Elikadura. Eko-tik

Ekoizpen ekologikoaren aurkako erasoen aurrean?

2011ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Nekazaritza ekologikoa bideak zabaltzen dabil. Horren adierazle, aspalditxoan egunkarietan jasotzen ditugun albisteak. Alde batetik, jarrera aldaketa positiboak ikusten dira, alderdi politikoek nekazaritza ekologikoa bultzatzeko egin dituzten proposamenetan islatzen dena. Adierazpenetatik ekintzetara pasatzea da gakoa, eta, hor, ezer baino lehen, bertoko ekoizpen ekologikoa bultzatzea da oinarria, salmenta edo merkaturatzea erraztea baino. Edonola ere, seinale ontzat daukagu ekoizpen ekologikoa hartzen ari den presentzia.

Beste aldean, ordea, ekoizpen ekologikoaren aurkako erasoak daude, azken hiru hilabete hauetan etengabe irakurri ahal izan ditugunak. Beste gairen bat aitzakiatzat hartuta (GEOak izan, mikrobioak izan…), eredu ekologikoa desprestigiatzeko aprobetxatu dute aukera «zientzialari» zein «mediku» zenbaitek. Datu zehatzik edota erreferentziarik eman gabe, eredu ekologikoa gezurtatzen ibili dira, eta larriena da komunikabide indartsuen laguntza izan dutela horretarako.

Eraso horiei erantzun edo ez izan da eztabaida. Azkenean, erantzutea erabaki dugu, baina gurea aldarrikatuz. Zinez erraza da nekazaritza eta abeltzaintza industrial-konbentzionalaren zuloak topatzea, hamarkadetan eragindako kalteak nabarmenak baitira, eta, gainera, ondo ikertuak daude. Baina bide horretatik ez joatea erabaki dugu, eta gureari (ekologikoari) garrantzia emanez, aldarrikatuz, aurrera jotzea. Errealitateak —denborak— bakoitza bere lekuan jarriko duelakoan gaude. Sasi guztien gainetik, aurrera goaz.

Nekazaritza ekologiko, biologiko edo organikoa, lurraren emankortasuna, eta ekosistemen eta gizakien osasuna mantendu eta indartzen duen elikagaiak ekoizteko eredua da. Prozesu ekologikoetan, biodibertsitatean eta lekuan lekuko zikloetan oinarritzen da, kutsadura eragingo luketen kanpo baliabideak baztertuz. Horregatik, nekazaritza ekologikoaren teknikak muzin egiten die ongarri kimiko, pestizida, genetikoki eraldaturiko organismo eta, oro har, naturalak ez diren bestelako gai sintetikoei.

Nekazaritza ekologikoak betiko ohiturak, berrikuntza eta zientzia uztartzen ditu. Guztiok partekatzen dugun ingurumena zaintzen du; bidezko harremanak bultzatzen ditu; bizi-kalitatea zentzurik zabalenean hobetzeko lan egiten du.

Nekazaritza ekologikoaz edozein zalantza edo galdera izanez gero:

Biolur-Gipuzkoa Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Gipuzkoako Elkartea.Tel.: 943-76 14 47

[email protected]

ENEEK - Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua.Tel.: 902-54 01 65

[email protected]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.