2001. urtean, zuzendaria aldatu zen AEBetako Bostongo egunkaririk inportanteenean: Boston Globe egunkarian. Berez, horrelako aldaketa bat gertatzeak ez luke aparteko ondoriorik izan behar, gaur egun ohikoak baitira bateko eta besteko zuzendari aldaketak, prentsa idatziaren krisialdirako konponbide mirarigarria balira bezala.
Baina Bostonen gauzak bestela gertatu ziren. Marty Baton izendatu zuten zuzendari. Esperientzia handia izan arren, ez zuen asko ezagutzen hiria, Miamitik ailegatu baitzen Bostonera. Hala ere, Batonek argi zuen gauzak beste era batera egin nahi zituela, eta haren menpekoak berehala konturatu ziren ez zela txantxetan ari.
Gauza jakina zen hiriko apaiz baten kontrako hainbat salaketa zeudela. Parrokiako gazte askoren kontrako sexu gehiegikeriak egin izana leporatzen zioten. Baina gaia isilpean gordetzen ari ziren. Hura jakin bezain pronto, zuzendari hasiberriak Boston Globe-n zegoen Spotlight izeneko taldea jarri zuen horren inguruan ikertzen.
Haritik tiraka hasi bezain pronto, Eliza katolikoaren aldeko presioak hasi ziren, eragin handia baitu erakundeak Boston katolikoan. Baina Baton eta haren kazetariak ez ziren kikildu, eta ikertzen segitu zuten. 2002ko hasieran, gaiaren inguruan lehen ondorioak argitaratzen hasi ziren. Argi gelditu zen Bostongoa ez zela kasu bakan bat, eta Eliza katolikoak sexu gehiegikeriak egin zituzten apaizak babesten zituela.
Pulitzer saria
Bostondik afera mundu osora zabaldu zen, eta azken urteotan kontaezinak izan dira Eliza katolikoko kideen kontrako salaketak. Azkenean, Elizak berak aitortu behar izan du salatutakoak egiazkoak izan direla, eta barkamena eskatu. Egindako kazetaritza lanagatik, Boston Globe-ko kazetariek Pulitzer sari gutiziatua jaso zuten, hain zuzen ere, 2002. urtean.
Benetako gertaera horiek oinarri hartuta, kutsu klasikoa duen film bat egin du Thomas McCarthy zuzendariak. Josh Singerekin batera idatzi zuen gidoia, baina denbora luzean Hollywoodeko blacklist delakoan egon zen, aurrera egiteko finantzaketarik aurkitzen ez duten gidoien zerrendan, alegia. Baina behar zuen dirua lortutakoan, ongi gastatzen jakin du McCarthyk.
Besteak beste, aktore talde ikaragarria bildu du Spotlight proiektuaren inguruan: Michael Keaton, Stanley Tucci, Rachel McAdams, Mark Ruffalo… Zuzendariak hasieratik argi utzi zien zeintzuk ziren filma egiteko orduan zituen erreferentzia nagusiak; horrela, All the President's Men (Alan J. Pakula, 1976) eta The Insider (Michael Mann, 1999) ikusteko gonbita egin zien aktoreei.
Pelikulak oso harrera ona izan du Ameriketako Estatu Batuetan. Kritika bikainak lortzeaz gain, Oscar sarietarako sei izendapen jaso ditu; besteak beste, filmik onenarena eta zuzendaririk onenarena.
d
'SPOTLIGHT'
Zuzendaria: Thomas McCarthy. Aktoreak: Mark Ruffalo, Michael Keaton, Rachel McAdams, Liev Schreiber, John Slattery, Stanley Tucci. Herrialdea: AEB.Urtea: 2015. Iraupena:128 minutu.Generoa:Drama.
Asteazkenean estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian, eta ostiralean Hego Euskal Herrian.
Datorren asteko estreinaldiak
Elizaren afera zikinen gaineko ikerketa
'Boston Globe' egunkariko kazetari talde bat da Thomas McCarthyren 'Spotlight' filmeko protagonista

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu