Egurraren lanketa eta gaita aztertu dituzte hiru dokumentaletan

Caro Baroja museo etnografikoak egindako lanak Lizarrako kultur etxean aurkeztuko dituzte, bihar

Miguel Angel Elizaga gaita bat egiten horretarako erabiltzen zen malguki tornuarekin. NAFARROAKO MUSEO ETNOGRAFIKOA.
Lizarra
2012ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Gaita eta egurraren oinarrizko trataera dituzte ardatz Nafarroako Julio Caro Baroja Museo Etnografikoak argitaratu berri dituen hiru dokumentalek. Lan horiek joan den urtean grabatu ziren, baina orain aurkeztuko dituzte jendaurrean. Bihar aurkeztuko dira Lizarrako Fray Diego kultur etxean, 19:00etan, eta apirilean Nafarroako Filmotekan, Iruñean.

Egurraren ebakitzaileak izenburua jarri diote egurraren oinarrizko trataeraz mintzatzen den dokumentalari. Basoan egurretarako zuhaitzak mozten direnetik egur hori zerbaitetarako baliatzen den arteko bide osoa deskribatzen da lanean. Horretarako Aroztegi herriko (Atetz ibarra, Nafarroa) Cañamares familiaren bizibidea hartu dute ardatz. Dokumentalean Peio Cañamares ageri da lanean. Egurra, behin basotik aterata, taula bihurtu arte nola mozten den ikus daiteke. Basoaren egur ustiaketak garai batean sortu zituen lanbideak ere aipatzen dira. «Egurra mozteko erabiltzen ziren tresnak ikus daitezke: trontzak, arpanak... Egurraren mozketan ez eze, horretarako behar zituzten tresnak egiten eta mantentzen espezialista egiten ziren», dio Susana Irigarai Lizarran egoitza duen Nafarroako Julio Caro Baroja Museo Etnografikoko zuzendariak.

Arostegitarrak egurra mozteko era tradizionala mantentzen dute, herri kiroletan aritzen diren hainbat kirolarirentzat aritzen direlako. Horrela aizkolariek egur mozketan erabiltzen dituzten aizkoren egurrezko kirtenak egiten dituzte eskuz, eta aizkolariek entrenamenduetarako behar izaten dituzten trontzak prestatzen dituzte. Hori guzti hori nola egiten duten ikus daiteke dokumentalean ere bai. «Garai batean lanbide zena orain kirol ikuskizun nola bilakatu den bista daiteke eta dokumentalean aizkolaria entrenatzen ageri da».

Gaita jotzaile familiak

Bigarren dokumental batean Lizarrako gaita jotzaile familia biren historia jaso da: elizagatarrak eta monterotarrak. Egun gaita oso bizirik dagoen musika tresna izan arren, dokumentalak bi familia horietako gaita jotzaileek izan duten pisua nabarmendu du. «Gaita jotzaile familia hauek gaitarekin izan duten harremana berreskuratu nahi izan dugu, eta gaitak zergatik duen hainbeste pisu Lizarran», azpimarratu du Irigaraik.

Bi familia horiek XX. mende osoan jo izan dute gaita, plazaz plaza, hainbat herritako festetan. Elizagatarrek XIX. mendeko azken hamarkadetatik jotzen dute gaita. Julian Romano musikagilearekin ahaidetuak, hark hezi zuen gaitarako elizagatarren lehen belaunaldia, eta gaur arte aritu dira gaita jotzen. Izan ere, Romanok gaitarako errepertorio zabala idatzi zuen eta hark utzitakoa erabili zuten Lizarrako bi familia horietako gaita jotzaileek. Joan den mendeko 60ko hamarkadara arte gaita soinua plazaz plaza jotzeko ohitura Lizarrako hiru familiaren esku zegoen, batik bat: monterotarrak, elizagatarrak eta perez de lazarragatarrak.

Egun elizagatarren familian gelditzen den bakarra Miguel Angel Elizaga da. 80 urte beteak ditu eta berandu hasi zen gaita jotzen: 40 urterekin, ordura arte gaita bikoteak beti daraman danbor jotzailea izan zelako. Ogibidez zapatagin izandakoa da, eta herriz herri eta plazaz plaza ibiltzen zen gaita jotzen. «Hilabeteak ematen zituzten Nafarroako eta inguruko herrialdeetako herrietan jotzen. Ekainean alde egiten zuten eta urrira arte ez ziren etxeratzen», gogoratu du Irigaraik. Dokumentalean garai batean gaita jotzaile bakoitzak bere gaita nola egiten zuen erakusten du Elizagak. Ezpel egurra erabiltzen du musika tresna egiteko, eta malguki tornu bat eta beste tresna batzuk gaitari forma emateko. «Gaita jotzaileek eurek egiten zituzten jotzen zituzten instrumentuak. Jotzaile bakoitzak bere berezitasunak zituen, eta nahi erara egiten zuen gaita». Monterotarren hiru belaunaldi ere aipatzen dira dokumentalean. Gainera, haien kasuan, tradizioa ez da oraindik bukatu eta Salvador Monterok jada erretiroa hartuta dauden Antonio eta Jesus Monteroren ilobak jotzen jarraitzen du. «Hainbat oroitzapen kontatzen dituzte, eta nola egiten zituzten entseguak gaita jotzen, etxeko mahaiari itzuliak ematen».

Hirugarren lanean, gaita gaur egun nola egiten duten erakusten dute. Dokumentalean, Tomas Diaz Peñalbak azaltzen du gaita jotzaileek eta eskulangileek ezpelaz gain zein beste egur erabiltzen dituzten gaita egiteko eta nola egiten den. Kanaberarekin egiten diren gaitaren ahokoak ere azaltzen dira lanean.

DVDak Huescako (Espainia)Pyrene ekoizpen etxeak ekoitzi ditu. Edizio mugatua egin du, eta Lizarrako liburutegian eta Julian Romano musika eskolak izanen dute ale bana, eta Nafarroako liburutegien sarean ere sartuko dute. Alerik erosi nahi duenak Pyrene ekoizpen etxearen webgunearen bidez egin dezake, www.pyrenepv.com helbidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.