Yvonne M. Berardi (1961, Basilea, Suitza) zazpi urtez bizi izan zen El Salvadorren, fotokazetaritza irakasle. Otsailean itzuli da hara, hamabost urte han izan gabe egon ondoren. Oraingoan, baina, fotokazetari gisa joan da. Cecibel Romero kazetariarekin batera, Erdialdeko Amerikan emakumeek ekonomia feministako eskolaren ondorioz sortu dituzten egitasmoak erretratatu dituzte. Erakusketa bat antolatu dute bildutako dokumentazio guztiarekin, eta, atzoz geroztik, Bilboko Hika Ateneoan dago.
Hamabost urte igaro eta gero, nola topatu duzu El Salvador?
Asko aldatu da, baina, era berean, dena berdin dago. Ibilgailu gehiago daude gaur egun, baina, emakumeek euren egoeraren berri hitz egin didatenean, betikoa entzun dut. Ekonomikoki gaizki daude, eta baita sozialki ere.
Ekonomia feministako eskoletan egon diren emakumeen ekimenez sortutako proiektuak ezagutu dituzue. Zer topatu duzue?
Emakumeekin izan ditugun bilkura ia denak oso positiboak izan dira. Borrokatzeko indar handia zeukaten, eta euren krisi pertsonal edo ekonomikoa gainditzeko gogotsu sumatu nituen. Bertako bizi baldintza gogorren aurrean, ekonomia feministako eskolei esker euren bizitza aldatu ahal izan duten emakumeak topatu ditugu. Denek esan digute eskola horiek askatzaileak izan direla. Ekonomia feministak andre askoren bizia aldatu du.
Zein irakaspen eman dizkiete?
Hondurasko Lorena Hernandez Vazquez, esaterako, komunitate bateko liderra da orain. Berak zioen eskolara joan aurretik apenas hitz egiten zuela, eta lotsatia zela. Ikastaroa jaso ondoren ikusi zuen berak esaten zuenak balioa zuela, eta eskubidea zuela hitz egiteko.
Hasieran esan duzu ez dela ezer aldatu, baina zerbait aldatu den seinale da hori, ala?
Herrialdeko bizi baldintzak oso zailak dira gaur egun oraindik. Emakume batzuk elkartzen hasiak dira egoerari buelta emateko, inork ez duelako haiengatik lanik egingo.
Eta zein izan ohi da gizonen erantzuna halakoetan?
Hondurasen, esaterako, proiektu batzuetan gizonek ere parte hartzen dute. Horiek adibide positiboak dira, baina kontrako asko daude. Hernandez Vazquezen kasua aipatu dut lehenago, bere herriko zinegotzi ere badena. Herriko alkateak hogei urte daramatza agintean, eta ez dago batere gustura, emakume batek kontra egiten diolako.
Eskola feministatik atera ostean, oinarrizko proiektuak abiatu dituzte: baratzea, errota, liburutegi bat... Egitasmo sinpleak dirudite, baina nolako aurrerapausoa izan da haientzat?
Handia. Erdialdeko Amerikako gizartean ez dago emakumeen aldeko politikarik, ez dira existitzen hemen ezagutzen ditugun politika sozialak. Horrek esan nahi du Hondurasko emakumeek baratze bat jartzen badute euren ekoizpena saldu dezaketela, eta hori ez dute egin ordura arte, lurra gizonek lantzen dutelako. Hori oso garrantzitsua da.
Politika neoliberalek emakumeengan duten eragina ere azaleratzen dute ekonomia feministako eskolek. Sistema kapitalistaren aurkako borrokan ere murgildu dira emakume horiek?
Proiektu guztietan izaera hori sumatzen da, bai. Ahal dutenean ekonomia ez-kapitalistak garatzen saiatzen dira. Esaterako, sendagai naturalak egiten hasi dira batzuk, kapitalismo handiaren logiketatik kanpo. Galdutako jakintza berreskuratzen saiatzen dira, eta sendagai naturalak erabiltzen hasi, farmazeutiken botikak ez kontsumitzeko. Beste adibide bat: eraikuntza enpresen aurka borrokan ari den herri bat, El Salvadorren. Hori ere bada kapitalismoaren aurka borrokatzeko modu bat.
Eskola feministek, emakumeei ez ezik, zer eskaini diote gizarteari?
Gizartearen zati batek, kasu honetan emakumeek, ikasten badute euren eskubideak zeintzuk diren, gizartea bera ere aldatu egingo da nahi ala ez. Gizartean bertan eragiten dute euren ikuspegi berri horrekin, eta, ondorioz, gizarteak berak ere erantzun beharra dauka. Denentzako onurak dakartza.
ATZEKOZ AURRERA. Yvonne M. Berardi. Argazkilaria
«Ekonomia feministak andre askoren bizia aldatu du»
Erdialdeko Amerikan ekonomia feministako eskolaren bidez sortutako egitasmoak ezagutzen ibili da Berardi. Horiei esker emakumeek ordura arte ez zuten askatasuna topatu dutela dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu