EHUko zientzialariak, 'Nature' aldizkariko azalean

Saturnoko ekaitzaren inguruan zientzialari euskaldunek eginiko lanaren xehetasunak argitaratu dituzte

Maialen Unanue
Donostia
2011ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia Planetarioen Taldeak Saturnoko ekaitz erraldoiari buruzko nazioarteko ikerketa egin du, eta lanaren oihartzuna AEBetako aldizkari zientifiko entzutetsuenera heldu da. Nature-ko azalean, Cassini espaziontziak hartutako ekaitzaren irudia agertzen da.

Agustin Sanchez Lavega irakaslearen zuzendaritzapean, Europako beste behatoki batzuetako lankidetza izan dute euskaldunek: Valladolideko Miguel de Cervantes Unibertsitate Europarra, Kataluniako Fundacio Observatori Esteve Duran, Almeriako Caltar Altoko Behatokia, Oxfordeko Unibertsitatea eta Parisko Behatokia.

Azterturiko ekaitza —Orban Zuri Handia izenaz ezagutua— espero zena baino bederatzi urte lehenago sortu da, eta fenomenoa ikertu duen zientzialari taldearen arabera, «sorpresa izugarria» eta «ulertzeko erronka handia» izan da.

Japoniatik lehen arrastoak

Iragan abenduan Japoniako astronomo afizionatu batzuek antzeman zituzten ekaitzaren lehenengo arrastoak. Komunitate zientifikoa harrituta agertu da,behaketa teleskopikoak egin diren 130 urteetan, orain arte, fenomenoa erregurlartasunez gertatu baita.

Lavega irakaslearen arabera, ekaitza hasi eta sei hilabete baino gehiago pasa direnean, «jatorrizko guneak aktibo jarraitzen du, ahulduta dagoen arren».

Hipotesi nagusiaren arabera, eraztundun planetaren barne beroak eragiten ditu Orban Zuri Handiaren ekaitz ikaragarriaren haizeak.

Nazioartean ezaguna

Argitaratu berri den ikerlana maiatzean Science aldizkarian argitaratu zen beste baten osagarria da. Lan horretan ere parte hartu zuen Lavegak: tenperatura alorrean eta ekaitzak Saturnoko atmosfera altuan sortu duen osaera kimikoan jasandako nahasmenduak deskribatu zituzten.

Ameriketako Esatatu Batuetako aldizkari horretan argitaratutako azken zenbakikoa ez da Lavegak bertan lortu duen lehenengo azala. Hirutan nagusitu dira haren ikerlanak aldizkariaren lehen orrialdean —1991, 2003 eta 2008an—; Saturnori eta Jupiterri buruzko ikerketak ziren haiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.