Egurrezko aulki asko hutsik geratu ziren oholtzaren aurrean atzoko bertso saioan, baina ez zen entzule faltagatik izan. Bertsozaleak fin agertu ziren jaietako eguerdiroko hitzordura Done Jakue plazan, baina euriak etxe eta eliza ondoko aterpeetan babestera behartu zituen. Txapela duenari euriak ez dio axola, ordea, eta ordubetez aritu ziren kantarijendaurrean azken urteetako bi bertsolari txapeldunak: Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus. Oholtzaren aterpetik, biak librean eta etenik gabe jardun ziren, entzulearen ahalegina eskertuz une oro. Honela amaitu zuen agurra Lujanbiok: «Zuek busti behar baduzue oin punta eta beroki / gu biok ere bustiko gara, nahiz ta metaforikoki».
Eguraldia izan zuten kantugai bertsolariek luzaroan. Aterkiei eusten, txaloak jotzeko ere nahiko lan zuten lehen lerroetako entzuleek, eta alternatiba bat eskaini zien Lujanbiok: «Hirurehun egun urteak eta, euri egunak dira mila/horrela degu gure paisaje berdearen marabilla/aterkipean bustitzen baino, bai entzulego umila/ausartena gonbidatzen dugu oholtzara igo dadila». Jendeari arreta handiagoa jartzen hasita, honela bota zuen Arzallusek geroago: «Bai, bai, aterki azpietara luzatu zazu begia / kuriosoa da eszena horietan sortzen zaigun komeria / batzuk eutsi ta besteak lasai, ikusten da alegia / bietan nor den eskuzabala ta nork daukan aurpegia».
Gaurkotasunari ere erreparatu zioten, ordea, bertsolariek. Ikurrinaren aldeko manifestazioa egin zuten atzo Bilbon bertso saioaren ordu berean. Espainiako Gobernuko delegatuari kritika egin zion Arzallusek, ikurrinaren aurka izandako jarreragatik:
Salaketa aitzakia
non bilatu, beti bertan
zoritxarrean gutxitan
egoten da oporretan
uztail ta abuztu isil-isilik
paseak urte honetan
igual ahoa zabalduko du
Lekeitioko festetan.
Ikurrina ahotan hartu, eta laster hasi ziren Bilbori eta euskararen egoerari buruz kantuan. Lujanbiok ez zirudien oso itxaropentsu horren inguruan: «Panorama gaur dago beltzenetan beltzen / berrogeita hamar urtez ari da hobetzen / euskaldun asko gara, bagara jabetzen / ta noski, euriaren faltagatik ez zen / baina euskaran haziak ez dira ernetzen».
Saioaren erdi aldean, katalanak bilakatu ziren bertsotarako gai. Lujanbiok bota zuen euskaldunek badutela zer ikasia haiengandik, lehen «atzetik zetozela» pentsatu arren laster hartu dutelako aurrea. Arzallusek lehengo aurreiritzia nola aldatu den definitu zuen jarraian: «Lehen zuhurkeria zena, orain zuhurtzia». Kataluniako ustelkeria kasuak ere gogorarazi zituzten jendaurrean, baina etxeko trapu zikinak ahaztu gabe; Bilbon ere dirua badela, eta Arzallusek gehiena San Mames Barrian gastatu dutela kantatu zuen. Honela erantzun zion Lujanbiok:
Kontu delikatu hau
bota behar al zen?
Hasi beharko degu
kontuak igualtzen
ai San Mames Barria
hasi da osatzen
orain kuadratua da
lehen hirukia zen
diru horretaz ez da
inortxo kejatzen.
Aste Nagusiari aipamena eginez, festako eta parrandako kontuak ezin ziren falta izan bertso saioan. Lujanbiok esan zuenez, aurreko gauean ibili zen Bilbon, Areatzan eta txosnetan gora eta behera. Harrituta geratu omen zen hango jende, botilla eta trago mordoa ikusita. Gaia aldatu aurretik, Arzallusi parranda egiteko asmorik ba al zuen galdetu zion zuzenean, eta modu honetan zirikatu zuen iazko txapeldunordeak:
Ibiliko bazera
zu txosnetan gabez
abitu txikitxo bat
hartu zazu aurrez
jendea etorriko da
mitoaren fedez
«tú eres Amets Arzallus!
foto bat mesedez»
Hau erantzun zion Lujanbiok:
Inpertinentzirako
hainbeste gaitasun
nola gertatzen dena
kontatu didazun
hala etortzen bazait
hobe det erantzun
«ba joan Santiagora
ta bertsoak entzun!»
Librean egiten diren saio denetan bezala, zaila izaten da asmatzea noiz utzi behar zaion kantatzeari eta noiz jarraitu. Ordularirik ez, eta honela bota zuen Lujanbiokbukaerako puntukako saioa hasi aurretik:
Ordubiak badira
beraz hala bedi
edo izango dira
ordubata t'erdi
noiz bukatu behar den
ta noiz arte segi
beti batzuntzat motz ta
besteentzat luzeegi.
Ideia politak eskaini zituzten biek puntuka. Oholtzak eskaintzen zien begiratokitik ikusten zuten erretratua deskribatu zuten: koloretako txanpinoiz betetako zelaia zirudien Done Jakue plazak, han bildu zen aterki mordoagatik. Aulki askok hutsik jarraitzen zuten bukaeran ere, tarteka atertu arren, guztiz bustita zeudelako inguruak; bertsolariek Oteizaren eskulturekin konparatu zituzten, eta Lujanbiok izena eta guzti ipini zien: «'Ausentziari omenaldi' ikusten det hor nik». Txalo eta barre artean amaitu zen saioa, noski, aurretik bertsolarien azken agurrak entzunda. Bilbo euskaldunaren ideia errepikatu zuten, eta honela bukatu zuen Arzallusek bertsoa: «Dena ez baita besteei eskatu ta besteei jo aldaba / gu eta zuen guztion baitan Bilbo euskaldun bat bada». Lujanbiok berriro adierazi zion bere esker ona aterkipean gordetako jendeari, eta honela kantatu zuen: «Eskerrik asko bertsozalea, goza ezazue festa / hain zale onak dauden lekuan eguraldi txarrik ezta».
Gaur Miren Amuriza, Igor Elortza, Beñat Gaztelumendi eta Unai Iturriaga arituko dira kantuan, leku berean, eguerdiko ordu batean hasita.
Bilboko Aste Nagusia
Eguraldi txarra, zale onak
Euria egin arren, Bilboko Done Jakue plaza bete egin da beste behin Aste Nagusiko bertso saioa dela eta. Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus aritu dira kantuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu