Elkartasunak ez du etenik

Irrien Lagunak Klubak elkartasun taldea sortuko du. Euskaratik eta euskaraz, izaera bereziko gai sozialak landuko dituzte hamasei erakunderekin elkarlanean.

Gipuzkoako Aldundian aurkeztu zuten Irrien Lagunak Klubaren egitasmo berria. JON URBE/ ARGAZKI PRESS.
Adrian Garcia.
2011ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Elkartasuna sustatzeko urrats bat harago joan da oraingoan Irrien Lagunak Kluba, etaelkartasun taldea aurkeztu zuen atzo. Egun ahaztu samar egon daitezkeen hainbat baliotan sakontzeko helburua beteko du Irrien Lagunak Elkartasun Taldeak (ILET). Maitasuna, elkartasuna, eskuzabaltasuna, laguntasuna adiskidetasuna eta maila bereko giza balioak sustatzen jarriko du indarra Irrien Lagunak Klubaren egitasmo berriak.

Elkartasun taldea helburu jakin batzuk betetzeko helburuarekin sortu dute. Batetik, herritar guztiei izaera bereziko gai sozialak aurkeztu nahi dizkiete. Esaterako, gaixotasun berezi batzuen errealitatea islatu, internazionalismoa bultzatu eta homosexualitatearen berri emango dute. Gai horien eta beste batzuen inguruan ume, gaztetxo zein pertsona guztiak sentsibilizatu nahi dituzte ILETeko kideek.

Bestetik, errealitate horiek lantzen dituzten elkarteen lanaren bozgorailu eta leiho izan nahi dute. Horretarako, elkarlanerako guneak eskainiko dizkiete talde horiei, gai horien inguruan gizartearen atxikimendu emozionala lortzeko xedez. Oraingoz ILET osatzen duten elkarteak ondorengoak dira: Aspanogi, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioa, Ademgi, Beroa, Euskal Gorrak, Agipase, Ume Alaia-Gipuzkoa, Gehitu, Mendilur elkartea, Gizakien Lurra, Gure Señeak, Yal-lah (Sahara), Etiopia-Utopia, Kale dor Kayiko, Honek eta Banaiz, bagara.

Irrien Lagunak Klubaren baliabide guztiak eskainiko zaizkie talde horiei, euren lanaren berri gizarte osoak eduki dezan. www.irrienlagunak.com webgunean jarriko dute egitasmoari atxiki zaizkion talde guztien eta euren lanaren inguruko informazioa. Elkarte horiek osatzen dituzten gizabanakoen historia pertsonalek ere lekua izango dute Irrien Lagunak Klubaren webgunean.

Pirritx, Porrotx eta Marimototsen arrakasta eta ospea erabiliko dute talde horiek osatzen dituzten balioak zabaltzeko tresna gisa.

Irrien Lagunak Klubaren Irria hilabetekarian ere emango dute talde horien lanaren berri. Gaztetxoen interesa pizte aldera, elkarte bakoitzaren problematika ipuinen bidez azalduko dute, modu didaktiko eta atseginean.

Elkarteen bozgorailu izateaz gain, ILETek elkarlanerako gunea ere eskainiko du. Errealitate askotarikoak lantzen dituzten taldeek antolatutako ekitaldietan ILETek giza baliabideak zein teknikoak eskainiko ditu, ekitaldi beraren erakargarritasuna eta oihartzun mediatikoa handiagoa izan dadin.

Eragile sozialek ILET osatzen duten boluntario sarea baliatu ahal izango dute euren ekitaldietarako. Modu horretan, antzezle, malabarista, musikari eta kirolariek, bakoitzaren aukeren arabera, prestasuna azalduko dute eragile sozialek eskatzen duten ekitaldietan edo ekimen jakinetan parte hartzeko.

Irrien Lagunak Klubaren izaera hezitzailea indartuko du ekimen berri horrek. Euskal Herriko haurrentzako eta haien familientzako komunikazio eta harreman esparrua sortzeko egitasmo gisa jaio zen Irrien Lagunak Kluba. Haurren erreferentzia nagusiak euskarazkoak eta giza balioetan oinarritutakoak izatea da egitasmoaren helburu nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.