Komunikazioa

EITB ahulago gelditzeko bidean da

Eusko Jaurlaritzak ordaindutako bi txostenek garrantzitsutzat jo dute EITBren kontratu programa, baina Blanca Urgellek iragarri du datorren urtean formula hori ez dutela erabiliko.

EITBko arduradunak, Patxi Lopez eta Blanca Urgell EITB Nahieran-en aurkezpenean. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Donostia
2011ko urriaren 11
00:00
Entzun
Aurreko astean Blanca Urgellek iragarri zuen Eusko Jaurlaritzak EITBri emandako dirua %8,4 gutxituko dela. Kontratu programaren formula ez dutela erabiliko ere iragarri zuen. Eta azken erabaki horrek kontrako iritziak sorrarazi ditu. Andoni Ortuzar EAJko BBBko buru eta EITBko zuzendari ohiaren arabera, «EITB kontratu programarik gabe uztea duela 20 urteko TVEra itzultzea bezala da». Taldearen gainean hartu diren erabaki larri eta kezkagarrienetakoa da, haren ustez. Jaurlaritzako Kultura sailak bi txosten ordaindu ditu, kontrajarriak, baina biek bat egiten dute gai batean: oso garrantzitsua dela EITBk duen kontratu programen formula. Kasu honetan, adituek goraipatzen dutenaren aurka egitea erabaki dute Kultura sailak eta EITBko zuzendaritzak. Andoni Basabe ETBko Zentroarteko Batzordeko lehendakariaren ustez, kontratu programak egonkortasuna ematen zion EITBri. «Eta hartu duten erabakiak, ostera, prekarietatean irautera garamatza».

Lehen kontratu programa 2002tik 2005era izan zen, 2006an luzatu zena. Bigarrenak, 2007tik 2010era iraun zuen. Bere garaian, EAJk, EAk, PSEk eta PPk babestu zuten. «Helburu eta neurgailuak jartzeko balio zuen: audientzia, saio kopurua, kultur saioak... Hori gabe EITB desarautu egingo dute, eta edozein lardaskeria egin ahalko da», salatu du Andoni Ortuzarrek. EAJk legez besteko proposamen bat aurkeztu du, kontratu programa mantendu dadin.

Diru laguntzei dagokienez, 2009. urtean Eusko Jaurlaritzak 154 milioi euro eman zizkion EITB taldeari; 2010ean, 148 eta 2011n 144 milioira jaitsi da. Datorren urtean 132 milioi eurokoa izango da laguntza. «Eusko Jaurlaritzak EITB ahuldu nahi du, eta estrategia horren barruan sartzen da urtetik urtera aurrekontuak behera egitea», dio ETBko Zentroarteko Batzordeko arduradunak.

Langile taldean murrizketak egingo ditu EITBko zuzendaritzak. Baina kontu hori ez da gaurkoa. Alberto Suriok apirileanBERRIAri azaldu zion Eusko Legebiltzarrak legez ezarritako erregulatzearekin egungo 1.100 langileak 979ra jaistea nahi zutela. Hiru urterako erregulatze plan bat martxan jarriko zutela adierazi zuen. Suriok dioenez, lan taldea iaz hazi egin zen, kontratu merkantila zuten 120 langile taldera pasa zituztenean. Andoni Basabek uste du zuzendaritza berriak arrazoia duela kasu horretan aurreko zuzendaritzari errua botatzean. «Egia da kostuek gora egin dutela, baina egia da ere gehienetan langile horiek beharrezkoak direla produktu duina eskaini ahal izateko. Kontuak gardenki eramanez gero, gastuen ataletik soldaten atalera eramatea besterik ez da, behin iruzurra kitatu ondoren». Erretiro aurretuak behartu nahi ditu, batetik, zuzendaritzak.Basaberen arabera, aurrera begirako apustua garbia da: «Egitura minimo bati eutsi, gainontzekoa azpikontratatuz».

Arritxu Iribar Euskadi Irratiko kazetariak igandean BERRIAri esan ziona ere kontuan hartzeko modukoa da: «Momentuko krisi honetaz gainera, eta zuzendaritzan izan diren aldaketa politikoez gainera, aurreko kudeatzaileen herentziaren ondorio ere bada egungo egoera hau».

Miramon, gutxi erabilia

Azkeneko bi udetan Miramongo egoitzako platoak geldirik egon dira. ETBko Zentroarteko Batzordeko lehendakariak onartu du Miramon ez dela behar bezala baliatzen: «Hainbat lan kanpora ateratzen dira, nahiz eta programa horiek egiteko baliabide nahiko izan Miramonen». Basaberen ustez, lehendabizi etxeko langileei eman beharko litzaieke lana, «eta lan karga handiegia bada, orduan enkargatu kanpoko enpresei». Eusko Jaurlaritzak eskatuta Madrilgo enpresa batek egindako txostenak Miramon ixtea gomendatzen zuen, baina Alberto Suriok ziurtatu du ez dutela halakorik egingo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.