Gaur egungo ikus-entzuleak telebista ulertzeko daukan moduan, leku gutxi daukate halako elkarrizketek. Plato batean, elkarrizketatzailea eta elkarrizketatua, parez pare, aulki banatan eserita. Ia ordubete dute aurretik, gonbidatuaren bizimoduan, ideologian, ibilbidean eta anekdotetan sakontzeko. Asko jota, tartean behin, jorratzen ari diren gaia ilustratzeko irudiren bat jarriko dute hondoan edo pantailaren ertz bateko lehiatilatxo batean.
Ez dira asko izaten halako elkarrizketak. Ez da erraza izango, imajinatzen dut, arreta eta interesa mantentzea, elkarrizketatuari zukua ateratzea eta ordubete goxoa lortzea. Posible da, hala ere. Neure begiz ikusi dut berriki, Hamaika Telebistan. Saio berria da, Hurbilean deritzona. Naroa Iturrik aurkezten du, eta astero gonbidatu bat izaten da platoan. Orain artean, Ramon Etxezarreta, Itziar Aizpurua, Miren Azkarate eta Fermin Muguruza izan dira.
Nik azkena ikusi dut, Fermin Muguruzarena. Eta gozatu egin dut. Aspaldian zertan ari den esango nuke hitz bitan, baina ia ordubetea eskertu egin dut. Esaten nizuen atzo ere, leku bat ezagutzeko era ona iruditzen zaidala bizilagun bati galdetzea. Eta, oraingoan, ohartu naiz gure herriko musikagintzaren hainbat korronte ezagutzeko nekez aurki litekeela Fermin Muguruza baino hoberik. Haren hitzetan entzun dut zer izan ziren Kortatu, Negu Gorriak, bakarkako hainbat proiektu, 80ko eta 90eko hamarkadetako borroka eta abar. Nola bizi izan zuen berak, nola eragin zion, mundua nola ulertzen duen, nola aldatuko lukeen eta zertan dabilen gaur egun. Gertutasuna dario elkarrizketari. Goxotasuna, lasaitasuna, egiazkotasuna eta umore ukitu bat. Gainbegiratu gizatiarra inondik inora. Elkarrizketa ez dator ezer frogatzera, baina ez du ezer ezkutatzeko asmorik. Naturala da.
Beste batzuk ez bezala, noski. Demagun, astelehen gauean, La Sextako El intermedio saioari so zaudela. Usun Yoon kazetaria Fernando Arrabal idazle eta zinema zuzendaria elkarrizketatzera omen doa. Ordea, azken urte eta erdian berritu ez duten broma egiten dio. Luzaz isilik geratzea. Badoaz minutuak, betiere, algara artifizialekin lagunduta. Isiltasunari isiltasunak darraio, eta Arrabal zur eta lur. Eta, azkenerako, lastima ematen diola esango dio. Hain zuzen, hainbeste txorakeria egitera behartzen duen nagusi bat izateagatik. Horra arrazoia.
Komunikazioa. Ekografiak
Elkarrizketak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu