INAUTERIAK

Eguzkiak zipriztindutako mazedonia

Eguzki izpien pean, ohi baino distira bereziagoa nabari zitzaien atzo Tolosako mozorroei. Kolore guztietako trapuak zeramatzan jendeak soinean, eta bata eta bestea nahastuta, mazedonia itxura hartu zuten kaleek (bideoa: Gorka Rubio / Argazki Press). [Youtube]https://youtu.be/EPgME2BSBuI[/Youtube]

Ihintza Elustondo
2016ko otsailaren 9a
08:47
Entzun

Ez da giro Goenkalen. Lasa anaiak liskarturik daude. Goenkalek oilategia dirudi, eta Lasa anaiak elkarri mokoka bizi dira». Tolosako hamar laguneko kuadrilla batek ozen jarri zuen bozgorailuetatik Goenkaleren sintonia. Telesaila bukatu delako «oso triste» zeuden. Eta nola ez, Kontxu Odriozolaren heriotzak «hunkituta». Hari dolua adierazteko oroigarri bat ere jarri zuten karrozan. Amaierak eta tristurak direla tarteko, soluzio bat bilatu dute: bigarren denboraldi baten inaugurazio ekitaldia prestatu zuten. 2.127.urtera arte iraungo du Goenkaleren bigarren zatiak. Taldeko kide batek afixa bat zuen lepotik zintzilik: «Noiz kristo bukatzen da?», zeraman idatzita.

Eguraldi gozoa lagun, ez zuten biharamun handirik atzo tolosarrek. Aurreko lau egunetan ere festa giroan murgilduta ibili ziren arren, beti gehiagorako prest. Goenkale berriaren inauguraziorako, Boga-boga tabernaren itxurako txosna bat jarri zuten kalean, eta ez ziren falta urdaiazpiko hanka, pintxoak eta ardoa. Eta janaria non, jendea han bildu ohi da. Ingurukoei pintxoak eta ardoa eskaintzen zizkieten, baina ez ziren edonolako pintxoak. Batek baino gehiagok nabaritu zuen gazta itxurako pintxo hura gazta izateko min samarra zegoela. «Piperrautsa bota diogu», zioen zerbitzarietako batek irribarrea ahoan. Ahoko berotasunari aurre egiteko, barra-barra ardoa edaten ari ziren. Erizain bat ere bazen haien artean, badaezpada, istripuren bat suertatuz gero ere. Ondoko gizonezko bat jan eta edan ari zen, txosnatik gehiegi urrundu gabe. «Hau, nire ustez, egun osoan gurekin geldituko da», bota zuen kuadrillako batek.

Inguruan, gora begira zebilen jendea. Fronton jatetxearen teilatuan hiru lagun zeuden, burdina baten gainean eserita, hankak zintzilik zituztela. Empire State eraikineko (New York) argazki famatuko langileen antzera. Handik gertu, berriz, Errege magoak zebiltzan paseoan. Gaspar eta Baltasar sano-sano zeuden, baina Meltxor aulki gurpildunean eserita zihoan, hanka bat bendatuta zuela. Donostiako desfilean gamelutik erori zen, eta lehengoratu ezinik dabil ordutik.

Kuadrilla eta familiak ez ezik, lagun askoko taldeetan bildu ziren herriko aisialdi taldeak. Laskorain ikastolako Kazkabarra taldekoek 400 ikasle baino gehiagoren artean osatu zuten euskal baserria. Neurri guztietako lau barazki eta lau animalia zebiltzan bi hanken gainean. Behi jantzita zihoan Leire Amonarriz, eta txerri jantzita haren lagun Nerea Martinez. Musika jarri, eta koreografia batzuk dantzatzen ibili ziren goiz osoan. Talde guztia koordinatzeko, Gabonetarako hasiak ziren dantzak entseatzen, eta inauteriak bitartean ibili dira pausoak borobiltzen.

Arratsaldean zezen plazara joatekoak ziren biak, izkingileen ikuskizuna ikustera. «Saiatu egiten dira toreatzen, baina ea zer ateratzen zaien», esan zuen umoretsu Amonarrizek. Eta gero, berriro jarraitzeko asmoa zuten aisialdi taldearekin dantzan, ilundu arte. Gauerako, berriz, lagunekin festan segitzeko plana egina zuten. Martinezek esan zuenez, «ondoegi» pasatzen ari da festak. Ezin sinetsita zegoen zein eguraldi ona egiten ari den aurtengo festetan. «Hau historikoa da». Baina Amonarriz kritikoago zegoen; hari ez zaio hainbeste gustatzen inauterietako astelehena: «Jende asko etortzen da kanpotik, eta kaleko bazter guztietan edaten dute».

Antzematen zitzaien bi gazteei egun askotako festaren zama. Eztarria itxia zuten biek; ez zen harritzekoa zeramaten martxa kontuan izanda. Igandean pijama jantzita atera ziren 08:00etako dianara, eta gero tribu afrikarrez mozorrotu ziren kuadrillako lagunekin, goiz aldera arte. Gaur berriro mozorrotuko dira, eta ahalik eta gehien aprobetxatuko dute eguna, parrandako azkena baitute.

Inguruko herrietatik ere jende ugari joaten da Tolosako inauterietara. Orioko kostatik (Gipuzkoa) iritsi berriak ziren eguerdian Alex Mateos eta Maialen Etxeberria. Urtero joan ohi dira egun-pasa kuadrillakoak; normalean jende gehiago elkartzen dira, baina aurten biak bakarrik animatu dira. «Zahartzen ari gara». Lagun batzuek utzi zizkieten arropak: betaurrekoak jantzi zituzten, loreak jarri zituzten burutik behera, ileordeak, bainujantzia... Aurtengoan, hawaiiarrez jantzi eta gerria mugitzea izan da haien hautua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.