Ezekiel Collantes. Arkitektura irakaslea

«Eliza bat botako ez dugun bezala, pabiloi batek ere bere garrantzia du»

Lander Muñagorri Garmendia.
2012ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
EHUn ematen ditu mintegiak Ezekiel Collantes andoaindarrak. Haren ustez, gizartearen oroimena mantentzea da industriaguneak leheneratzea. Eta, horregatik, interesgarria egiten zaio pabiloi zaharretan bestelako ekintzak gauzatzea. Kulturalak, edo bestelakoak.

Azken urteetan gune industrialetanegondako pabiloi ugari ari dira kultura arloan erabiltzen. Zer dela-eta ari da gertatzen fenomeno hori?

Hiru arrazoi daude feonomeno hori izan dadin. Batetik, ildo ekonomikoa aipa daiteke: azkenean, eraikin bat bota eta berria egitea askoz garestiago ateratzen da; berritzea askoz merkeagoa da, eta inbertsio txikiagoa eskatzen du. Horren harira dator bigarren arrazoia: eraikin bat birziklatzea jasangarriagoa da, energia galera bat baitago hor. Eta hirugarrena memoriari dagokio: nolabait, orain arte bestelako eraikinak—eliza, gaztelu eta abar— izan dira ondarearen parte, eta industria nolabait jende xehearen ondare bat izan da.

Nola egokitu beharko litzateke pabiloi bat kulturarako?

Eraikin batek markatzen dizu mugak zeintzuk diren, bakoitzak bere legea baitauka. Eraikinak zerbait eskaintzen du, eta nolabaiteko euskarri bat da. Hori ulertu behar da, eta askotan proiektu eraikina bortxatu egiten dute, eta desitxuratu. Hobekien funtzionatzen duten proiektuetan, esku hartzeak xeheagoak izan ohi dira.

Ikuspegi teknikotik, aukera asko emango dituzte eraikin horiek...

Bai. Pentsatu sekulako espazioa izan ohi dutela. Normalean, eraikin berriak egiten direnean, altuera mugatua izaten da. Eraikin industrialetan, aldiz, espazio handiak izaten dituzte; esaterako, Londresko Tate Galleryn. Turbinen gela zen egun museoa dena, eta horrelako espazioa nekez lortuko duzu eraikin berri batean. Gainera, aukera ematen dute giza aktibitateak modu berri batean garatzeko, eraikin industrialak aldakorrak baitira. Moldakorrak dira, eta beste erabilera bat proposatzen denean, malgutasun handia eskaintzen du.

Hirigintza alorretik hitz eginda, horrek zein onura ekar ditzake? Ingurua berreraikitzeko tresna izan daiteke?

Bai, jakina. Horietako eraikin ugari eraiki zirenean, hirigunetik kanpo zeuden askotan. Hiriak handituz joan dira, eta hirigune barruan geratu dira. Uste dut erronka bat dela gaur egungo hirigintzarentzat: industriagune horiek berreskuratzea interesgarria da, memoria kolektibo bat baitago bertan, eta, eliza bat botako ez dugun bezala, horrelako eraikin batek bere garrantzi soziala du, eta badu arrazoi asko berreskuratzeko. Eta, gainera, hiria moldatzeko abiapuntu oso interesgarria izan daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.