ATZEKOZ AURRERA. Marc Almodovar. Kazetaria eta dokumental egilea

«Elkartasun taldeetan harresi handi bat dago arrazaren aferarekin»

Kazetaritza lanak ondorio batera eraman du Almodovar: «Poliziek praxi okerragoak izaten dituzte parean dituztenak arrazializatuak direnean». Erakundeei erantzukizunak eskatu beharraz ohartarazi du.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Iker Tubia.
2022ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Elhadji NDiaye izena ez da George Floydena bezain ezaguna. Biak indarrez etzanarazi zituzten lurrean, biak hil ziren polizien eskuetan, eta biak ziren beltzak. Iruñean NDiaye; AEBetan Floyd. Atxiloketetan, polizia etxeetan eta CIEetan hildako pertsona arrazializatuez mintzo da Ricard Gonzalezen eta Marc Almodovarren Els nostres George Floyd dokumentala. Atzo Donostian izan zen Almodovar (Bartzelona, 1984),lana aurkezten. Gaur, Gasteizko Arana gizarte etxean ikusgai izanen da, 19:30ean, eta bihar, Iruñeko Katakraken, 19:00etan.

Nola hasi zen proiektu hau?

AEBetan George Floyd hil zenean, manifestazioak egin zituzten [Espainiako] estatu osoan. Arrazakeriaren kontrako elkarteek eta migranteek hipokrisia salatu zuten, hori hemen gertatzean ez zelako erantzun bera ematen. Salaketa hori hartu genuen kazetari gisa.

Esan behar da Floydi pasatutakoa ez dela soilik AEBetan gertatzen?

Noski; antzeko kasuak azalduz eztabaida ireki nahi genuen, aztertzeko ea arrazakeria sistemiko eta instituzional bat dagoen. Estatuaren ardurapean hildakoen kasuak kontatu ditugu; egoerak ezberdinak dira, baina bakoitzak bide ematen digu arrazakeria instituzional horren alorrak aztertzeko.

NDiayeren kasua AEBetakoaren oso antzekoa da, baina erantzuna bestelakoa izan zen. Zergatik?

Dokumentala istorio horrekin hasten da, hori baita antz handiena duena. Istorio hauek ez zuten hedabideen arreta bereganatu; talde antirrazistek agertu zuten elkartasuna, eta ez zen debate bera sortu. Erantzuna ez dago alderatzerik zurien kontrako errepresio politikoaren kasuekin. Hori gertatzen da gizarte oso arrazista batean bizi garelako, eta elkartasun taldeetan oraindik ere harresi handi bat dagoelako arrazaren aferarekin.

Errazagoa da bestearen arrazakeria ikustea norberarena baino?

Bai, noski. Denek dugu AEBen hegoaldeko sailetan izandako esklabotzaren berri, baina zailagoa da kontatzea Espainiako Estatuan dagoen iragan esklabista. Bartzelona izugarri hazi zen diru esklabistaren bidez, eta horri buruz ez da hitz egiten; oso lan gutxi daude.

Zein da zurrumurruak hedatu zituzten komunikabideen rola?

Auzi guzietan kriminalizatu zuten biktima. Elhadjiren kasuan, istorioa asmatu zuten goitik behera, baina Yassirren eta Aramis Manukyanen kasuan haien polizia aurrekariak argitaratu zituzten, auziarekin loturarik ez izan arren. Hori gertatzen da kazetari askok agudo ematen dituztelako ontzat polizia iturriak. Uste dut hori lantzen ari dela, baina oraindik gehiegitan gertatzen da.

Halakoetan, ikerketak abiatzeko materiala badago, baina artxibatu dira. Zer gehiago behar da?

Gehien harritu gintuena hori da: zenbat arrasto eta susmo dauden, eta, hala ere, automatikoki artxibatzen dira. Ahssen Younousinen kasuan, epailearen azalpenak galdera gehiago sortzen ditu erantzunak baino. Kezkagarria da: praxi txarrak edo ezbeharrak gerta litezke, baina, epaileek ez badute inolako asmorik gertatutakoa argitzeko, argi dago horrelako ekintzak babestu nahi dituztela.

Justiziak ezberdin jokatzen du azalaren kolorearen arabera ?

Uste dut poliziek praxi txar gehiago izaten dituztela parean dituztenak arrazializatuak direnean. Arrazoi nagusia arrazakeria da, baina pertsona horien inguru sozialik ezak ere eragina du. Gizartearen babes handirik ez izateak bidea errazten die horrela jokatzeko. Altsasuko gazteekin gertatu bada, manifestazio erraldoi eta guzti, nola ez da gertatuko halako kasuetan?

CIEak eta adin txikikoen zentroak aipatu dituzue dokumentalean. Etorkinak ez dira berdinak jatorriaren arabera?

Aterpe sistema politizatuta dago. Espainiako Estatuak iaz 40.000 babes eskari inguru jaso zituen Venezuelatik, eta %98ri eman zien bizileku baimena. Yemenen izugarrizko krisi humanitarioa dute, eta handik jasotako 300 eskarietatik %70 baztertu zituzten. Orain Ukrainaren aferan 24 orduan konpontzen dira paperak.

Erakunde ofizialek ez dituzte zuen galderak erantzun nahi izan. Argigarria da hori?

Oso astunak izan ginen, baina denek esan ziguten ezetz: epaitegiek, polizia taldeek eta administrazioek. Argi dago ez daudela eroso gai honi buruz solasean, eta ez dute ikusten erantzuteko beharrik, gizarteak ez baitu behar bezala eskatzen.

Hildakoen senide eta lagunak bai, horiek elkarrizketatu dituzue.

Garrantzitsua zen pertsona horien inguruko jendearekin hitz egitea, haien bizipenetara gerturatzeko. Istorio guziek bere istorioa dute atzean. Adibidez, Khadija emakume indartsua zen; hizkuntzaren muga izan arren, borrokan segitzen zuensemearekin justizia egin zedin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.