Hegan edo nonbait geldirik ikusiz gero, eltxo gehienek antzekoak eman dezakete. Azkeneko urteetan, ordea, eltxo arruntaz gain, Euskal Herrian ezaguna egin da eltxo tigrea ere (Aedes albopictus). 2014an atzeman zituzten lehenengoak, Irunen (Gipuzkoa), eta geroztik beste hainbat lekutan daudela ikusi dute.
Berez, eltxo tigrea Asia hego-ekialdeko espeziea da, baina gizakien joan-etorriek eta salgaien garraioak munduko ia leku guztietara zabaldu dute, poloetara salbu. 2019an argitaratutako ikerketa baten arabera, 1979an sartu zen lehen aldiz Europan, Albaniatik: Lac hiriko pneumatiko biltegi batean aurkitu zituzten, eta Txinatik iritsi zirela uste dute. 1990eko hamarkadan Italian sartu ziren, ez Txinatik, Atlantatik baizik (AEB), orduan ere pneumatikoetan, erabilitako pneumatikoen itsas garraioaren bidez. AEBetara 1985ean iritsi ziren, Japoniatik eramandako pneumatikoetan.
Eltxo tigrea espezie inbaditzailea da. Dengea eta chikungunya kutsatu ditzake. Berez Afrikako birusak dira, baina Europan izan dira chikunguya agerraldiak. Denge eta zika kasuak izateko arriskua ere badago.
Erakundeek, Eusko Jaurlaritzak esaterako, zaintza programa bat dute, herri eta hirietan eltxo tigreak atzeman ahal izateko.
Eltxo tigrea, Txinatik Europara pneumatikoetan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu