EKOGRAFIAK. Erorikoaren heroi

Asier Sarasola.
2007ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Euria ari du Rangunen idatzi zuen, ez dago leihorik ez kanpoalderik, eta ez du euririk ari Rangunen. Jolasak hemen idatzi zuen Pizarnik idazle argentinarra besarkatzeko. Komuneko papera baino luzeagoak ziren beso haiekin paperean bederen besarkatzeko idatzi zuen Julio Cortazarrek.

Hopper-en margolan baten gisan, ez zuen zigarreta gutxiago piztuko Burma shave delakoan Tom Waitsek. Duela ez asko aldatu zuen ingeleserazko Burma deitura Myanmar egungoaren partez, agintean den junta militarrak. Shave horrek ez du ikustekorik protestan jalgi diren monjeekin.

Halakoa da nagusitzen den ezjakintasun eta desinformazioa, azafrai iraultza izendatuaren inguruan. Azafrai, monjeen tuniken koloreagatik. Karminagoa da zapalketaren kolorea ordea. Kezkaturik dago nazioartea, baina ez sarraskian parte hartzeko moduan.

Sabotajea izan dela salatu dute albistegi espainiarretan, baina hitzei loditasuna kendu nahi baliote bezala. Nazionalismo koldar eta ahulenaren erakusgarri gertatzen dira sarri kirol berrien tarteak. Fernando Alonsoren istripuaz ari dira. Gidatzen duen makineria delikatuan ez dakit nolako manipulazioak iradokitzea pilotu aurkariaren mesedetan, kalte larriak ekar litzakeen gertakizunak salatzea hain era merkean kazetaritzatik kanpo beharko lukete.Audientzia ikaragarriek, aldiz, eldarnioa sostengatzen dute. Eta aurtengoa galdutzat eman ostean, datorren urterako produktu erakargarria saltzen hasi dira; Ferrariren gorria janztera doala asturiarra esanez, zaleon zoramenerako. Gorria, zapalketak daraman kaskoa.

Gero, Héroes telesaila estreinatzen dute ETB2n, AEBetako arrakastaren ostean. Ulertzekoa da AEBetako arrakasta; New York mehatxupean delako hamaikagarrenez. Leherketa nuklearra omen dator, baina ez dakigu oraindik erasoa ala suizidio kolektiboa izango den. Izenburuko heroi arruntak (bat-batean superahalmenen jabe diren herritarrak) saiatuko dira ekiditen. Protagonistetako bat japoniarra da eta japonieraz egiten du. Azpitituluei esker ulertzen diogu dioena. Zergatik baina gaztelerazko bikoizketa doan eman eta euskarazkoa erostera behartu ikuslea? Efektu berezien uholdea dator, ez dakigu zer eguraldi den Lakuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.