Errefuxiatuen gaia Oñatiko (Gipuzkoa) jaietan lantzeko ekintzak antolatu ditu, txosnetan, Hotz Oñati errefuxiatuen aldeko taldeak, Zaporeak taldearen laguntzarekin. Ekintzen artean, hitzaldi bat izango da. Jon Sobak (Oñati, 1986) eta Maddi Txintxurretak (Oñati, 1993) parte hartuko dute;Greziako errefuxiatuen kanpamentuetan borondatezko lanetan jardun ziren biak, abuztuan.
Argazki erakusketa batekin hasiko dute jaietako ekintza, gaur,17:00etan. Kanpamentuetako eguneroko egoerak azalaraziko dituzte: kanpamentuetako bizimodua, txalupetatik lehorreratzeko uneak... Grezian duten errealitatea argazki bidez erakutsi nahi dute.
Salmenta guneak ere jarriko dituzte, bai Hotz Oñatik, bai Zaporeak-ek. Kamisetak, pinak, aloe vera poteak eta abar egongo dira salgai. Han lortutako dirua kanpamentuetako errefuxiatuei laguntzeko erabiliko dute.
Talde bakoitzak bere helburuak dauzka. Batetik, Hotz Oñati materiala biltzen ari da, gero kanpamentuetara bidaltzeko. Bestetik, Zaporeak-ek janaria prestatzen du Kios uhartean (Grezia), hango kanpamentuetan zabaltzeko. Zerbitzu horiek ordaintzeko erabiliko dituzte irabaziak.
19:00etan, bideo emanaldia egingo dute. Hor, Siriako egoera azalduko dute lehenengo, eta, ondoren, bi oñatiarren esperientzia. «Egoerari buruz zerbait badakigu guztiok, baina egoera benetan ez dugu ezagutzen», nabarmendu dute biek.
Azken ekintza hitzaldia izango da. Itsas salbamenduan jardundako bi medikuk —Iñaki Agiriano eta Iker Escribano debagoiendarrak— eta Sobak eta Txintxurretak parte hartuko dute; azken horiek, hain zuzen, Zaporeak elkartearen izenean. Kanpamentuetako egunerokoa eta funtzionamendua azalduko dituzte. Batez ere, txalupak nola aurkitzen dituzten, nola laguntzen dieten lurrera iristen, eta harrera nola ematen dieten.
Kioseko esperientzia
Maddi Txintxurreta eta Jon Soba abuztuan egon ziren borondatezko lanetan Kios uhartean, hiru astez. Zaporeak elkartea lagundu zuten sukalde lanetan. «Goizean goiz hasten ginen lanean. Gosaldu, elikagaiak garbitu eta moztu, eta, noski, kozinatu».
13:00etarako prest izan behar zuten dena. «Furgoneta batek batzen zuen prestatutako janaria, eta uharteko kanpamentuetan banatzeaz arduratzen zen. Banaketa hasi orduko, elikagaiek bertan egon behar zuten. Eguzkipean egiten ziren jana batzeko ilarak. Ezin genituen egoera horretan eduki; bero itzela egiten zuen».
Arratsaldean bukatzen zen Zaporeak taldearen lana, sukaldea garbitu eta gero. Hala ere, borondatezko lanerako «hainbat aukera» zeuzkaten uhartean. «Haur errefuxiatuei igeri egiten irakasten genien, edo haiekin jolasten ginen».
Denetariko jarrera ikusi dute uharteko biztanleen artean. Laguntzeko prest zeudenak, eta ardurarik gabe jarduten zirenak. «Arratsaldeko borondatezko lanak herritarrek antolatutakoak ziren, adibidez», argitu du Txintxurretak.
«Norbere jarreran aldaketa bat igartzen da kanpamentuak ikusi ostean», esan du Sobak. Errefuxiatuen izena, esperientzia eta egoera ezagututakoan, humanizatutakoan, beste ikuspegi bat hartzen dela nabarmendu dute biek. «Orain, ahal dugunetan, ahal dugun beste egiten gabiltza laguntzeko», gehitu du Sobak.
Sanmigelak Oñatin
Elkartasuna ere presente herriko jaietan
'Ongi etorri, errefuxiatuak' egitasmoa antolatu dute jaietan. Errefuxiatuen kanpamentuetara bidaliko dituzte ekinaldiaren irabaziak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu