Gidoigintza eta aktore zuzendaritzako ikasketak egin ditu Alberto Lagunak (Zornotza, Bizkaia, 1993). Argazki zuzendaritza ikasi du Iker Bilbaok (Zornotza, Bizkaia, 1991). Hainbat proiektu berri dituzte esku artean, eta espero dute horietako batzuk 2018an gauzatuko direla.
Nola sortu zitzaizuen Eguzkiaren bila websaila egiteko ideia?
ALBERTO LAGUNA: Beste websail bat egina genuen. Zornotzako Mangamore jaialdikoek proposatu ziguten beste websail bat egiteko, eta pentsatua genuen ideia bat horretara egokitu genuen.
Zer istorio kontatu nahi zenuten?
A. L.: Lurrari ematen zaion tratua dago oinarrian. Ikuspuntu ekologikoa du. Mangamore jaialdiko maskota modu batean ala bestean tratatu, Lurrak ondorio batzuk ditu. Gizakiak planeta pixkanaka nola suntsitzen ari garen jasotzen da websailaren espirituan.
Bilboko Seriesland jaialdian euskal ekoizpen onenaren saria lortu zenuten, urrian. Zuen lanetarako laguntza handia izan daiteke saria, ezta?
A. L.: Bai, ez genuen espero. Gainera, sari hori ez zegoen jaialdiko sari ofizialen barnean.
Sari horri esker, Alemaniako Die Seriale jaialdian lehian izango zarete, ekainean. Websaila alemanieraz azpidatzi behar duzue?
A. L.: Ez, ingelesezko azpidatziekin nahikoa da. Aurreneko hiru atalak dauzkagu ingelesera azpidatzita, eta atal guztiak azpidatzi nahiko genituzke.
Alemaniako jaialdiak ate berriak zabaltzeko aukera eman dezake?
IKER BILBAO: Kanpoko harremanak izatea oso garrantzitsua da guretzat. Jaialdi batera joaten den jendea beste jaialdi askotan ibiltzen da, gehienetan. Bilboko jaialdian askok ezagutzen zuten elkar, eta hori guztia kate bat da. Oso ondo daude horrelako jaialdiak, harremanei begira.
Eguzkiaren bila websailean elkarrizketa batzuk gaztelaniaz dira, eta beste batzuk euskaraz. Zergatik hautatu zenuten hori?
A. L.: Zornotzan euskaraz hitz egiten duen jendea dago, eta gaztelaniaz egiten duena. Erabaki genuen istorioaren alde sozialena euskaraz egitea, protagonisten lagunekin eta senideekin. Bestetik, tramaren alde ilunena gaztelaniaz egitea pentsatu genuen.
Zer izan zen zailena websaila egiteko orduan?
I.B.: Okerrena zen denbora gutxi genuela. Aldi berean kasik idatzi behar genituen gidoiak, eszenak grabatu eta editatu. Postprodukzioak zailtasunak zituen, efektu bereziengatik. Mangamore jaialdira iristeko zailtasunak izan genituen, baina azkenean iritsi ginen.
Zer beste proiektu dituzue oraintxe?
A.L.: Next Station egitasmora hainbat ideia aurkeztu ditugu, 4Kn euskarazko websail bat egiteko. Ideietako bat Eguzkiaren bila-ren spin-off bat izango litzateke. Eguzkiaren bila-ren bigarren denboraldia ere egin nahiko genuke, baina oraingoz alde batera utzita daukagu.
Iruditzen zaizue websailek, oro har, etorkizuna dutela?
A.L.: Bai, noski. Netflixek iaz Seriesland jaialdiko websail bat erosi zuen. Kontua da Euskal Herrian eta Espainian esaten dutela websailak etorkizuna direla eta beste herrialde batzuetan, aldiz, oraina direla. Espero dugu sektoreak aurrera egitea, eta etxean gelditu nahiko genuke websailak egiten. Frantzian eta Kanadan prestigio handiagoa dute websailek. Seriesland jaialdian ikusi genituen websail batzuk milioi bat euroko aurrekontuarekin. Film bat baino gehiago egin da Euskal Herrian hori baino diru gutxiagorekin.
Iruditzen zaizue Euskal Herriko erakundeek websailak sustatu behar dituztela?
A.L.: Bai, gehiago lagundu beharko lirateke. Kultura bere osotasunean lagundu behar da gehiago. Nabaria da herrialde batzuetan kultura gutxiago zaintzen dela.
Zein websail iruditzen zaizkizue gomendatzeko modukoak?
A.L.: Bilboko jaialdian deskubritu genuen Black Pils izeneko plataforma. Hor mundu osoko websailak daude, guztiak ingelesez, eta denak ederrak dira.
Iker Bilbao eta Alberto Laguna. Websailen egileak
«'Eguzkiaren bila'-ren 'spin-off' bat egiteko ideia aurkeztu dugu»
Bilboko Seriesland jaialdian Zilarrezko Otsoa saria irabazi zuten Bilbaok eta Lagunak, 'Eguzkiaren bila' websailari esker. Datorren urtean Alemaniako Die Seriale jaialdian lehiatuko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu