DOCTOR FERMIN ETA MISTER JAI

Ekuatorean gain behera

Bestaren erdigunera ailegatuta, kalean antzeman liteke nekea eta jende kopuruaren jaitsiera. Batzuk azken txanparako indarrak biltzen ari dira, baina Mister Jai sasoiko dabil.

Su besta gautxorien eta goiztiarren arteko muga izaten da, etxeratzeko edo etxetik ateratzeko tenorea. IDOIA ZABALETA / ARP.
Iker Tubia.
Iruñea
2014ko uztailaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hustu dira kaleak. Baina besta ez da bukatu. Erdi-erdian gaude, zurrunbilo zuri-gorriaren ekuatorean, eta jada hasi naiz nekea antzematen. Bazkal ondoan sofan etzatea ezinbestekoa izaten da bosgarren egunetik aurrera. Lehenbizikoetan ere izaten dira tentaldiak, baina oinik dudanik ere ez nago seguru momentu hauetan. Tira, txurro batzuk erostera gutxienez atera beharko.

Ekuatorearen marrak zeharkatzen du gure planeta, iparra eta hegoa banatuz. Sanferminek ere badute beren iparra eta hegoa. Ezberdinak, baina aldi berean antzekoak. Udaletxe plazan hasitakoa Udaletxe plazan bukatzen baita. Hamabietan abiatutakoa hamabietan burutuko da. Ekuatorea, baina, idorra izaten da. Kanpotik etorritakoek alde egin ohi dute, etxeko batzuk ere oporretara joaten dira, eta bestazale askok egun bat edo bi hartzen dituzte atseden hartzeko.

Kalera aterata, lasai ibiltzeko tokirik badela konturatu naiz. Mozkorkeria gutxiago eguerdiko hamabietan, eta aurpegi hobeak Alde Zaharrean direnen artean. Ekuatorea parabolaren erpina da, gorenean diren bi muturren arteko puntu baxuena, kurbadura edo makurtasun handiena duen tokia. Ni bezalako iruindarrentzat, baina, badu Gaussen kanpaiaren antza ekuatoreak. Lasai ibiltzeko parada, etxekoekin gozatzeko sanferminak eta kaleetan aurrera egiteko bultzadak eta ukondokadak albo batera uzteko garaia baita. Puntu gorena ere izan liteke, beraz, ekuatorea.

Sanferminetan ekuatore edo erdigune asko ikus ditzakegu. Entzierroa izan liteke beste bat; batzuentzat, egunaren hasiera eta besteentzat, bukaera. Gautxoriak eta goiztiarrak biltzen dituena. Su besta ere halaxe da. Erdi-erdian dago, gau giroan eta eguneko bestan murgiltzen direnen arteko muga izaten da. Iparra eta Hegoa banatzen dituena, nire eta Mister Jairen artean dagoen marra gorria da.

Tarteko egunetarako aproposa da su besta. Gaztelugibeleko inguruetan bueltatxo bat eman, belardietan toki bat topatu eta hantxe, goxo-goxo, ogitarteko bat jatea bezalakorik ez dago. Pun! Lehenbiziko abisua. Inguruan jendea esertzen hasi da. Pun! Bigarrena, jada ez dago inor bueltaka. Pun! Hasi da su besta.

Suen burrunbak lasaitu egiten nau, eta pentsatzeko baliatzen dut sarri. Suek zerua margotzen duten bitartean ari naiz lerro hauek idazten. Izan ere, azkenaldian zerbait arraroa gertatzen ari zait, eta lehenbailehen lekukotasun idatzia uztea beharrezkoa dela deritzot.

Doktorearen asmakizuna

Sanferminak hasi aurretik lanean aritu nintzen esperimentu berri batean. Gai kimikoen elkarte bati gatz mota bat erosi nion, kopuru handi bat. Jakin banekien hori zela behar nuen azkenengo osagaia. Uztailaren 5ean, gauez, osagai guziak nahastu egin nituen, eta sutan irakin. Dena proban hodian sartu, eta han utzi nuen hozten. Pertsona ez da bat, bi baizik. Nire ikerketek hala frogatu dute, oraingoz. Eta uztailaren 6an demostratu nuen.

Hamarretan lagunekin geratu, kalean mahaiak muntatu eta hamaiketakoa hartu genuen elkarrekin. Zapia lepoan lotzean, baina, gogoratu nuen sakelan nuela proba hodia. Ezin izan nion eutsi, nire basoan bota eta edan egin nuen. Eztarria sutan neukan, urdaileraino ailegatu zen likido hura, eta barnean su besta hasi zen. Are, azken traka sentitu nuen nire barrenean. Bai, hurrengo egunean zonbien antzera kaleko kantoi batetik bestera ibiltzen zen morroi hura nire eraldaketaren fruitu zen. Baina ez nintzen ni: Mister Jai da; horregatik, berari buruz hirugarren pertsonan aritzen naiz.

Arazo bat dut. Lehenbiziko egunetan nik erabaki nuen noiz egin itxuraldaketa. Baina jada ezin dut kontrolatu. Besta grinak bihurtzen nau Mister Jai. Pun, pun! Suek begiak piztu dizkidate. Jende gutxiago dago ekuatoreari esker, kaleak Mister Jaik menpera ditzake. Badator azken traka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.