Ezarian. Zientzia

Ehunka gaitz infekziosoren aurka egiteko formula aukeztu du Patarroyok

Malariaren aurkako sendagaiaren bertsio hobetua ere probatu du animaliekin, %90eko eraginkortasunez

Inigo Astiz
2011ko martxoaren 31
00:00
Entzun
33 urte eman ditu horretan, eta pertsonala izan da dema. 1986an malariaren aurkako sendagai sintetikoa lortu, eta hura hobetzen eta gaixotasun infekziosoak ikertzen urteak pasatu ditu Manuel Elkin Patarroyo zientzialari kolonbiarrak. %20 eta 50 arteko eraginkortasuna lortu zuen bere lehen malariaren aurkako txerto hark, eta bigarren belaunaldia sortu du orain. Tximinoetan probatu du, eta kasuen %90ean funtzionatzen du. Entsegu klinikoak hasi nahi dituzte orain. Chemical Reviews aldizkarian argitaratu ditu emaitzak, Adriana Bermudez kimikaria eta Manuel Alfonso Patarroyo medikuarekin batera. Ez da gutxi, baina gehiago dago. 500dik gora gaitz infekziosori aurre egiteko formula bat sortu du.

Dekalogo bat da, funtsean, Patarroyok eta kideek aurkeztu dutena, munduan urtean 16 milioi hildako eragiten dituzten 517 gaixotasun infekziosori aurre egiteko. Ez da txikia kolonbiarrak sortu duen printzipio eta lege sortaren asmoa. Zientzialarien hitzetan, hura jarraituz, edozein laborategitan sor daitezke gaitz horietako gehienei aurre egiteko sendagaiak.

Ikusezina ikusgarri egitea

Ikusezinak izaten dira gaitz horiek sortzen dituzten parasitoak sistema immunologikoarentzat, eta hori izaten da arazo nagusia. Gorputzarentzat ez dira esistitzen, eta ezin haien aurka egin. Hori da aurkikuntzaren giltza: ikusezin zena defentsentzat ikusgarri bihurtzea. Kimikaz baliatu dira horretarako malariaren kasuan, eta hori da beste gaitzekin egin litekeena ere. Parasitoak zeluletara itsatsi eta infektatzeko erabiltzen dituen molekulak identifikatu dituzte, baita moldatu ere.

Globulo gorrietan itsasten dira molekula moldatu horiek, eta gorputzak identifikatu egiten ditu. Hala, organismoari gaitzaren berri ematen diote molekula horiek, eta sistema immunologikoa aktibatu egiten dute. Ondorioa: txerto gisa erabil daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.