Horretarako, XVI. mendeko presa zaharra baino gorago beste presa berri bat eta uhate handietako etxe bat eraiki ziren. Horrela, ura Zaragozaraino erraz irits zitekeen.
Guztira, Kanal Inperialak 108 kilometroko ibilbidea du, Fontellasko El Bocaletik Zaragozako sakanera doana. Herri lana 1790. urtean bukatu zen. Ebro arroilako herrien garapena ekarri zuen kanalak. Nekazariek labore berriak sartu zituzten, eta hiri eta industria horniketarako ur nahiko zuten inguruko herriek. Gainera, kanala ezinbestekoa izan da eta da Zaragoza hiriarentzat, edateko ura bertatik hartzen baitu.
EL BOCALEKO AUZOA EDO HERRIXKA. Fontellasko herriaren hego-ekialdera dago El Bocaleko herrixka, Ebro ibaiaren eta Kanal Inperialaren artean. Hara iristeko A-68 autopista hartu behar da eta Tuterako irteeran atera. Ondoren 5.281 errepide nazionala hartu behar da ezkerretara.
Behin Erriberako Fontellas herrira iritsita, El Bocalera ailegatzeko aurrera jarraitu behar da kilometro eta erdi eskas. Karlos V. aren jauregiak eta Uhatetako etxeko presak, lorategiak eta langileak bizi ziren herrixkak osatzen dute El Bocaleko auzoa. Karlos V.aren jauregia XVI. mendean eraiki zuten, lehen presarekin batera, baina XIX. mendean berritu zen, eta aldaketa asko egin zizkioten. XVIII. mendeko Uhatetako etxea, berriz, joan den urtean zaharberritu zuten, baina berrikuntzarekin ez diote itxura aldatu. Gaur egun langileak bizi ziren herrixkan Ebroko Ur Konfederazioko bulegoak eta enplegatuen etxebizitzak ere badaude.
Garai batean, eskola, frontoia eta ostatua ere bazeuden joan-etorrian ibiltzen zirenak ostatu har zezaten. Duela urte gutxi arte, Kanal Inperialaren mantentze lanetan aritzen zen jendea El Bocaleko auzoan bizi zen. Fisikoki auzoa igitai forma duen erdi uhartea da. Bertara iristeko erabiltzen den errepidea kenduta, alde guztietatik urak inguratzen du. Administratiboki Fontellas herriaren menpe dagoen arren, bertan dauden instalazioak eta etxebizitzak Ebroko Ur Konfederazioarenak (CHE) dira. «Duela urte gutxi arte Bocalen 30 familia bizi ginen, baina gaur egun bi bakarrik gelditzen gara. Hemengo etxea erosterik ez dugunez, jendeak Fontellasen erosi eta hara alde egin zuen bizitzera», azaldu du Jesus Remon El Bocaleko arduradun ohiak.
Remonek 75 urte ditu eta 15 urte daramatza erretiroa hartuta, baina El Bocal izan zena oso ongi gogoratzen du, bertan lan egin duelako beti. «Sukalde-laguntzaile moduan hasi nintzen langileei ura eramanez potinean. Gero, lorategiak zaintzen hasi nintzen, etadenborarekin azpiegitura guztiko arduradun izan nintzen. Ehun lagun izan ditut nire kargu», gogoratu du. Horietako asko El Bocaleko auzoan bizi izan ziren. «Auzoko alkatea ere izan nintzen, eta festak antolatzen nituen. Musika eta bigantxak ekartzeaz arduratzen nintzen», gogoratu du.
Erretiroa hartu aurretik, Jesus Remonek eta emazteak Karlos V.aren jauregia ere zaintzen eta garbitzen zuten, egoki mantentzeko bisita ofizialen bat etortzen zenerako.
BIDAIAK TXALUPAN. Fontellasko alkate Andres Agorretak dioenez, El Bocaleko ostatua Zaragora joateko irteera edo etorrera puntua izan zen. Lurrak ureztatzeko edo edateko ura eskaintzeaz gain, Kanal Inperiala Nafarroako eta Aragoiko herri askoren arteko komunikazioa egiteko bitarteko garrantzitsua izan zen. «Zaragozako jendea txalupaz etortzen zen hona eta gero zaldi gurdia hartzen zuen Tuterara joateko», dio Fontellasko alkateak.
«Arbia, garia, porlana eta hartxintxa ere garraiatu izan dira ubidaren bitartez», gaineratu du Remonek. Baina jendearen garraioa askoz lehenago bukatu zen. Trenak lehenik eta gero autobusak bide hori egiten hasi zirenean hori dena bukatu egin zen». 1861ean Zaragoza-Altsasu lotzen zituen trena hasi zen eta Kanalaren ibilbide bera egiten zuen.
HARITZ IKARAGARRIA. Ebro ibaiaren ertzean dagoen bazter polita da El Bocal. Erriberak Ebro ibaiarekin izan duen harremanaren isla da eta eskualdeak XVIII. mendetik aurrera eta Ebroko urei esker lortu duen garapenaren isla ere bada. Tuterako eta ondoko herrietako jende asko joaten da El Bocalera bertako lorategian paseatzera eta haritz zaharra ikustera. 33 metroko garaiera du, eta Remonen arabera, Nafarroan dagoen haritzik zaharrena da. XVI.mendean landatu zen, Kanalaren lanak hasi zirenean. El Bocaleko arduradun zenean, jende asko etortzen zen hara ezkontzera, herrixkan dagoen elizara, eta argazkiak inguruko lorategian egiten ziren. Baina gaur egun ez da ezkongairik etortzen, bai, ordea, jendea arrantza egitera edo familiak egun-pasa.
Batzuek haritz handi ondoan dagoen El Roble ostatuan egiten dute hamaiketakoa edo bazkaria presa eta ingurua ezagutu ondoren. Egun Jesus Remonen familiak hartu du ostatuaren ardura eta bisitariarentzat gida ezin hobeak dira haren esanak.
Ingurua biziberritu nahia
El Bocal Ebroko Ur Konfederazioaren esku dago, baina Erriberako toki eder horren ingurumen balioa azpimarratzeko proiekturen bat abiatu beharko litzatekeela uste du Andres Agorreta Fontellasko alkateak. Urak inguruari ekarri dion aberastasuna eta aldaketa erakusteko zerbait egin beharko litzatekeela iradoki du. El Bocaleko azpiegitura Zaragozako 2008ko munduko erakusketako ekitaldiren bat egiteko balia zitekeela esan zuen Jose Luis Alonso Ebroko Ur Konfederazioko presidenteak duela bi urte, baina orain atzera egin du. Zaragozako erakusketa uraren ingurukoa izanen dela aintzat hartuz, garai batean bezala Kanal Inperiala nabigagarri egiteko aukera aztertu zuten Nafarroako Gobernuak eta Ebroko Ur Konfederazioak. Orain bi erakundeok ez dela deus eginen aurreratu dute. Agorretaren iritziz, Zaragozako 2008ko munduko erakusketa oso aukera ona zen El Bocaleko ingurua bultzatzeko. El Bocaleko eraikinetan ura eta natura interpretatzeko zentro bat eraiki daitekeela dio Agorretak, baina oraingoz itxaron egin beharko du, Nafarroako Gobernuak eta Ebroko Ur Konfederazioak ez dutelako kanala nabigagarri egiteko asmoa ere.
JAKINGARRIAK
Nola iritsi: Fontellasera iritsi behar da lehenik. A-68 autopistan barna, Tuterako irteeran atera behar da. 5281 errepide nazionala hartu behar da ezkerretara eta Fontellasera iritsiko gara. Aurrera jarraitu. Herri kaskotik kilometro eta erdi eskasera dago El Bocal.
Non jan: El Roble ostatua. Bocalen bertan dago. 30 lagunentzako jantokia du. Asteburuetan bakarrik zabaltzen dute 10:00etatik 19:00ak arte. Telefonoa:(0034) 948-825379.
Argibide gehiago: Tuterako turismo bulegoa. Juicio kalea, 4. Tutera.Telefonoa: (0034) 948 848 058.[email protected].