M iarritzeko Olympique taldeari buruz solasean hastean, antzeko irudiak heldu dira anitzen burura. Bidarte edo Getariako errugbizaleak gogoan ditu, oraino, Serge Blancoren lasterkaldi ikusgarriak eta Laurent Mazasek 2002an Top 14ko finalean sartutako dropa. Bidasoaz beherako errugbizaleak, aldiz, fite oroituko ditu Anoetako uholde zuri-gorriak, edo Munsterren aurka Donostian estreinatutako ikurrinaren elastikoa. Miarritzeren historia, ezbairik gabe, errugbiari loturik dago.
Alta, iragan urtarrilaren 18an Miarritzeko karriketan desfilatu zuten klubeko 2.500 afiliatuek argi erakutsi zuten: sekzio anitzeko kluba da Miarritze. Eskubaloia, tenisa, atletismoa, belar gaineko hockeya, igeriketa... eta, noski, errugbia dira klubaren sekzio ugarietarik batzuk. Orotara 11 diziplina biltzen ditu Miarritzeko Olympiquek. Urtarrilaren 18ko ospakizunean denek izan zuten lekua.
Hala ere, aitortu behar da Miarritzen errugbia dela nagusi. 1913an, Biarritz Stade eta Biarritz Sporting Clubaren arteko ezinikusien ondorioz, Miarritzeko auzapezak bi taldeen bateratzea agindu zuen: hala sortu zen Miarritzeko Olympique. Bi talderen ezinikusia, bateratzea... XX. mende hasieran, jadanik, gaur egun puri-purian dauden kontuak airean zebiltzan.
Hastapenetik, Aguilera eta Miarritze elkarri lotuta egon ziren. Aguilerako lur eremua espainiar jatorriko aristokrata familia batena zen. 1906an, herriko etxeak 200.000 liberen (30.489 euro) truke erosi zuen. Errugbiak bere jostalekua topatu zuen.
Hastapeneko urteetan, eskutik lotuta joan zen Baiona eta Miarritzeren errugbi historia. 1913an, Harry Owen Roe galesak gidatutako Baionak Frantziako liga irabazi zuen, historiako alderik handienarekin: 31-8. Orduan, joko bizian eta paseetan oinarritutako errugbia nagusitu zen Lapurdiko kostaldean: Baionan eta Miarritzen.
Garai horietan, baina, errugbiak I. Mundu Gerlako lubaki gerlatik zuen gehiago, kiroletik baino. Bortizkeriaz hastio, Baiona eta Miarritze elkarrekin batu ziren, errugbi liga berri bat sortzeko. Oinarriak sinpleak ziren: sailkapena entsegu kopuruarekin finkatu, profesionalismoa eta dirua arbuiatu eta jokoa muinean ezarri.
Ordukoak dira Miarritzeko lehen tituluak: Perpinyako USAP-en aurka irabazitako kopa (1937) eta liga (1938). Ordukoak dira ere Miarritzeko lehen jokalari handiak: Henri Haget irekitzailea kasurako. Ordukoa da ere 1934ko final mitikoa: Baiona eta Miarritze nor baino nor gehiago.
Baionarekin lehia
Urte horietan Baiona eta Miarritze adiskide baziren ere, urteen poderioz ezinikusi sakona sortu zen. Lehen anekdota II. Mundu Gerla ostekoa da: Baionako Xan Arrizabalagak trufaz zalantzan ezarri zuen Xan Arotza Miarritzeko kapitainaren errugbi kalitatea. Parisko bidean, trenean bi jokalariek topo egin, eta zartakoka hasi ziren. Liskarra konpontzeko, boxeo ring batean borroka antolatzea proposatu zuen batek. Erran eta egin. 1946an egin zen borroka famatua. Boxeorako teknikarik ez, eta haizeari joka aritu ondoren, Arotza eta Arrizabalaga bizi osorako lagun min bihurtu ziren!
Bi taldeen ezinikusia, 1960ko hamarkadan ozpindu zen. Tretur afera izan zen lehenik: errugbian Miarritzen ari zen Tretur, eta tenisean Baionako Avironen. Aitzakia batean oinarrituz, Baionak tenis taldetik kanporatu zuen Tretur. 1969an, Miarritzek egin zuen kolpe dorpea. Baionako Xango Iriberri begiz jo zuen. Ligako final-laurdena Baionaren aurka galdu ondoren, Iriberriren aurka salaketa jarri zuen, 13-ko errugbian aritu zela argudiatuta. Bekatu larria zen afizionatuen 15-eko errugbiarentzat profesionalen 13-ko errugbilariak onartzea... Federazioak Miarritzeri arrazoia eman, eta Baiona kanporatu zuen. Finalerdia Miarritzek jokatu zuen, baina bi taldeen arteko haserrea sakon mindu zen.
Ordurako, Miarritzek bere lehen jokalari handia aurkitu zuen: Michel Zelaia. Urtez urte, taldeari fidel egon zen. Jokalari gisa, lehenik. Aitzinlari, kapitain, ostikatzaile... 1950eko hamarkadan, Miarritze Zelaia zen, eta Zelaia Miarritze. Errugbia utzi ondotik, taldeko nagusia bihurtu zen. Batzuetan entrenatzaile, besteetan zuzendaritzako kide, hemen umeekin lanean, han esku kolpe bat ematen...1967an, Miarritze goi mailatik jaisteko zorian egon zen, Landetako Saint Sever taldearen aurka galduta. Hor zen, Zelaia.
Taldeko bigarren jokalari handiaren lehen pausoetan ere Zelaia ez zen urrun. Hark konbentzitu zuen Serge Blanco futbolaren ordez errugbian ari zedin. 1976an, Blancok 17 urte zituenean, Zelaiak eman zion lehen taldearekin aritzeko aukera. Orduan, 15 zenbakia hartu zuen Blancok, eta 1992ra arte ez zion gehiago beste inori eman.
Blancorekin batera etorri zen taldearen susperraldia. 1980ko hamarkadan, azpitik gora joan zen Miarritze: final-zortzirenak lehenik, final-laurdenak gero (1986an). 1992an, Serge Blancok ments zuen titulua lortzeko aukera izan zuen Miarritzek. Baionaren aurka final-laurden historikoa irabazi zuen: 16-15, atsedenaldian 12-4 atzetik zela. Finalean, baina, Toulon handiaren aurka galdu zuen Miarritzek (19-14). Blancok erretiroa hartu zuen, Miarritzerekin deus irabazi gabe.
Jokalari gisa lortu ez zuena presidente gisa lortu zuen. Taldearen burua hartu, eta Miarritzeren bigarren loraldiaren oinarrian izan zen Blanco. 2000n, Frantziako Kopa. 2002, 2005 eta 2006an, Liga. 2012an, Europako Challenge-a. Harrapatu ezineko trofeo bakarra: Heineken kopa. 2006an eta 2010ean final bana galdu zuen Miarritzek.
Hariñordoki, Traille, Yachvili, Lievremont... urte hauetako izarrak zahartu ahala, apalduz doa Miarritzeren maila. Etorkizuna aski beltza du. Hurrengo sasoian kasik segurra du Bigarren Maila. 100 urteko historia oparoa ospatzen duenean, krisi sakona du kirol arloan. Nola aterako da ataka horretatik? Goizegi da, oraino, erantzuna atzemateko, baina historia luze horrek erakusten du goi mailako errugbiak zer errana izaten segituko duela Miarritzen.
Ezarian. Miarritzeko Olympique taldeak 100 urte
Ehun urte baloi obalari segika
Historia luze eta aberatsa du Miarritzeko Olympique taldeak; errugbiak famatu badu ere, beste atal ugari ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu