1920. urte ingurura egin behar da jauzi armen ekoizpeneko dibertsifikazio hori ezagutzeko
Krisia eragin zuen beste arrazoi bat ere aipatzen du Alustizak: «Ordura arte AEBen patenteak hartu eta kopiatu egiten zituzten eibartarrek. Horrela, ez zuten zertan patenterik ordaindu». Gaur egun Txinan eta Vietnamen imitaziozko produktuekin egiten dutena ekarri du gogora historialariak: «Arma horiek, gainera, estatubatuarrek baino merkeago saltzen zituzten». Trikimailuaz ohartuta, alabaina, AEBetan armak saltzeko debekua ezarri zieten.
«Izugarrizko krisia izan zen». Herritar ugarik Asturiasko eta Burgosko meategietara emigratu zuten lanera. Eibarren geratu zirenen «irudimena» goraipatzen du Alustizak. «Dirurik ez zutenez, armak egiteko erabiltzen zituzten makinekin produktu berriak ekoizten hasi ziren: Orbea eta BH lantegiek bizikletak egin zituzten; Alfak, josteko makinak, eta El Cascok, grapagailuak».
Nola da posible makina berekin produkzioa aldatzea? «Produktuak ez direlako hain ezberdinak euren artean». Armak eta bizikletak hodiz osatuta daude, eta josteko makinetan orratza mugitzeko metodoa eta bala armatik irteteko erabiltzen den sistema ere berdina omen da.
Nolanahi ere, lantegi gutxi batzuek jarraitu zuten armak ekoizten. «Espainia eta Hego Ameriketako herrialdeak ziren eroslerik nagusienak».
Gaur egun, artisau batzuek irauten dute. Produkzio txikia eta «goi mailakoa» da; bakoitzaren neurrira egindako armak baitira. «Dirudunak dira erosleak. 9.000 eta 12.000 euro balio duten armak dira», azaldu du historialariak.