Ideiak edo kontzeptuak usain bilakarazten ditu Marion Costerok (Donibane Lohizune, Lapurdi, 1976). Haurra zelarik ohartu zen usaimena oso garatua eta sentibera zuela; argi zuen usain onak sortu nahi zituela. Ikasketak egin eta gero, merkatuko enpresa handienetan lan egin zuen. Baina, bezeroekin harreman estuagoa izateko xedez, bere kontu hasi zen gero. Ohartarazi du beste zentzumenak ez bezala usaimena ez dela behar bezala aipatzen eta lantzen.
Memorioa, sudurra ala emozioa: hiruren artean zein da tresnarik garrantzitsuena perfumegile batentzat?
Hirurak. Osagaiak ez badituzu memorizatzen, ezin duzu formularik osatu. Usain anitz ditugu ikasteko eta ezagutzeko, 1.500 guti gorabehera; ez badituzu ezagutzen, ezin duzu formularik sortu. Sudurra ere berdin, bistan da. Eta emozioak biziki garrantzitsuak dira gure lanbidean. Maite dut nire lanbidea eskribau baten lanbidearekin konparatzea. Garai batean eskribauek luma prestatzen zieten idazten ez zekitenei. Nik nire jakintza eta gaitasuna prestatzen ditut, besteei emozioak adierazteko. Zuhaurek ez baduzu emoziorik sentitzen, ezin zara lanbide honetan aritu.
Marranta zarelarik, nola lan egiten duzu?
Orain, adibidez, marranta naiz. Uzten dut pasatzen. Esperientzia handia dut; beraz, memoriarekin aritzen naiz.
Perfumegintza ikasketak egin dituzu. Usaina gauza oso subjektiboa da. Nola lantzen da?
Bi arlo finkatu behar ditugu. Lehena da usainez hitz egiten ikastea, ez baitugu ohiturarik usainez hitz egiteko. Lengoaia komun bat ikasten dugu: adibidez, ikasten dugu molekula batean badela jasmin kantitate handia, eta molekulak jasmin eta banana usaina duela. Denek hori ikasiko dugu ber nozioak ukaiteko eta elkar ulertzeko. Denek ber hizkuntza menperatu behar dugu elkar ulertzeko. Eta ondotik, heldu da arlo subjektiboa; usainari ematen diogun alde subjektiboa. Sortzaile bakoitzak badu bere hizkuntza, bere sentipen pertsonala. Beraz, alde batetik, bada parte komuna, elkar ulertzeko, eta, beste alde batetik, hiztegi eta sentipen pertsonala.
Usainaz hitz egiteko usaiarik ez da, erran duzunez. Zergatik?
Ez. Kulturalki, hemen ez diogu behar den garrantzia ematen, nahiz fisiologikoki usaimena biziki garrantzitsua den.
Zertan da garrantzitsua?
Usaina biziraupenerako zentzumen bat da: sua badelarik, usaintzen duzu. Usaimenak dizu erraten lanjerean zarela. Jaki ustel bat jaten baduzu, usaimenak zaitu abisatuko ustela dela. Bada bizirautearen partea, baina, bestalde, ezin diogu usaintzeari utzi. Usaintzen ari gara beti. Eta ez gara ohartzen horretaz.
Usaimenaren sistema ez da gure burmuinaren parte kontzientetik pasatzen: emozio eta oroitzapenetatik pasatzen da zuzenean. Usaimenaren berezitasuna da. Ez gara ohartzen zerbait usaintzen dugula, baina usainaren bidez gauzak sentitzen ditugu. Behin, karrikan ibilki nintzelarik, amatxi zenaren usaina usaindu nuen, eta negarra nuen begian. Elkarrizketa zuzena bada usaintzen dugunaren eta oroitzapen eta emozioen artean. Eta hori oso interesgarria da. Gertatzen da leku batean gaizki sentitzea, jakinez leku eder eta atsegina dela, jakin gabe usainarengatik dela.
Hogei bat urtez enpresa handietan lan egin zenuen. Egun, zure kontu ari zara. Zein dira desberdintasunak?
Enpresan ukan nuen esperientzia oso aberasgarria izan zen: anitz ikasi eta ikusi nuen. Jende anitz ezagutu nuen, proiektu berri pila ikusi nituen, eta leku batetik bestera bidaiatu nuen: Frantzia, Ameriketako Estatu Batuak, Brasil eta berriz Frantzia. Hogei urtez gauza anitz ikasten diren arren, gauza bat falta zitzaidan: jendearekin eta bezeroekin harremana izatea. Enpresa handietan, bitartekari anitz badira perfumegileen eta bezeroen artean. Harremana berreskuratu nahi nuen jendearekin. Horrez gain, sormena garatu nahi nuen, askotariko esparruetan. Adibidez, lekuetarako usain onak egiten.
Baduzu haur denborako usainik gaur egun ere inspirazio iturri gisa baliatzen duzunik?
Bistan da. Adibidez, marearen usaina. Euskal Herrian anitz dugu. Hego haizearen usaina ere bai, eta mendiaren usaina. Badut beste usain oso zehatz bat, galernaren usaina. Hori da nire erreferentzia eta inspirazioetako usaina. Nire oroitzapenekin eraikitzen dut inspirazioen bilduma.
Ideia bat nola bilakatzen duzu usain?
Musikaren parekoa da. Ideia bat duzularik, aipamenak jiten zaizkizu, aipamenekin oroitzapenak heldu zaizkizu, eta oroitzapen horiek usainak dituzte.
Bazenuke hori azaltzeko adibiderik?
Donibane Lohizuneko Deuza te dendan lan egin nuen. Jabeak herriaren historiari buruzko te bilduma bat egin nahi zuen. Lehen sorkuntzaren gaia Maria Teresa Austriakoa Espainiako infantari buruz zen, Donibane Lohizunen ezkondu baitzen Louis XIV.arekin. Horri buruzko te zapore bat sortu behar nuen. Nola egin nuen inspiratzeko? Pertsona horren irudipenen bila joan nintzen, jakiteko nola eta zer kolore janzten zituen, haren jantziek zer testura zituzten, garai hartan zer janari jaten zen...
Zein izan da gehien markatu zaituen esperientzia?
Georges Perec idazlearen La disparition eleberriaz inspiratu nintzenekoa. Obra horretan, idazleak bere buruari muga batzuk ezarri zizkion idazteko orduan: hasteko, e letra ez erabiltzea, eta hori ezinago zaila da. Bigarrena zen liburuaren gaia e hizkiaren absentziaren ingurukoa izanen zela. Obra hori gogoan egon zait beti. Saiatu naiz ber gauza egiten, mugak jartzen neure buruari sorkuntza prozesuan. Ezarri nituen mugekin, gauza eder bat egin nahi nuen: e letra ez zuten osagaiekin ez lan egitea, eta anitz dira. Eta horrez gain, erabaki nuen usain ona sortu behar nuela sekula erabili gabeak nituen edo maite ez nituen osagaiekin.
Lortu zenuen?
Bai. Biziki interesgarria izan zen. Ariketa oso desberdina da gauza eder bat sortzea muga hain handiekin.
LOTSABAKO
Lantzeko osagai zailena?
Lehen aldiz usaintzen duzuna, eta deusekin lotzen ez duzuna.Gehien hunkitzen zaituen usaina?
Donibane Lohizuneko marearen usaina.Urtaro bat? Udaberria.