Ezarian. Zientzia

Elhuyar eta askoz gehiago

Laboratorium museoa zabalduko dute Bergaran urtea bukatzerako, Errekalde jauregian; XVIII. mendetik Errege Mintegiko kideek bildutako zientzia tresnak, mineralak, animaliak eta beste jarriko dituzte ikusgai.

Dilatometroa. 1772ko ale hau Errege Mintegian gorderiko altxor preziatuenetako bat da. Askotariko tenperaturetan solidoen zabalkuntza nola aldatzen den neurtzeko balio du dilatometroak. Honelako oso modelo gutxi ezagutzen dira. BERGARAKO LABORATORIUM MUSEOA.
Amaia Portugal.
Donostia
2014ko apirilaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Fausto eta Juan Jose Elhuyarrek ez zuten ezerezetik atera wolframa, Euskal Herrian isolatutako elementu kimiko bakarra. Beste hainbeste esan daiteke François Chabaneauri buruz: platinoa purifikatzea lortu zuen lehenbizikoz, berak ere Bergaran. Ez da ausazko kontua. Hango Errege Mintegia puntako ikerketa zentroa izan zen, bereziki bi aurkikuntza horiek egin ziren garaian; XVIII. mendearen azken laurdenean.

Ilustrazio betean, argien urteakesaten zaien aroan, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak sortu zuen Bergarako Errege Mintegia: 1776an. «Aurkikuntza horiek XVIII. mendean lortu baziren ere, XIX.ean ere goi mailako hezkuntza eta zientzia erakundea izaten jarraitu zuen, eta gaur egun gordetzen dugun bilduma da horren lekuko», azaldu du Rosa Errazkin kimikari eta udal teknikariak.

Argi horiek aurki berpiztuko dituzte Bergaran, bilduma hori guztia baliatuta. Urtea bukatzerako, Laboratorium museoa zabalduko dute, eta proiektu horretan dihardu Errazkinek, Iñaki Irizar lankidearekin. Errekalde jauregian izango du egoitza oraingoz, mintegitik oso gertu. Hain zuzen, hura izan zuen bizileku Xabier Maria Munibe Peñafloridako kondeak, Errege Mintegiak lehen urrats arrakastatsu horiek egin zituen garaian.

Laboratorium Chemicum delakoaren omenez jarri diote izen hori museoari. Errege Mintegiaren parte zen, eta Bergarako Bidekurutzeta kaleko Zabala etxean zegoen egoitza hori izan zen wolframaren aurkikuntzaren lekuko, esaterako. Kimika modernoaren sortzaileetako batek jarri zuen martxan, Joseph Louis Proust-ek, kimika eskolak ematearekin batera. Laborategi hark zer garrantzi zuen ulertzeko, ikusi besterik ez dago Anders Nicolaus Thunborg kimikari suediar eta bertako irakasleak zer esan zuen hari buruz: «Inbentarioaren berri eman zidatenean, asko harritu ninduen. Uppsala eta Stockholmeko laborategiak besterik ez dut ezagutzen, baina esango nuke Bergarakoaren laurdena baino ez direla».

Peñafloridako kondearen heriotza, Espainiako Independentzia Gerra, bi karlistada, Gipuzkoako hezkuntza sistemaren zentralizazioa Donostian... Errege Mintegiak garai gorabeheratsuak pasatu zituen, eta ez zen beti hasierako urte horietan bezain distiratsu aritu, baina tinko eutsi zion. Horren erakusgarri, bildutako dokumentazioak frogatzen du kimikako laborategiak eta fisikako kabineteak izan zituela XX. mendea hasi arte, 1778an sortutako Laboratorium Chemicum hura abiapuntu hartuta. Londresen, Berlinen eta batez ere Parisen erositako tresneriaz hornituta zeuden.

Teknikariek 232 alez osatutako zientzia instrumentuen bilduma dute esku artean. Tartean, XVIII. mendeko pieza baliotsuak eta XIX. mendeko Fisikako eskuliburu eta tratatuetan azaltzen ziren tresnak. Ale horietako askok XIX. mendean ospe handia izandako etxe espezializatu batzuen sinadura dute. Azpimarratzekoak dira, bereziki, tresneria mota horien ekoizpenean eskarmentu handia zuten Parisko hiru enpresa: Desbordes, Breton eta Pixii.

Ez tresneria bakarrik

Hori horrela, garai zailetan ere gauza handiak egin daitezkeela erakutsi nahi du museo horrek, Errazkinek azaldu duenez: «Museoak iragarriko duen mezua zera izango da, krisialdietan eta aldaketa garaietan arrakastaz aurrera egiteko funtsezko bitartekoak direla hezkuntza, ikerketa eta horietatik eratorritako berrikuntza. XVIII. eta XIX. mendeetan Bergarako Errege Mintegian egin zuten moduan, alegia».

Gainera, hezkuntza eta ikerketa hori ez zen mugatu oinarrizko fisika eta kimikara. Bergara aitzindaria izan zen mineralogia eta lur azpiko zientziak irakasten, bai eta zoologia eta botanikaren alorretan ere. Hori gutxi ez, eta bertan sortu zuten Gipuzkoako lehen meteorologia behatokia ere, 1854-55 urteetan.

Horren ondorioz, XVIII. eta XIX. mendean punta-puntakoa zen tresneria ez ezik, askoz gehiago ere badute erakusteko Laboratorium museo berrian. Ehunka fosil eta mineral, mintegiaren lursailetan askotariko denbora tarteetan sortu zituzten lorategi botanikoetako aleak, giza anatomiaren modelo ikusgarriak...

Bereziki deigarria da zoologiaren alorrean egin zuten lan mardula eta horrek utzitako ondare oparoa; XIX. mendeko ale baliotsu ugari, tartean. Horien artean, guztira 967 pieza kontserbatu dira gaur arte: ale naturalizatuak, animalien eskeletoak, moluskuen maskorrak, likidotan kontserbatutako ornodunak, alkoholetan zein lehorrean gordetako ornogabe batzuk, taxidermiak... Darwinen eboluzioaren teoriaren eztandak bete-betean jo zuen Bergaran bilduma hori osatzen ari ziren garaian.

Ez da erakusketa hutsa

Bergarako Errege Mintegia UNEDen egoitza da 1976az geroztik. Ordurako, Euskal Herriko zientziaren berrehun urteko historia oparo hau baztertuta zegoen, bilduma baliotsuak seminarioko gela hezeren batean eta kontserbazio baldintza kaskarretan metatuta. Horregatik, Bergarako udalbatzak museoa sortzeko erabakia 1981ean hartu bazuen ere, eta leheneratze lanak 1992an hasi ziren arren, bidea luzea izan da. Garbitu, sailkatu eta zaharberritze lanak egin eta gero, bilduma zientifikoak 3.012 pieza ditu gaur egun; horietatik, 1.050 alek osatuko dute museoaren muina.

Errekalde jauregia Laboratoriumen behin-behineko etxea da, berez. Behin betiko museoa Errege Mintegian bertan egitea da asmoa, baina baliteke horrek luze jotzea, baimen kontuak tarteko. Hori horrela, etorkizunean lekualdaketan dirurik gastatu behar ez izateko moduan ari dira prestatzen museografia malgua.

Jauregiko lehen solairuan jarriko dute antolatzaileek erakusketa iraunkorra. Beheko solairuan, berriz, Bergarako Turismo Bulegoa, museoaren harrera eta erakusketa egongo dira, eta aldi baterako erakusketak antolatuko dituzte. Baina, Errazkinek azaldu duenez, «museoa ez da mugatuko egoitzaren hormaz barruko zereginetara».

Izan ere, askotariko ekintzak prestatzeko asmoa dute Laboratoriumen. «Bergarako Errege Mintegiaren ondarea eta oro har udalerriko kultura eta natura ondarea gizarteratzeko jarduerak antolatuko ditugu», azaldu du Errazkinek: liburuen edizioak, hitzaldiak, erakusketak, ikastaroak, bisita gidatuak, eskuorriak, eztabaida eta hausnarketa tailerrak, jarduera didaktikoak, eta abar, eta abar. Museoko teknikari horrek gaineratu duenez, «herritarren proiektu berritzaileak bultzatzeko tokia eta erakusleihoa bihurtuko dugu, topagunea, horretarako erraztasunak eta baliabideak eskainiz. Herritarren proiektu berritzaileei egingo diegu lekua bereziki».

Horrenbestez, urtea bukatzerako, Bergarak zientziaren argiak piztuko ditu berriz ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.