Komunikazioa

EITBri jarduera plan bat eskatuko diote EAJk, EAk, Aralarrek eta EBk

Sektorearen eskaerei helduta, legez besteko proposamen bat eztabaidatuko dute Eusko Legebiltzarrean

Goenkale da ETBrako gaur egun egiten den fikziozko ekoizpen bakarra. Irudian, aurtengo aktoreak. ETB.
urtzi urkizu
Donostia
2012ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Ibaia euskal ekoizpen etxeen elkarteak, euskal gidoilarien elkarteak eta EAB aktoreen sindikatuak osaturiko Ikus-entzunezko Plataformak jendaurrean salatu duenez, telebista fikzioa «ia erabat» desagertu da, eta horrek berekin ekarri du «proiektuak geratzea eta euskal ikus-entzunezkoen sektorea desprofesionalizatzea». Plataforma horretako ordezkariek bilerak egin dituzte azken bolada honetan Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi guztiekin, eta beren eskaerei erantzuteko ekinaldiak egiteko eskatu diete.

Eskaerari erantzunez, EAJk, Aralarrek, EAk eta Ezker Batuak legez besteko proposamen bat aurkeztu dute, eta hemendik gutxira Eusko Legebiltzarrean eztabaidatuko dute. Proposamenaren lehen puntuak eskatzen du legebiltzarrak aldarrika dezala ikus-entzunezkoen sektorearen garrantzi estrategikoa eta kultura, industria eta enplegu arloko poltika garatzeko duen funtsezko eginkizuna. Bestetik, Eusko Legebiltzarrak premiazkotzat joko luke ETBk bere programazioan nabarmen gehitzea fikziozko, animaziozko eta kalitatezko entretenimenduzko programen eta dokumentalen eskaintza, euskaraz zein gaztelaniaz. Halaber, proposamenaren hirugarren puntuak jasotzen du Eusko Legebiltzarrak EITBri eskatzea sei hilabeteko jardun plan bat aurkezteko, euskal ikus-entzunezko sektorearekin batera. Plan horretan aipatutako edukiak gehitzeko neurriak hartuko lirateke. Azkenik, plan horren helburuak gauzatzeko, EITBk zer-nolako aurrekontua beharko lukeen finkatuko litzateke.

PPk, PSEk eta UPDk osoko zuzenketak aurkeztuko dituzte proposamenaren harira. PSEk nabarmendu nahi du EITB egiten ari den «ahalegina» ikus-entzunezko sektorea laguntzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.