, non espeziea deskribatzeaz gain, haren ezaugarri biologikoak eta Nafarroan hartzen duen eremua zehazten diren. Ikerketan tximeleten argazkiak ere bildu dituzte, eta noizbait Iruñean ikusi izan diren beste 40 tximeleta espezie ere aipatzen dira.

Enrike Bakero, Maria Lourdes Moraza, Arturo H. Arino eta Rafael Jordana Nafarroako Unibertsitateko Biologiako doktoreek egindako lana iazko udaberritik udazkenera hiriburuko berdeguneetan egindako kanpo lanean eta adituon kolaboratzaileek egindako behaketetan oinarritzen da.

Iruñean 71 tximeleta espezie aurkitu dituzte joan den udaberritik udazkena bitarte egindako laginetan.

Nafarroan, azken ikerketen arabera, 250 tximeleta espezie aurki daitezke. Iruñean 71 aurkitzea ez dela datu txarra iritzi dio Enrike Bakerok, Nafarroako Unibertsitateko Biologia doktoreak. «Badakigu 110 tximeleta espezie egon izan direla Iruñean, aipatu izan direlako hainbat ikerketatan. Batzuk udaberri hasieran daude, beste batzuk uda bukaeran ateratzen dira. Kanpaina batean 71 ikustea datu ona da, portzentaje handia da, baina horrek ez du esan nahi gehiago ez daudenik».

Nafarroako Unibertsitateko adituek 1940tik dituzte Nafarroan eta Iruñean ikusi izan diren tximeleten datuak, baina harrezkero hiria asko aldatu da. Aldaketa horrek tximeleten egoeran ere eragina izan du. «Landa eremuak, eta, ondorioz, landare ugaritasuna gutxitu egin da. Tximeletek maite dituzten naturguneak eskasagoak dira. Toki jakin horietara joan behar da tximeletak aurkitzera», azaldu du Bakerok.

Tximeleten ingurune naturala aldatu egin denez, tximeletak aurkitzeko Iruñeko kanpoaldera joan behar izan dute ikerlariek. Iruñean aztertu duten lorategi bakarra Ziudadela izan da, eta bi espezie bakarrik ikusi dituzte hor.

Ziudadelaz landa, Ezkaba mendian, Mendillorrin, Donapean, Mihiluzen, Beritxitosen eta Santa Luzian ibili dira. Tximeleta gehien Ezkaban, Mendillorrin eta Donapean aurkitu dute. Arrazoia ez da begi bistakoa, eta tximeletaren bizitza zikloari erreparatu behar zaio. Arrak emea ernaldu eta gero, tximeletak arrautzak landareren baten hostoan jarriko ditu, horietatik aterako den beldarrak bizi eta hazteko behar duelako. Tximeleta heldua izan baino lehen, bide hori egin beharko du. «Ondoan soroak dituzte. Landare asko eta askotarikoak aurki daitezke. Landare horietan hainbat beldar aurki daitezke. Horregatik ikusten dira gehiago gune horietan».

Guztiak bereziak

Iruñean aurki daitezkeen tximeleten artean gehien ikusten dena eta ohikoena zein den esatea erraza den bezala, bereziena zein den esatea ezinezkoa dela dio Bakerok. «Batzuk oso handiak eta deigarriak dira, baina guztiak dira bereziak». Gehien ikusten dena azaren zuria deitzen dena da (Pieris rapae). Hegal zuriak ditu, eta ez da oso handia. Egin dituzten 700 behaketetatik 200 alditan agertu da. Batez ere Arantzadin ikus daiteke, baratze asko daudelako, eta beldarra azetan egoten delako. Zailena bistatzen, berriz, ijitoa deitzen dena da, (Zygaena fausta). Ez du eguneko tximeleten forma, eta asko kostatzen da ikustea. Izan ere, Bakerok dioen moduan, tximeleten munduan «arau bat egon arren, ez da beti betetzen». Egunekoak bezala, goiza argitzearekin batera ikus daiteke hegan, baina ez ditu hegalak zabal-zabalik jartzen lorean pausatzean, eta gauekoen forma du; hirukia da, eta hegalak itxita eta gorputzari itsatsiak mantentzen ditu.

Beste batzuk ikuserrazak dira kolore deigarriak dituztelako. Koloreek esanahi bat dute tximeletengan. Batzuetan, tximeleta pozoitsua edo zapore txarrekoa dela ohartarazteko da, beste batzuetan kamuflaje moduan erabiltzen dute, eta, beste batzuetan, arrek batik bat, emearen arreta erakartzeko. «Txoriei arriskutsuak direla ohartarazi nahi diete. Babesteko modu bat ere bada. Alergiak ere eragiten dituzte. Garapenak gero eta ezberdinagoak izatera behartzen ditu. Ezkutatzeko modu bat ere badira koloreak. Adibidez, Ezkaban maiz agertzen da errege mairua tximeleta (Brintesia circe). Makalaren enborreko likenean kokatzen da, eta ez zaio antzematen tximeleta bat denik».

Basalandareen garrantzia

Bakeroren esanetan, jendeak tximeletak loreekin bakarrik lotzen ditu, ohikoena lorez lore ikustea delako. Lorea non tximeleta han pentsatzen du jendeak; baina tximeleta ikusi ahal izateko, beldarra eta haren bizi-baldintzak dira babestu beharrekoak. «Tximeleta helduak loreak behar ditu. Hori edozein lorategitan aurki dezake, baina beldarra beste kontu bat da. Beldarrak landareak behar ditu, bi edo hiru landare motarekin elika daiteke beldarra. Landare horiek hirian badaude, hor geldituko da». Hori azpimarratzen saiatu dira lanean.

Beraz, beldarrek zer jan eta zerekin elikatu izateko, lorategietan basalandareak jartzeko guneak mantendu edo sortu beharko liratekeela uste du Bakerok. «Tximeleten biodibertsitatea handitu nahi badugu, eta nahiz eta lorategiek itsusiago egon, basalandareen eremua handitu behar da». Basalandareak mantentzen diren bitartean, han mantenduko dira tximeletak. Iruñean, berriz, eremu hori kentzen ari zaizkio. Santa Luzian egiten ari diren espetxeak eraginen duen kaltea gogoratu du. «Iragan urtean landa zegoen tokian, orain espetxea dago». Bestalde, gizakia intsektizida asko erabiltzen ari da, eta horrek ere hil egiten ditu tximeletak. Pinuen kasuan, adibidez. Pinu beldarra tximeleta bat da, eta hori akabatzeko erabiltzen den intsektizidak tximeleta mota guztiak hiltzen ditu, ez bakarrik pinu beldarra. «Leku guztietatik erasotzen diegu: habitata kentzen diegu, pozoia jartzen diegu eta kalte egiten dieten landareak jartzen ditugu hirietan. Tximeletak egoki ez mantentzeko eta bizitzeko hiru arazo larrienak dira horiek».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.