Fernando Saunders. Musikaria

«Elektronikoa garrantzitsua zait, baina zuzenekoak beti izango du indar handiagoa»

Bira egiten ari da Euskal Herrian urte luzez Lou Reed zenaren baxu-jotzaile izanikoa, 'Happiness' diskoa aurkezteko. Gaur, Iruñean joko du; apirilaren 2an, Donostian; 3an Gasteizen; eta, 4an, Bilbon.

Urola Kostako Hitza
2014ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Rockaren historia idatzi duten musikari handien ondoan egon da beti Fernando Saunders (Detroit, AEB). Happiness diskoaren aurkezpen biran murgilduta dabil. Gaur, 20:00etan, Iruñeko Baluarten joko du.

Diskoaren izenburuari ohore eginez, nondik dator zoriontasunaren kontzeptu hori?

Zoriontasuna galtzeari eta berriro ere aurkitzeari buruz dihardu diskoak. Bizitzako gorabeheren ingurukoa da; egun hobeen eta itxaropenaren zain geratzea bezala, alegia. Diskoan Lou Reed, Suzanne Vega eta Jan Hammer artistek kolaboratu dute, baita Txekiar Errepublikako folklore -musikariek ere. Niri dagokidanez, abeslari, baxu jotzaile eta gitarrista gisa hartu dut parte.

Lou Reeden ondoan ezagutu zaitu jende gehienak…

Bai. Hala eta guztiz ere, Jeff Beck, Steve Window, Marianne Faithfull, Kip Hanrahan, John McLaughlin eta Bohannon artistekin jo izan dudalako ere ezagutzen naute. Nire zale berriek, adibidez, abeslaritzat naukate, ez baxu jotzailetzat, eta hori nahiko xelebrea da. Musika norabide guztietara nago zabalik, eta nire diskografiak agerian uzten du hori.

Happiness diskoan The Velvet Underground taldearen Jesus abestia berreskuratu duzu, eta Lou Reedek berak abestu zuen. Nola sortu zen bertsioa egiteko ideia?

Lou Reeden kontzertu guztietan interpretatzen genuen abesti hori. Behin batean, I will Break your falldiskoa promozionatzeko, zuzeneko bat eskaini nuen irrati batean, eta Reed bera gonbidatu gisa etorri zen. Hantxe bertan jo genituen abestien artean Jesus zegoen, eta grabatu egin ziguten. Denbora bat pasatu ondoren, abesti hura berreskuratu, nahastu eta ekoiztea erabaki nuen, Radio Rai kateko Giovanni Pollastri soinu teknikariarekin.

Diskoa lan aberatsa da musikalki: popa, rocka, soula… baita elektronikoa eta klasikoa ere. Itsaso guztietan igeri egiten jakin behar delakoan zaude?

Musikaren bide guztiak maite ditut. Kolore askorekin margotzea edo osagarri askotarikoekin sukaldean aritzea bezala da. Doinu elektronikoak organikoekin nahastea gustatzen zait; hau da, bi mundu ezberdin bateratzea. Entzule zabalago batengana iristea ahalbidetzen dizu. Modu egokian erabiliz gero, gustu handizmargotu dezakezu zure musika. Mundu elektroniko batean bizi gara, doinu elektronikoz inguratuta, eta egun nire bizitzaren parte garrantzitsua da. Dena dela, doinu analogikoak eta zuzeneko grabazioak ere oso inportanteak dira. Zuzeneko musikak beti izango du indar gehiago.

Zein formatutan jotzen ari zara bira honetan?

Bira honetan alboan izango ditudan musikariak berdingabeak bezain bereziak dira. Olivier Lee gitarrista hungariarrak, esaterako, Europako gitarra jotzaile onenaren saria jaso du; Dalibor Mraz bateria jotzaile txekiarrak, nire ustez, sekulako etorkizuna du, eta Jiri Zabystrzan teklatu jotzaileak, azkenik, talentu berezia du. Nazioarteko musikariak eta estatubatuarrak nahasten saiatzen naiz. Horrela, musika askoz ere nazioartekoagoa bihurtzen da. Nire ibilbidean euskal musikari handiekin lan egiteko aukera izan dut, dela nazioarteko jaialdietan, dela grabazioetan.

Zer-nolako harremana duzu euskal musikagintzarekin?

Ruper Ordorikarekin, haren anaia Jonanekin [soinu teknikaria] eta Rafa Ruedarekin oso harreman ona dut. Familia giroa, hain zuzen ere. Euskal Herrian etxean bezala sentitzen naiz, eta bake sentipena izaten dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.