Osasuna. Sexologia

Eguzki barik ere, jai

2013ko ekainaren 4a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Pentsatzen dugun baino gauza askoz ere gehiago daude gure esku, lekurik bortitzenetan ere, eremu mugatuenean, askatasun gabeko gizartean ere… gure esku dago zelako jarrera edukiko dugun edozelako gertaeren inguruan, zelango bidea hartuko dugun… Hartzen dugun bide hori barnekoa eta ikusezina bada ere, gure esku dago. Egoera latzetan zirrikitu bat bilatzen badugu, zelan ez dugu aurkituko, bada, gure egunerokotasunean.

Antza, udan eguraldiak ez gaitu lar lagunduko; beraz, eguzkiaren zain gaudenok eta Euskal Herrian oporraldia igaroko dugunok beharbada beste plan batzuk egin beharko ditugu.

Antza denez, krisia ere ez da baretuko, eta uda honetan asko eta asko kalean egongo dira edota kaleratzeko zorian, diru laguntzak amaituta edota amaitzear… udan ezin gastatu.

Antza denez, gure haurrek, urtero bezala, oporrak edukiko dituzte; eta, urtero moduan, lanean ari bagara ere, moldatu egin beharko dugu gure haurrak zainduta egoteko, ez daukagulako sosik inor ordaintzeko edo udalekuetara bidaltzeko.

Antza denez, oporraldiari buruzko plangintzak tirabirak ekarriko dizkigu.

Hori jakinda, zer edo zer egin behar dugu, gure kexak irtenbide bihurtzeko.

Hona hemen ideia batzuk:

Aupa Etxebeste pelikula ikusita, mila ideia uda igarotzeko etxetik irten gabe!

Liburuak, komikiak, aldizkariak, artikuluak, aspalditik irakurtzeko daukazun hori guztia non dago, bada? Beharbada, uda momentu zoragarria izan daiteke.

UEUeko ikastaro batean parte hartu, adibidez, zure lanbidearekin zerikusirik ez daukana.

Zenbatetan kexatu gara patxadaz lo egiteko astirik ez daukagulako? Arratsalde euritsuak aukera ederra izan daitezke.

Umeekin jolasean ibiltzeko zenbait aukera edukiko ditugu, oraingoan euren erara, euren arauekin… gureak albo batera utzita.

Joko berriak: hozkailuan dagoenarekin bi platereko bazkariak prestatu.

Batak besteari gorputz osoko masaje goxo-goxoa emateko astia topa dezagun… horrelako masaje batek kontrakturaren bat bigunduko du, eta, aldi berean, gure arteko tentsioak ere bai.

Umea goizean goiz iratzartzen baldin bada, ipiniozu pelikularen bat, eta aprobetxatu lo gehiago egiteko, edo zirri goxoen lurraldean galtzeko, ez altxatu!

Komuneko ateari kisketa ipini; bikotekidea etxean dago, eta umeak, zainduta; gozatu bainuaz, masturbatzeaz, kremaz...

Askotan gura izan duzu itsas ertzetik egun euritsuetan ibiltzea eta bustitzea, etxera arrapaladan joan eta dutxa bero bat hartzea… zergatik gaur ez?

Aspalditik ea afari erromantikoa noiz egin; zergatik ez gaur? Platerean arrautza frijitu pare bat, mantela ipini, kandelak piztu, apaindu… eta musuak deserta moduan.

Lagunen arteko adiskidetasunaren loturak sakontzeko garaia izan daiteke; udako jai bat antolatu zure etxean, bakoitzak ekar dezala zer edo zer, musika eta guzti… ez da Ibiza, baina Errekaldeko auzoko 6. pisu hori oso chill out ederra izan daiteke.

Seme-alaben lagunak etxera ekarri euren pijama gaua egiteko; euren gurasoak lasai asko egongo dira, eta zuon seme-alabak eta lagunak, pozarren.

Edo, bestela, proba egizue seme-alabak lagunen etxean uzten, zuek, iluntzean, ordu gabeko bueltatxo bat emateko.

Idatziozu lagunari ohartxo bat zure desio erotiko bat ezagutarazteko; bere patrikan sartu, eta itxoin.

Familiako bakoitzak idatz dezala herrian zenbat gauza dauden ordaindu barik egiteko, udan martxan jartzeko.

Lagunen artean antolatu aisialdia, haurrek eta gurasoek ere astia izateko.

Errekadutan zoazenean kulero edo galtzontzilo barik joan zaitez, ea zelan sentitzen zaren.

Autoa hartu, eta bikotekidearekin gaztetan ibiltzen zineten moduan iluntzeko buelta eman… sasoi batean denetarikoa posible zen txortan egitea izan ezik.

Hurrengo eztabaidan saiatu zure lagunari arrazoia ematen edo bere lekuan jartzen.

Joko bat: rolak alda ditzagun, zu ni eta ni zu... ea zelan.

Beste bat: zure bikotekidea ukitu gabe berotu, egun osoa erotika jokoan ibili, baina batak bestea ukitu gabe.

Gozatu eta gozarazi uda honetan ere!!! Gure esku dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.