Makina bat ekitaldiren erdigunea izan da Donostiako Viktoria Eugenia antzokia azken ehun urteetan, eta izugarria izan da hasieratik gaur egunera arteko bilakaera. Horixe azaldu nahi dute #Viktoria Eugenia sare soziala izeneko erakusketaren bidez. Donostia Kulturak antolatu du, eraikinaren 100. urteurrenaren harira. Gaur irekiko dute, 19:30ean, eta uztailaren 31 arte egongo da ikusgai, Donostiako Kutxa Boulevard aretoan, asteartetik igandera. Sarrera doakoa da.
Bi atal nagusi ditu erakusketak. Alde batetik, antzokiaren historia ofiziala kontatzen du. Hainbat panel jarri dituzte horretarako. Horietan, era kronologiko batean, eraikinaren historian izan diren gertaera garrantzitsuenak azaltzen dira. Azalpenak eta garai bakoitzeko irudiak tartekatzen dira paneletan, baita prentsan argitaratutako esaldi batzuk ere.
Argazkiez gain, antzokiarekin zerikusia duten objektuak ere bildu dituzte. Besteak beste, ekitaldietarako sarrerak eta panfletoak jarri dituzte kristalezko bitrinetan. Hormetan, berriz, garai bateko kantaldiak eta beste edonolako ikuskizunak iragartzen dituzten kartelak. Gainera, antzokiko giroa erakusteko, han egondako hainbat altzari eta apaingarri jarri dituzte erakusketan.
Historia ofiziala da hori, baina antzokia bertatik bertara ezagutu dutenen bizipen pertsonalak eta pasadizoak ere bildu dituzte. Horretarako, 100 urte, 100 istorio izeneko bideoa egongo da ikus-gai momentu oro erakusketan. Izenak dioen bezala, ehun pertsona agertzen dira bideoan, bakoitza bere esperientzia kontatzen. Tartean dira Aizpea Goenaga zinema zuzendaria, Ramon Agirre aktorea, Montserrat Caballe abeslaria eta beste hainbat jende ezagun. Bi orduko iraupena du, eta behin eta berriro erreproduzituko dute. Bideoa erakusketako gainontzeko elementuen osagarria izatea nahi dute; hala, erakusketa ikusi bitartean, bideoaren ahotsa entzun daiteke bozgorailuetatik.
Partaidetza ere bultzatu nahi dute. Erakusketan txoko bat prestatu dute horretarako. Jendeak etxean gorderik dauzkan argazkiak edota objektuak biltzea da asmoa. Liburu bat ere jarri dute txoko horretan, jendeak iruzkinen bat utz dezan. Era berean, Twitter sare sozialaren bitartez ere egin daitezke iruzkinak, #viktoriaeugenia etiketa erabilita. Jasotako irudi eta objektuak San Telmo museoari emango dizkiote erakusketa amaitutakoan.
Ehun urteko historia ikusgai
Viktoria Eugenia antzokiaren bilakaera azaltzen duen erakusketa bat irekiko dute gaur; 20an beteko ditu ehun urte antzokiakHistoria ofizialaz gain, ehun pertsonaren bizipenak jaso dituzte bideo batean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu