Komunikazioa. Ekografiak

Ekaitz perfektua (eta II)

Jokin Labaien.
2011ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Esaten ez denak esaten denak baino gehiago adierazi dezakeela dioen esapideaz aritu nintzaizun atzo. Aipu ona zen, asteon Radio Euskadik Alberto Surio EITBko zuzendari nagusiari egindako elkarrizketaren gainean aritzeko. Bestela ere hartu daiteke, hala ere. Esaten denak esaten ez denak bezainbeste adierazi dezakeela, hain zuzen. Hamabost minutuko elkarrizketan bere etxeko irratien izena oker esaten duenak, nahi gabe ere, asko baitio bere eguneroko ideologiari, jarrerari, jarduteko erari eta guztien batura diren ondorioei buruz. Nik dakidala, hark Eusko Irratiak deritzenak ez dira existitzen eta.

Horrek, agian, lotura zuzena du elkarrizketa berean aipatu zituen gerra azaleko eta partidista eta borroka politikoarekin. Bukatu egin behar omen dute. Zail dago. Bera ere, egungo politikagintzak eta hedabideak kudeatzeko sortu zen sorgin gurpil itxuraz atzera ezinak ezarri baitzuen dagoen lekuan. Haren jardunbidea kazetaritzari eta kudeaketari adina lotzen baitzaio politikari. Karguak izaera hori du aspalditik. Ongi burutu du berea, eguraldi mapa eta beto. Eta kritikak beragan zentratzea zer moduz daraman itaunduta, lasai dio berari baino haren lantaldeari zuzentzen zaizkiola. Eta, gainera, kritikak zentzuz eginak badira kiroltasunez hartuak behar dutela. Ez dakit nik. Maiz irakurri izan ditut haren jardueran konpetentzia baina ideologian adiskide den egunkariren batean esan izan dituenak. Zentzuaren araberakoa izango da. Norberak berea eta hura zuzena. Kiroltasuna, etxerako. Eta elkarrizketatzaileak, bukaera aldera, hara non eskatzen dion gaurko zuzendari nagusiaren jaka alboratu eta garai bateko analista politikoarena janzteko, iragan hauteskundeen emaitzak baloratzeko. Nekez pasa zuen trantzea bere karguak eskatzen dion erantzukizunaren babesean, baloiak kanpora botaz. Ordea, aipatu bezala, berak zuzentzen duen etxeak argi erakusten du, egunerokoan, analisi horren berri.

Hala, generoaren gaia irten zen arte. Irailetik aurrera genero berdintasunerako plana jarrikodu martxan EITBk, parekidetasuna lortzeko. Hitzik ez, hainbat saiotan emakumeez ematen den irudiaz. Duela gutxi, Ni más ni menos saioa emakume erakargarri batekin hasi zuten. Bikotea behar omen zuen, Klaudio Landak zioenez. Hark, hitzik egiteko aukerarik ez, erakusleihoan balego bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.