Elurra, mugarri eta zubi

Itzaltzutik Larrainerako errepidean, aduana desagertua da aspaldi, baina muga bat bada oraindik: elurra. Urtero bost hilabetez egoten da itxita errepidea neguan.

Inigo Astiz
2010eko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Garai batean aduana bat zegoen Abodiko gainaren inguruan, Nafarroa eta Zuberoaren arteko mugan. Hura zen Itzaltzu (Nafarroa) eta Larraine (Zuberoa) batzen zituen errepidea eteten zuena. Europako Batasunak hala erabakitzean, baina, desagertu egin zen marka hori, eta eskiak eta eskiatzaileak daude egun lehen poliziak zeuden lekuan. Abodiko eski zentroaren harrera gunea da egun lehen aduana zen eraikina. Horrek ez du esan nahi, ordea, errepidea ezerk eteten ez duenik. Mugarri zaharra lausotuz joan arren, indarrean jarraitzen dute naturaren mugarri are zaharragoek: negua eta elurra dira egun bidea eteten dutenak. Bost hilabetez itxi egiten da urtero errepidea, eta hala gertatu da aurten ere. Autoentzat ixten duten gutxietariko bat da NA-2011 errepidea.

Urtero abisu bera idazten du Nafarroako Gobernuak bide horri buruz: «Itxita dago, azaroaren 1etik maiatzaren 1a arte». Beti izan da hala, inguruko herritarrek diotenez, eta ez dira kexu. Ez da eragozpen. «Ez digu askorik eragiten, egia esanda», dio Mikel Zokok, Otsagabiako turismo informatzaileak. «Neguan ez da errepidean mugimendu handirik izaten, eta, beraz, bidea itxita edukitzea ez da arazo. Gainera, errepidea itxita egoteak badu bere alde ona ere. Panoramika handia izaten da eskiatzeko pistetatik Ori mendiaren magaleraino; elurra zapaldu, eta eskiatzeko pista gisa erabiltzen da errepidea. Jendeak gozamen ederra hartzen du horri esker. Ongi dago, gainera, denbora batez errepidea bakean uztea».

Irekitzeko aukera ez dute planteatu ere egin, Zokok aitortu duenez. «Jendeak ez du eski estaziora heltzeko arazorik, eta honaino datorren jendeari inguru eder batez gozatzeko aukera ematen zaio hala. Eguraldi ona egiten duenean, ezin paraje ederragoa da Abodi inguruko hori, batere autorik gabe». Irekitzen saiatzea ere zaila litzatekeela dio Zokok, errepide malkartsu eta zaila delako.

Elurra, ordea, ez da mugarri hutsa, bada zubi ere, hala dio Zokok. «Azkenaldian hobera doa mendiaz bi aldeetako instituzioen arteko hartu-emana, eta nahiko emaitza onekin. Informazio bateratua ematen dugu alde batean eta bestean, eta baita elurrarekin lotutako eskaintza berezi bat ere: Ori mendiaren inguruan diren bost eski estaziorentzako balio duen bonu moduko bat hasi gara saltzen, mendiaren bi aldeetako eskirako guneen zubi lan modura». Nafarroako, Zuberoako eta Frantziako eski pistak hartzen ditu bere baitan bonuak. Errepidea moztu arren, paradoxikoki, elurra da, hortaz, guneok batzen dituena.

Guda gunean, bake itxuran

Baina Abodi ingurua ez da beti elkarlanerako gune izan. XVIII. mendean zinez gatazkatsua izan zen, eta gune estrategikoa Espainiaren eta Frantziaren arteko gerran. Garrantzitsua zen mendiaren alde batetik besterako pasabidea kontrolatzea, eta borrokaldiak ez ziren txikiak izan. Inguruko hainbat herri desegin zituzten.

Joan ziren garai haiek, eta, egun, eski estaziorako bidea zabalik izatea da estrategikoa: turistak haraino heltzea. Ez hainbeste Larrainerako bidea irekita edukitzea, eta, hala, gora egin ahala, gero eta zuriago dago bidea; kexurik gabe eta autorik gabe. Bake itxuran datentsio eta guda gune izandakoa. Elur gainean elurra pilatuz doa errepidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.