Bigarren edo hirugarren hizkuntzetan aritzean hiztunek izaten duten komunikazio antsietatea aztertu du Alaitz Santosek (Errenteria, Gipuzkoa, 1988); DREAM taldean ikertzaile dabil, eta irakaslea da hezkuntza, antropologia eta filosofia fakultatean, Donostiako EHUn. Zehazki, antsietate horren jatorriari erreparatu dio bere doktore tesian.
«Barkatu nire ingeles kaskarragatik»: zenbateraino da egia?
Hizkuntza baten testuingurua eta hizkuntzarekiko esposizioa garrantzi handikoak dira hizkuntzak ikasteko prozesuan eta hizkuntza errendimenduan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, oro har, ingelesarekiko esposizio maila txikia da, eta aukera txikiagoa dugu hizkuntzak praktikatzeko, Europako beste herrialdeekin alderatuz. Kontuan hartu behar da ingeles gaitasun desberdinak ditugula; lurralde batzuek beste batzuek baino nazioartekotze handiagoa dute. Horrez gain, kontuan hartu behar dira beste faktore batzuk ere: lurraldearen tamaina, hizkuntza eta bikoizketaren erabilera komunikabideetan, adibidez.
Ez al da eraginkorragoa lotsak ahaztu eta hanka sartzera ausartzea?
Noski! Hizkuntza bat nola ikasten da? Hanka sartuz, ahalegina eginez eta hizkuntza erabiliz. Alde batera utzi behar da besteek gure hizkuntza mailaz pentsatuko dutena, edo zer pentsatuko duten okerren bat egiten badugu: garrantzitsuena komunikatzeko gaitasuna garatzea da, eta, horretarako, erabiltzea ezinbestekoa da.
Zer gertatzen zaie ausartzen ez direnei?
Blokeatu egiten direla, eta isilik gelditzen dira, edo urduri jarri: hori komunikazio antsietateagatik da.
Hizkuntza ziurtagiriak dituztenek ere esaten omen dute hori... Zeintzuk dira komunikazio antsietatea sortzen duten faktoreak?
Badaude faktore batzuk eragina dutenak: adibidez, hizkuntza gaitasun maila, jakintzagai akademikoa, hizkuntzaren garrantzia lantokian eta gizartean oro har, adina, generoa, eleaniztasun maila...
Nolako eragina du faktore horietako bakoitzak?
Hizkuntza mailaren eta hizkuntza antsietatearen arteko lotura nabarmena da: maila handiagoa duten partaideek antsietate txikiagoa erakutsi dute. Jakintzagai akademikoari dagokionez, laginaren zati bat hezkuntzako eta enpresa ikasketetako ikasleak izan dira. Emaitzen arabera, enpresa ikasketetakoak gehiago kezkatzen dira, hezkuntzako ikasleen aldean; izan ere, ingelesa oso tresna garrantzitsutzat dute etorkizunean lanpostu bat aurkitzeko —kontuan hartuta enpresak gero eta nazioartekoagoak direla—. Hezkuntzako ikasleek, ordea, ez dute hain gertukoa ikusten, nahiz eta hezkuntza sisteman ingelesa jakiteak gero eta balio handiagoa duen gaur egun.
Eta zer zerikusi du generoak?
Ikusi dugu emakumeen jarrera hizkuntzen inguruan positiboagoa dela gizonezkoena baino, motibatuago sentitzen direla hizkuntzak ikasteko garaian; baina, aldi berean, antsietate maila handiagoa dute. Ezberdintasun horiek ez daude lotuta hizkuntza mailari, patroi soziokulturalekin lotutako pertzepzioei baizik.
Antsietate horrek maila desberdinak dituela ebatzi duzue: zeintzuk dira?
Antsietate maila handiagoa da hirugarren hizkuntzen inguruan, bigarren hizkuntzen inguruan baino. Hau da, ingelesarekiko antsietatea handiagoa da, gaztelania edo euskararekikoa baino.
Konplexu kontua izan daiteke?
Konplexua baino gehiago, ikerketan ikusi dugunez, badaude faktore batzuk garrantzi handia dutenak: adibidez, hizkuntzarekiko esposizio maila, erabilera... Aldi berean, okerrak egiteko beldurra, komunikatzerakoan solaskideek duten jarrera... Halakoek, noski, modu nabarmenean murrizten dituzte komunikazio trebetasunak.
Nola neur daiteke antsietate hori? Zeri erreparatu diozue zuek?
Guk erabilitako tresnak izan dira oinarrizko informazioa jasotzeko galde sorta, antsietateari buruzko galde sorta, taldeko eztabaidak eta elkarrizketak.
Euskal Herrian hiru edo lau hizkuntza uztartu ditzake pertsona batek egun bakarrean. Nola eragiten dio horrek komunikazio antsietateari?
Eleaniztunek komunikazio antsietate txikiagoa dute elebakarrek baino. Eleaniztunen hizkuntzekiko ezagutza oso lagungarria eta onuragarria da hizkuntzak ikasteko eta praktikatzeko, kontzientzia metalinguistiko handiagoa dutelako. Abantaila horiek zerikusia dute ikaskuntza estrategiekin, errepertorio linguistiko zabalagoarekin, anbiguotasunarekiko tolerantziarekin eta hitz egiteko eta ikasteko gaitasun malguagoekin.
ATZEKOZ AURRERA. Alaitz Santos. Ikertzailea
«Eleaniztunek komunikazio antsietate txikiagoa dute»
Zenbat eta hizkuntza gehiago jakin, bigarren edo hirugarren hizkuntzan jarduteko antsietatea txikiagoa dela ebatzi du Santosek 'Sorry about my English' tesian; hersturaren arrazoiak ikertu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu