Itxaropentsu. Halaxe abiatu du udako sasoia Euskal Herriko turismo sektoreak. Krisiarenondorioz, urte zailak izan zituzten, baina iaz hobekuntza nabaritu zuten okupazioan. Aurten, Aste Santuan izandako emaitza onak kontuan hartuta, bide horretatik jarraitzea espero dute. Nahiz eta erreserbak azken orduan egiteko zabaldu den ohitura, eta baimenik ez duten ostatuen ugaritzeak beti eragiten dien ezegonkortasun apur bat. Beste gakoetako bat eguraldia izango da. Denek gauza bakarra eskatzen dute: aste honetako eguraldi ona egitea.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako landa eta nekazaritza etxeak biltzen dituen Nekatur elkarteak emandako datuen arabera, sasoi honetan okupazio maila %35 da, iazkoaren pare. «Baina kontuan izan behar da iaz datu hori uztaileko lehen egunetan eman genuela, eta aurten oraindik egun batzuk falta direla uztailerako. Beraz, baikor izateko moduan gaude. Espero dugu iaz hasitako bideari eustea, eta leheneratzeko oinarriak sendotzea», nabarmendu du Elixabete Etxezarretak. Urnietan (Gipuzkoa) du nekazaritza etxea Etxezarretak —Altzibar Berri du izena— eta Nekaturreko kide da. Azken orduan erreserbak egiteko nagusitzen ari den joera berretsi du. «Are gehiago gurea bezalako leku batera etortzen direnean. Jendea gutxiago ateratzen da, eta irteten denean eguraldi ona nahi du. Beraz, zain egoten da azken ordura arte. Gainera, azken orduko gero eta eskaintza gehiago daude, eta jendeak horiei itxaroten die». Abuztua izango da haientzat hilabeterik fuerteena «Uztailetik abuztura saltoa handia da. Iaz, adibidez, uztailean okupazioa %47koa izan zen, eta abuztuan %76koa. Aurten ere bide horretatik joatea espero dugu».
Dena den, onartu du gorabeherak egoten direla landa etxea kokatuta dagoen zonaldearen arabera. «Adibidez, kostaldean dauden landa etxeentzat hilabete indartsuenak udakoak dira. Araban, berriz, ziurrenik udazkena eta udaberria dira sasoirik onenak». Urte osoko lanari eman dio garrantzia Etxezarretak. «Asteburuak oso garrantzitsuak dira, baita Aste Santua ere, adibidez». Dena den, onartu du zaila dela hotelekin eta halakoekin lehiatzea. «Egia da gure prezioak merkeagoak direla hotelena baino. Baina guk logela gutxiago dauzkagu, eta, horrenbestez, marjinatxikiagoa daukagu prezioak jaisteko. Dagoeneko oso estututa ditugu prezioak, eta, beste jaitsiera bat gehiago egingo bagenu, ez ginateke iritsiko ezta ohiko gastuak ordaintzera ere». Krisi garaian aurrera egiteko egin duten ahalegina berretsi du Etxezarretak, eta horrek ahalbidetu diela dauden egoeran egotea. «Sektoreak ezarritako erronkei eta aldaketei egokitzen jakin dugu».
Okupazio maila gora doalako pozik mintzatu da Paul Lizeaga, Adegiren barruan dagoen Gipuzkoako Hotelak elkarteko idazkari koordinatzailea. «Batez ere, estatutik datozen turisten erreserbek egin dute gora. Izan ere, turismo horrek %4 inguru egin du gora. Hori guretzat oso inportantea da. Izan ere, turismo horretan dago sasoia ona edo txarra izateko gakoa». Dena den, tentuz mintzatu da. «Aurreikuspena ona da, baina kontuan izan behar da jendeak gero eta ohitura handiagoa duela azken orduan erreserbak egiteko edo bertan behera uzteko, batez ere eguraldiagatik. Horrek beti eragiten digu». Joera hori krisi garaian sortu dela azaldu du. «Baina errotu egin da. Beraz, ohitzen joan behar dugu, eta horri balioa ateratzen. Nola egin asmatzea da gakoa».
Aurten, «gero eta gehiago» ugaritzen ari diren baimenik gabeko ostatuak dituzte kezka nagusia. «Legedi bat eskatzen dugu, eta ostatu horiek hotelek ditugun baldintzak bete behar izatea, bai administratiboki eta bai ekonomikoki ere». Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspena da horri buruzko lege proposamena urte amaieran eramatea legebiltzarrera. Horren arabera, bizitzeko egokitasuna ez duen etxebizitzetan ezingo dira logelak alokatu. Gainera, logelak alokatzen dituen pertsona ez bada etxebizitza horretan bizi, ostatuen araudi berdina jarraitu beharko du. Halaber, Ogasunean deklaratu beharko du jarduera.
Krisiaren aurrean sendo
Baikor dira ostatuak eta kanpinak ere. Duela hiru urte zabaldu zuten Gasteizko alde zaharrean La Catedral ostatua. Krisi garaia izan arren, urte hauetan negozioa ondo joan zaiela esan du bertako arduradun Iurgi Martinez de Aramaionak. «Esango nuke guri mesede egin digula krisiak. Izan ere, jendeak merke bidaiatzeko aukerei erreparatu die, eta horietako bat dira ostatuak. Jendea konturatu da ostatuak hotelak bezain erosoak izan daitezkeela, eta, gainera, merkeagoak». Haren aburuz, egungo ostatuek ez dute zerikusirik garai batekoekin. «Egungo ostatuen azpiegiturak ia hotelen parekoak dira, eta aukera ematen dizute askeago ibiltzeko: otorduen aldetik, adibidez. Izan ere, sukaldea dago, nahi duzuna kozinatzeko».
Iragan asteburutik, Azkena Rock musika jaialdia izan baitzen, uda amaitu arte beteta izango dute ostatua. «Pare bat egun salbu, beteta izango dugu». Garai batean ostatuetan jende gaztea ibiltzen zen. «Baina gaur egun hori aldatu da. Familia osoak ere etortzen dira. Adibidez, sei kideko familia batentzat merkeagoa da ostatu batean logela oso bat hartzea, hotel batean pare bat hartzea baino, eta hori asko estimatzen dute». Horrenbestez, baikortasunez begiratzen diote udari. «Gainera, ostatuen kasuan ahoz ahokoak asko funtzionatzen du, are gehiago sare sozialak daudenetik. Pentsa ia 68 nazionalitatetako bezeroak izan genituen uda osoan zehar».
Kanpinen kasuan, okupazio aldetik krisia ez dutela horrenbeste nabaritu azaldu du Iñigo Vicentek, Lizarrako (Nafarroa) Iratxe kanpalekuko arduradunak. «Alderantziz. Kanpalekua jartzeko lur sailak beteta izan ditugu, izan ere kanpin batean oporraldia egiteaaukera merkea da, eta jendeak hori bilatu du. Krisia nabaritu badugu, kafetegiko eta supermerkatuko salmentan izan da. Izan ere, aurrezte aldera, jendeak etxetik ekartzen du janaria, edo herriko saltokietan erosten du. Guk horien aurrean prezioetan lehiatzea ezinezkoa da». Dena den, espero dute hori ere pixkanaka aldatzea. «Egiten ari garena prezioak mantentzea da, batez ere egunero beharrezkoak diren produktuetan». Gainontzean, pozik daude. «Uztailaren erdialdetik abuztuaren amaiera arte okupazioa erabatekoa izango da, egun solte batzuetan izan ezik. Esan daiteke krisi aurreko erreserba erritmoan gaudela». Dena den, Vicentek onartu du baita ere, betetze hori lortzea gero eta gehiago kostatzen dela. «Batez ere jendeak azken orduan egiten duelako erreserba. Garai batean apirilerako uda osoa beteta genuen, orain, berriz, ez».
Eguraldiaren menpe
Hain arrera ona izateko gakoa, familia giroko kanpin bat izatea dela uste du Vicentek. «Egun kanpin asko gazteei begira daude antolatuta. Baina hala izanda, ziurrenik, soilik Lizarrako festetan etorriko lirateke. Gure kasuan beste zerbait bilatu nahi izan dugu: kanpin lasai bat izatea». Familia giroko kanpina izanda, garrantzi berezia ematen diote antolatzen dituzten astialdi jarduerei. «Horretan, krisi garaian ere ahalegin berezia egin genuen, batez ere umeei begirakoetan. Izan ere, gurasoek asko eskertzen dute atseden tarteak izatea». Horri lotuta, harreman estua dute eskualdeko hainbat astialdi talde eta enpresekin; adibidez, Urbasa abenturarekin: «Helduei begira ereelkarlana daukagu inguruko upategiekin. Aurten ere eusten diegu elkarlan horiei, izan ere gure eskaintza osatzeko modu bat da, eta hori da bidea lehiakorra izateko bidea». Udako sasoian are beharrezkoagoa iruditzen zaio hori. «Azken batean, guretzat sasoi garrantzitsuena da, udazkenean eta neguan eguraldiagatik ez baita hainbeste jende etortzen».
Iritzi berekoa da Miarritzeko (Lapurdi) kanpineko arduradun Isabel Huguel. «Nik uste dut, krisiak baino guri eguraldiak eragiten digula erreserbetan. Iaz, adibidez, oso uda txarra izan zen, oso euritsua izan baitzen. Aurten, ematen du ez dela horrela izango». Abuztua erabat beteta dute, eta uztailean lehen bi asteetan dute lekua. «Uztailean jendeak zertxobait gehiago itxaroten du, batez ere eguraldia ez delako horren ona izaten. Baina, espero dugu dena betetzea».
Hori lortzen aldera, eskaintza bereziak egiten dituzte. Adibidez, lehen bi hamabostaldietarako %30eko beherapenak jarri dituzte. «Kanpin gehienek udan ez dituzte beherapenak egiten, goi denboraldia delako. Baina guri ondo joan izan zaigu egin ditugunean, eta aurten ere egitea erabaki dugu». Kanpina bi zatitan banatuta dago: gazteentzat bideratuta dagoena eta familiei zuzendutakoa. «Familien gunean nabaritu dugu jaitsiera, baina gazteetan ez. Taldean etortzen direnez kostuak murrizten zaizkie». Aurten familien eskaintza indartu nahi dute.
Eguzki izpiak turismoarentzat
Aste Santuko emaitzei jarraituz, udako sasoia ona izango dela uste dute Euskal Herriko hotel, landetxe, kanpin eta ostatuek. Nahiz eta gero eta gehiago diren erreserbak egiteko azken ordu arte itxaroten dutenak, batzuek jada beteak dituzte uztaileko eta iraileko egun gehienak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu