Edukiak sortzen ditu egunero BERRIAk, eta albiste horiekin janzten ditu irakurleak. Euskarri berri bat izango dute eduki horiek, hemendik aurrera, eta beste modu batera jantziko du jendea. Paperetik eta saretik elastikoetara egingo dute jauzi edukiek. Asteko albiste nabarmenenarekin trixertak aterako ditu BERRIAk, lau sortzaileren diseinuekin.
Martxoaren 5ean aterako da lehendabiziko elastikoa, eta astero, ostegunero, kaleratuko da diseinu berri bat. Zaldieroa-ren esku egongo da lehenengoa. Ondorengo asteetako elastikoak Oninart, Savanna studioak eta Unai Iturriagak marraztuko dituzte, hurrenez hurren.
Trixerta da egitasmoaren izena. Elastikoak izendatzeko erabiltzen den hitza delako T-shirt, alde batetik, eta hiru zutoinen gainean osatutako proiektu bat delako, beste aldetik. Sortzaileak arduratuko dira sormenaren arloaz, Oninart estudioak egingo ditu ekoizpen lanak eta kamisetak BERRIAk hedatuko ditu.
Baina nola hautatuko da albistea?Astelehenean, aurreko astean egunkariko irakurgaietatik nabarmendutako albisteak aztertu, eta asteko gaia zein izan den adostuko dute BERRIAk eta sortzaileak elkarrekin. Ez dute zertan albisterik garrantzitsuena hautatu, izan daiteke titular bat edo asteko gai bat. Asteazken eguerdirako BERRIAk marrazkia jasoko du, eta ostegunero aurkeztuko dira elastiko berriak.
Euskal sortzaileek propio erosleentzat egindako elastikoak eskatu ahala inprimatuko dituzte, eta eskatzaileari etxera iritsiko zaio zuzenean, erosi eta hamar eguneko epean. Aurreko asteetan kaleratutako kamisetak ere eskatu ahal izango dira. 25 euro balioko dute elastikoek —etxerako bidalketa eta BEZa barne—, eta BERRIAlagunek %10 merkeago izango dute trixerta: 22,5 eurotan. www.berria.eus/trixertak helbidean erakutsiko dira diseinu berriak, eta hor bertan erosi ahal izango dira kamisetak. Baita telefonoz ere: (0034) 943-30 43 45.
«Esperimentu bat»
BERRIA egunkaria eguneroko informazioa ematen saiatzeaz gain, euskal sortzaileekin zubiak eraikitzen ere saiatzen da. Sorkuntza eta euskal kultura hedatzea ere zereginen artean izan ditu beti. Hamargarren urteurrenaren harira, hainbat euskal sortzailek egunkariko azalak ilustratu zituzten, esaterako. Elkarrekin gauza berriak sortzeko nahi horretatik datoz trixertak ere.
Txanda honetarako hautatutako sortzaileak oso ezberdinak dira euren artean. Patxi Huartek Zaldieroak BERRIAko iritzia sailean kaleratzen du egunero zerrenda. Savanna studioa Arrate Rodriguezeta Carlos Ndungmandumek osatzen dute. «Esperimentu gisa hartu dugu egitasmoa. Prentsa ilustrazioa egiteko beti izan dut gogoa», dio Arrate Rodriguezek. Unai Iturriagari ere ideia polita iruditu zaio. «Albisteei buelta eman, eta umorea jartzen asmatu beharko dugu. Jendeak ez du albiste txarrik soinean eraman nahiko».
Elastikoa BERRIAko edukiekin
Asteko albiste nabarmenenarekin elastikoak aterako ditu BERRIAk. 'Zaldieroa'-k, Oninartek, Savanna studioak eta Unai Iturriagak egingo dituzte ilustrazioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu