Haur elebidunek hizkuntzak kudeatzeko dituzten moduak ikertu du Sebastianek; berezitasun horrek garunean nola eragiten duen aztertu du azken urteotan.
Bi hizkuntza batera ikasten dituen haurrak zer-nolako ezaugarriak erakusten ditu bere garunaren jarduera orokorrari begira?
Bi hizkuntza aldi batean barneratzen dituen haurrari arazo batzuk sortuko zaizkio, hizkuntza bakarra ikasten ari denarekin alderatuta. Badakigu antzekoak diren bi hizkuntza badira —katalana eta gaztelania, esaterako— lau hilabete arte ez dituela bereiziko; hortik aurrera fonema desberdinak bereiziko ditu, bi sistema desberdin direla antzemango du. Lan hori egin beharko du. Bi hizkuntzak desberdinak badira oso, adibidez, euskara eta gaztelania, jaioberria dela ere antzemango du aldea. Baina hizkuntzak desberdintzeko gaitasun goiztiar hori ugaztun gehiagok ere badute.
Haur elebidunaren garunak ezaugarri desberdinak erakusten ditu?
Kontua da elebidunek bi sistema eraiki behar dituztela garunean, berdin dio noiz bereizten hasten diren fonemen desberdintasuna. Zortzi hilabete betetzean ohartu dira bi sistema dituztela aurrean, bi kode desberdin. Gakoak dituzte horretarako, adibidez, k hizkian bukatzen diren hitzak entzutean euskara entzuten ari direla jakingo dute. Horrelako gako ugari dago sistema edo hizkuntza desberdinak hilabete gutxirekin bereizteko.
Beraz, desberdindu behar horrek eragina badu garunean.
Bai, badu. Izan ere, haurrek hizkuntzak desberdintzen ikasten dute, ez bakarrik entzutean, hiztunaren aurpegiaren itxura medio dela ere bai. Sei hilabeterekin gai dira horretarako. Ez bakarrik elebidunak, denak baizik; gai dira frantsesez edota ingelesez hitz egiten ari denaren aurpegiaren imintzioak desberdintzeko. Bi hizkuntz horietan pertsona bera ari dela, esan nahi baita. Zortzi hilabetetik aurrera, ordea, desberdintasun horiek bakarrik elebidunek sumatzen jarraitzen dute, elebakarrek ez.
Hizkuntza bereganatzeko desberdintasun horiek isla daukate garunaren jarduera orokorrean?
Bai, haur elebidunek erraztasun handiagoa dutelako bi gauzetan batera aritzeko haur elebakarrek baino. Elebidunek bi hizkuntzen gakoak ezagutzen dituzte, euren arteko desberdintasunak, eta ondorioak ateratzen dituzte. Honek trebezia bat ematen die beste gai batzuetan aplikatzeko, ez bakarrik hitz egitean.
Elebiduna izanik erraztasun handiagoa dago hirugarren edo laugarren hizkuntza ikasteko?
Ezin da hori esan; ez dago zientzia mailan frogaturik. Badakit oso zabaldua dagoela, baina ez du oinarri zientifikorik. Baina badakigu erraztasun handiago dutela egiten ari diren gauza bat uzteko eta beste batekin hasteko, beste gauza batean berehala kontzentratzen hasteko.
Badira diotenak haur elebidunek bi hizkuntzak nahasten dituztela eta hori ez dela ona.
Ez da haurra gutxietsi behar. Hizkuntza batean hitz bat ez badaki irtenbide bat bilatzen du, eta beste hizkuntzaren hitza sartzen du; horri irtenbideak aurkitzea esaten zaio, errekurtsoak edukitzea. Izan ere, haurrak badaki aurrean duenak beste hizkuntza hori ere ezagutzen duela. Haurrak baldin badaki aurrean duen entzuleak ez dakiela beste hizkuntza, ez du sekula beste hitz hori erabiliko, badakielako horrek ez diola balio.
Zerbait negatiboa ba al du haur elebidun izateak?
Zerbait hori, zera izan daiteke: askoz ere hitz gehiago dituztela garunean, askoz ere forma gehiago kudeatu behar dituztela, eta hizkuntza erabiltzean zertxobait beranduago egiten dute aukeraketa elebakarrek baino, baina segundo milesimak besterik ez dira. Hori negatibotzat hartu nahi duenak, bada, aurrera.
Nuria Sebastian Galles. Psikologiako katedraduna
«Elebidunak errazago aritzen dira bi gauzekin batera»
Escop 2011 kongresuan parte hartzen ari da Bartzelonako Pompeu Fabrako doktorea, Donostian. Haurrek hizkuntza nola bereganatzen duten ikertzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu