Eguzkia eta beroa nagusi izan arren, ohi baino jende gutxiago zegoen atzo Zarauzko hondartzan (Gipuzkoa). Herritarrek nahiago izan zuten festa giroaz gozatu. Euskal jaia izanik, haur eta heldu, gazte eta ez hain gazte, adin guztietako jendea bildu zen kostaldeko herri horretara. Baserritar jantziak soinean eta zapiak buruan, ahal bezala bilatzen zuen itzala jendeak. Sagardoak ere lagundu du barrenak freskatzen.
Maialen Etxabe eta Sara Laskibar zarauztarrak beste hamahiru lagunekin batera irten ziren kalera. Kuadrilla bakoitzak urtero orga bat prestatu ohi du, eta janari-edariak sartu han. Amonak egindako baserritar jantzia zeraman soinean Laskibarrek, eta tortilla-patata pintxo bat eskuan. «Lagun bakoitzak zerbait prestatzen du, eta gero denon artean jaten dugu dena: txistorra, oilasko paparra, bizkotxoak...». Kuadrillako beste batek postrea jan nahi zuela esan zion hari, baina Laskibar harritu egin zen: «Orain bizkotxoa? Oraindik hamaiketakoa egiten ari gara, neska!».
Etxaberen arabera, urteko egunik onena da euskal jaiarena: «Duela bi aste hasi ginen karroa prestatzen. Gaur 09:00etan jaiki naiz, dutxatu, eta, 10:00etarako, kalera. Gure gurasoen adineko jendeak ere ateratzen du karroa, baina haiek material hobearekin egiten dute. Guk, berriz, ahal dugun moduan. Oso lagunarteko eguna izaten da gaurkoa. Egunez izaten da festa; gauean, kanpoko jendea etortzen da». Despistaturen bat ere bazebilen tartean. Baserritar arropa jantzi gabe agertu zen Ander Goia urnietarra. «Ez nekien gaur horrela janzten zirenik. Eskerrak Zarauzko lagun batek bere zapia utzi didan».
Eguerdiarekin batera hasi zen Alproja antzerki taldearen Sustraiak emanaldia, Munoa plazan. Txistu eta danbolin hotsen artean, saltoka eta dantzan iritsi zirenaktoreak. Aurpegiak margotuta, ondo landutako orrazkerak, eta kolore biziko arropak zituzten soinean. Guztiak herritarrak izanik, ezagunen bat pasatzean kasu egin nahi zienik ere bazen publikoaren artean.
Behin pertsonaiak oholtzara igota, burua ondo luzatu behar izan zuten askok zerbait ikusi nahi bazuten. Turistek, berriz, kuriositateak piztuta, kamerak poltsikotik atera zituzten. Suaren bueltan dantzan zebiltzan bederatzi galtzagorri igo ziren lehenik oholtzara. Bizitzan lehen aldiz, arazo bat sortu omen zitzaien. «Nondik gatoz galtzagorriak?». Galdera horri erantzunik ezin bilatuta zebiltzan. Herriko jakintsu batek aholkua eman zien orduan: «Errekaren iturburuan dago zuen jatorria». Beste arazo batekin egin zuten topo, ordea: hiru erreka pasatzen baitira Zarautzetik. Umorea galdu gabe, arbasoen bila jarraitu zuten pertsonaia guztiek
Mitologia batetik, eta herriko kontuak bestetik. Lamiak josten eta Isil-isilik abesten aritu ziren, politikaz eta txutxu-mutxuez ari ziren bitartean. Errealitatea kritikatzera ere ausartu ziren batzuk.
Begi ugari agertokira so, igar zitekeen antzerkiaz gain bazela herrian mugimendua. Joaldunen hotsa entzuten zen urrutira, eta Musika plazan geldirik egon ezinik zebiltzan dantzariak.
Trikitia, fandangoa eta izerdia, gustuko lekuan bakoitzak bilatu zuen bere txokoa.
Eguzkiaren azpian dantzan
Zarauzko euskal jaian, jende ugari animatu da erromeriara eta antzerkia ikustera

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu