Loaren apnea loaldian behin eta berriz goiko arnasbideak ixtea eragiten duen sindromea da. Batez ere, helduen artean gertatzen da, baina umeek ere izan dezakete sindrome hori.
Loaldian erlaxatuta egoten dira muskuluak, eta, hori dela eta, galdu egiten da arnasaren muskuluen artean izaten den mugimenduaren koordinazioa. Arnasketa eten egiten da segundo batzuetan. Pertsona guztiek izaten dituzte lotan daudela iraupen labur-laburreko apnea aldiak, 2 edo 3 segundokoak. Baina zurrunga eta zarata atera eta apneak 10 segundo baino gehiago irauten duenean, ziurrenera loaren apnea izango dugu gure aurrean.
Gaitz hori dutenen sintomarik arruntena zurrunga izaten da. Baina zurrunga egiten duten pertsona guztiek ez dute izaten loaren apnea.
Apnean eten egiten da arnasketa, eta horrek organismoan eragiten du. Odolak ez du oxigenorik hartzen eta, ondorioz, zurrungak, apnea pausa luzeak, itomen sentsazioarekin kolpetik esnatzea edo mikroesnatze jarraituak gertatzen dira gauean. Esnatze horien ondorioz, irregularra eta etena bihurtzen da loa, eta ez da lortzen gauez lo sakon eta indarberritzailea egitea. Denborarekin odolak galdu egiten du oxigenoa eta gehitu egiten da odoleko gas karbonikoaren kontzentrazioa. Aldaketa horien guztien ondorioz, logura agertzen da egunez: kaltetuek edozein lekutan lo hartzen dute, eta eragozpen larriak ekar ditzake horrek: errepide istripuak, lanean etekin urria, galera intelektuala, memoriaren galera, portaeran gorabeherak, depresioa, suminkortasuna, libidoa gutxitzea, goizetako buruko mina...
Gaitz hau izateko arrisku handiagoa izaten dute obesitatea edo gehiegizko pisua dutenek eta goiko arnasbideetan aldaketa anatomiko edo funtzionalak dituztenek —sudur-trenkada okerra, hezur turbinalaren hipertrofia, amigdaletako edo ahosabaiko biloaren hipertrofia, adenoideen hipertrofia...—.
Hori kontuan izanda, elikadura oso garrantzitsua da gaitza tratatzeko. Beraz, tratamendu dietetiko bat betetzea funtsekoa da kasu hauetan. Tratamendu dietetikoa betetzeko, honako arau hauek hartu behar dira aintzat:
Dieta pertsonalizatua egin behar du loaren apnea duenak, eta bere dieta bizitza eta ohiturak kontuan hartuta eta pertsonaren ohiturak ahal den heinean errespetatuz egokitu behar du.
Behar energetikoak jaitsi behar dira dietan; hori bai, behar horiek ondo banaturik egon behar dute egunean, eta pertsonaren ordutegi eta lan egoeretara moldatu behar dira.
Oso garrantzitsua da gauean kaloriak gutxitzea. Beraz, afariak arina izan behar du, eta gosarian, hamaiketakoan eta bazkarian banaturik kontsumitu behar dira kaloria gehienak.
Nahiz eta dietaren kaloria kopurua jaitsi, ez da komeni bakoitzak duen metabolismo basala baino kaloria gutxiago hartzea. Kontuan izan behar da 1.400 kal oria baino gutxiago dituzten dietak ez direla osoak izaten, ez dituztelako organismoak behar dituen mineral eta bitamina guztiak biltzen. Horiek oso garrantzitsuak dira gaitz hau dutenentzat, eguna bizitasunarekin pasatzeko.
Askotarikoa eta ahal den atsegingarriena izan behar du dietak. Gerora osasuna bultzatuko duten ohitura egokiak izan eta sustatu ahal izateko, jateko era egoki horri betiko jarraitu behar zaio eta horrela eragotz daiteke apnea berriro azaltzea.
Dietan gantz saturatuak jaitsi behar dira eta karbohidratoak, mineralak, bitaminak eta zuntzak igo. Ondorioz, barazkiak, tuberkuluak, lekaleak, ale osoko zerealak, frutak eta fruitu lehorrak lehentasunezko elikagaiak dira, eta horiek elikadura orekatua eta energia baxuko dieta betetzen laguntzen dute. Hala ere, animalietatik eratorritako produktuak ez dira guztiz baztertu behar, baina bai kantitate gutxiagoan kontsumitu: arraina, haragia, arrautzak eta esnekiak.
Gantzen kalitatea zaindu behar da, kalitatea zaintzea kantitatea zaintzea bezain garrantzitsua baita. Horretarako, gurinaren, hestebeteen, opil eta izozki industrialen eta gantz saturatuen kontsumoa gutxitu behar da, apnea izateko arriskua gehitu egiten dutelako. Horien ordez, oliba edo hazien olioa hartu.
Elikagai azukredunak eta azukrea bera guztiz baztertu behar dira, baita alkohola, tabakoa eta botika mioerlaxagarri, hipnotiko eta lasaigarriak ere. Hidratazio ona eduki behar da aldi berean, sodio ugari duten kontserba latak, sukaldeko gatza edo sobreetako zopak gutxiago kontsumituz.
Dietaz aparte, loaldi egokia izaten saiatu behar da, eta ordutegi erregularrak izaten saiatu.
Osasuna. Elikadura
Elikagaiek loaren apnean duten garrantzia
Loaldian behin eta berriz goiko arnasbideak ixtea eragiten du apneak. Gaitzari aurre egiteko, garrantzitsua da elikadura zaintzea eta dieta egoki eta osasungarri bat betetzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu